Ordorika eta Arzuaga: ESKERRIK ASKO!

Aspalditik, oso aspalditik genuen eguna jarria kontzertu honetarako, Azukre koxkorrak zeintzuk ziren ere nahiko isilean zegoenean oraindik. Ordorikarekin adostu genuen eguna Gasteizen, Unibertsitateko pabilioian hartutako kafe luze baten ostean. Atzo zen aukeratutako eguna, domeka arratsalde bat Espaloian.

Igor Arzuagak zabaldu zuen gaua. Kontzertu amaieran konturatu nintzenez jende dezenterendako zen ezezaguna. Urrun geratu dira nonbait Exkixurekin edo Mikel Urdangarinen aritzen zirenekoak. Guri ordea bakarkako lana interesatu. Indartsu ikusi nuen Arzuaga. Lehenengo lehenengo momentutik bere lekuan, taulara musika eginez sartuz eta txalo zaparrada artean joan arte jendearen arreta piztuz. Intimista betiko moduan, jarreraduna taula gainean eta entzulea harritzeko kapazitateduna baita begiradarekin ere. Istorioak esaten dituen poeta dela esango nuke. Pianoaren laguntzarekin daki hunkitzen, zer pentsatua ematen du, atzokoan ironia ere presente eta umore puntuak ere bai. Sentitzeko musika eta hitzak. Bikaina eskaini zigun “ez naiz enrollatzen neska askorekin…” Plazer bat, Igor.

Ruper Ordorikaz eta mugalariez zer esan esan barik dagoena… Kontzetua borobila izan zen eta jendeak txalo etenbakoekin eskertu zuen taldearen lana. Argi eleganteak betiko letxe, soinu ona… Twitterren jardun zuten entzule batzuek emanaldia goraipatzen: zorionak ematen @joxearanzabal; etxean zegoela igartzen zitzaiola esaka @mikelirizartopa eta kontzertuaren onerako izan zela, bikaina; @mertxemugika-rentzat Gozamena da Elgetako @espaloia n @ruperordorika eta Mugalariak entzutea! Kontzertu bikaina; Ruper Ordorika Elgetan, apoteosikoa, sekula baino rockeroagoa zela zioen @jlazkarate -k; @arrabita pozik “Herdoilarena” jo eta berrinterpretatu zuelako, pozik “Herdoilarena”rekin “… arrabita baldarren nostalgia”… zioen; Mendaroko @mirenvives -ek Bikaina @espaloia -n dastatutako #AzukreKoxkorrak #RuperOrdorika. Mila esker!; @enekoAL -entzat @ruperodorika Elgetako Espaloian, putamadreko kontzertua. Hori banda hori! Eta aretoa go-goraino. Buah!!; Badakizue, orain iritziak bertan zein sarean jasotzen dira-eta…

Beste bi aldiz atera zen kantura eta eskertzen ondoren orain arte banda honek eman barik zuen kantu bati ekin zion Ruperrek. Asko geratu zaizkio azken diskotik kanpo eta hau bat, seguruen. Lehenengo aldiz eman zuen eta ni harrituta lehenengo, eta emozionatuta gero. Galdera egin zuen: “Uste duzue nahikoa denbora pasatu dela kanta hau emateko? Zama haundixa daukat…” 1972ko disko batean dago grabatua kantua, “askatasunerako pausoak tinkatzen ari” diskoan. Nik uste nuen lehenengo diskoa zela, baina bazuen bat Michel Irigaray moduan sinatua eta Baionan editatua. Hasi zen Ordorika Imanol Larzabal handiaren kantu zahar bat jotzen.

Niretzako kontzertuko ginda izan zen. Asko gustatu izan zait beti Imanol. Ez nituen bizi izan hasierako denbora haiek, jaiotzeka nintzen. Hala ere, oso gogoan dut ni gazte-gazte eta Imanolek Txema Garces baxuan lagun zuela egin zuen kontzertua gure herriko etxean. Ez foko, ez eszenatoki, ez… Dozena bat lagun ginen entzuten, batzuek erabaki baitzuten ez zela joateko kontzertu horietako bat. Nik ordurako aluzinatzen nuen “ni poeta kaxkar bat naiz” moduko kantuekin. Hura guztia berriz hasi zitzaidan bueltaka atzo, sasoi eder haiek gaurkotu… Patilladun Olentzerok egindako oparia- Hemen zati bat:

Lehengo batean, kalearen erdian, Benta-Handi erdian, Xabier anaia, hil zuten. Eta nolaz gu, gu, eguneroko patxara merkean oso lasai bizi geran… Zelako indarra duen kantuak 2013an ere. Aretoko jende askok lagundu zuen kantatzen eta amaieran txalotu. Uste dut Azukre Koxkorrekin gazte jendea gerturatu dela Ruperren musika entzutera. Seguru 1968 urrun geratuko zaiela askori, baina balio hori ere badu kantuak berrinterpretatzeak. Bejondeigula.

400 lagunetik gora izan ziren atzo Espaloian: Elgetakoak gehienak, baina baita Elorrio, Eibar, Arrasate, Bergara eta dezente kilometro gehiago egindakoak ere. Aurkezpenean esan nuen broma-haizean Espaloia sortu genuela Ruper Ordorikak gure herrian jo zezan. Ez du egiatik falta eta lortu dugu bide batez 10 urtean kultura goxo gozatzeko leku bat gehiago. Eskerrik asko irauten laguntzearren, horrelako emanaldiek ematen digute-eta gasolina beste pixka batean jarraitzeko. Bikain, Ordorika.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude