Denok dakigu eta bereziki gertukook oso gai katramilatsua dela. Oso katramilatsua. Debagoieneko hainbat familien lapikoa dago jokoan eta honek eskatzen du tentuz ibiltzea. Informazioak hasi dira ateratzen nahiz eta isilik egoteko gonbitak egin dituzten… eta Noticias taldeak berri bat, Garak beste bat, ETB-k konexioa zuzenean pabilioiak atzean dituela… Guk hau atera dugu Goienan: Fagor Etxetresnak ez dira SA bilakatuko eta Garagartza ez da desmantelatuko Beste hedabide talde batzuk bestelakoak ateratzen dabiltza, baina guk jakin izan dugunaren arabera horraino konta genezake. Erredakziora zer ez da heltzen! denetik! eta batzuk badute egia izateko traza, baina beste batzuk gezur borobilak dira…
Interesatzen zaigu ondo informatzea eta kasu honetan azkartasunari baino fidagarritasunari eman gura diogu garrantzia. Lehenengo informatzeak baino garrantzi handiagoa du ondo informatzeak (erraza izango ez den arren). Ia lortzen dugun ze Fagor bertatik ahalegin handiagoa dago ez esateko esateko baino. Ulertzen dut jokoan dutena asko dela. Fagorretik, lehenengo bazkideei eta gero gertuko komunikabideoi ondo informatzea gako bat izan daitekeela dirudi Fagor kokatuta dagoen komunitatea ez dadin haserretu. Komunikazioan gardena izatea modukorik ez dago eta kasu honetan ere horixe demostratuko dela uste dut.