Bariku iluntze hotza. Jende bat etxean geratu
izana erraz ulertzekoa. Hala ere, lagun dezente Elgetako Kafe Antzokian. Elgetarrak
eta gazteak asko, gehienak. Bergaratik, Antzuolatik, Arrasatetik… eta aipatuak izan ziren
eibartarrak ere bai 🙂 Aurrean,
kartel ezaguna osatzen duten hiru lagun: Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore
Aranburu. Ederra hirukotea!
Ez naiz bereziki monologo zalea. Izango da telebistako
Club de la Comediarekin ez dudalako gozatzen, ez ditudalako ikusten esaten
dituztenak, ez dudalako umore gertukotzat… ez dakit zein den arrazoia zehatz,
baina, esaterako, nahiago dut talde eskas baten musika entzun ontzat jotako
monologari horiek ikusi baino.
Ezberdina izan da hirukote honekin. Ni ez
nengoen umorez bor-bor eta saioa etxean izanda ez dut izaten askotan aukerarik
aulki batean jarri eta oso-osorik ikusteko ere. Betekadarik ez, eta aulkiren
bat ere bazen libre eta aukera ederra ia monologoek euskaraz zer ematen duten
jakiteko. “Euskaraz monologoak zer?” galdera erantzuteko jarri nintzen
gozatzeko baino gehiago eta emaitza bikaina izan da ze gozatu nuen, asko gozatu
eta galdera ahazterainokoa izan zen ordubetea. Algaraka egon nintzen. Oso merke,
12 euroan ordubete pasatxo algaraka.
Euskaraz nola ez dira ba monologoak egin ahal
izango! Hizkuntzak kulpa izango balu moduan! Edozeini gomendatzeko gaua izan
zen. Egoitz Lasak apurtu zuen izotza (barkatu erdarakada baina gauaren
lizentziaz egin dut). Aitzakia da Boda batetik datozela eta hango demasiak egin
osteko haria erabiltzen dute hiru lagunen txandak osatzeko. Minutu bakarra
behar izan zuen Lasak irribarrea ateratzeko Elgetan. Eta beste pare bat
minututan bakarrizketa eten eta txaloak ere atera zituen. Txalo horiek eskertu eta
jarraitzeak ekarri zuen irribarrea, algarak eta txaloak tartekatzea. Lasa oso
sinesgarri eta “tenplau” banketa bakarraren laguntzaz. Eskarmentua balio.
Lasa eta Pagadi ikusi ditugu gehiagotan ere
elkarrekin. Ondo moldatzen dira taula gainean eta baita azpian ere.
Gidoigintzan ondo eta idatzitakoa defendatzen berdin. Pagadik baditu, taulara
atera orduko aldeko puntuak irabazita. Atzoko ikus-entzule batzuk komentatu
zidaten txikia gustatu zitzaiela, handi ikusi zutela berriz ere (eta “berriz
ere”k argitzen digu badituela zaleak). Kapaza da hitz joku ebidenteekin barrea
ateratzeko edo “erresistentziaren balioeza” aipatzen ausartu eta barreak
lortzeko. Asko esaten du bere alde.
Eta Aranburu? Urteberi
on, amona ikusitakook gogoratuko zarete han erabili zuen erregistroaz. Txukun orduan, ba
“Bodologuak” monologoetan asko gozatu dut bere eszenaratzearekin. Eguberri
off bat nuen gogoan, atera eta barre hori.. barre minutuetan sartzeko
erraztaile zena eta izan dena Espaloian. Aupa Etxebeste, Eutsi… irudi horiek
etorri zitzaizkidan burura, baina monologoak amaitu ostean ze tarte horretan
harrapatuta izan ninduen, lelotuta eta barrez. Aretoak husten zeudela galdetu
ziotenean erantzun hau bota zuen “Ez gara preokupatu behar, okupatu baizik.”
Onartu dagidan ordutik hasi zela ni lelotzen.
Baiña zergatik harrapatu naute hiru hauek? Ba
gertuko sentitzen ditudalako, gertuko sentiarazten dutelako ikus-entzulea,
monologoak oso bisibleak direlako eta esaten dutena ikusi egiten dugulako,
edonork bizi dituen gertaera eta erretratuak deskribatzen asmatzen dutelako,
bizi jarduten dutelako baina antxitxika egin barik, gidoian asmatu dutelako,
gorputz eta arima defendatzen dutelako sinisten dutena eta hori trasmititu
egiten dutelako…
Espero ez nuen gaua: ederra! Ibilbide luzea
duen emanaldia. Programatzaileek ez lukete dudarik izan behar beraien
antzeztokietara eramateko, ezta euskaraz bizi ez diren programatzaile horiek
ere. Merezi dute antzeztokietara joaten diren ikus-entzuleek horrelako emanaldi
batekin gozatzea. Nire ustez, taberna-girorako ere izango den arren,
antzeztokian irabazi egiten baitu hirukotearen monologo sortak.
Eskerrik asko gurera etortzeagatik eta eutsi horri!
Bergaratik igotakook behintzat irribarre zabal batekin bukatu genuen gaua, nahiz eta baten bat biharamunean 7etako sartu lanera.
Arrakastaren parterik handiena izan zen denok ezagutzen genuela gure burua gutxienez kontatutako egoera batean, eta konturatzen ginen zelako barregarri (edo erridikulo) garen sarritan.
Eta Eibar oporretarako leku moduan gomendatu izanak ez dauka preziorik, horixe baino ez genuen behar eibartarrok.
Oso gustora, eskerrik asko Espaloia eta Bodologuak.