Ez da berria politikarako ordua dela esatea. Orain benetako ordua da, hala ere. Hauteskunde eztabaidetan mahai berean ikusiko ditugu Aralar, Bildu, EAJ, EB, Hamaika bat, PP eta PSOE. Goienan gaur bertan emango dugu den-denekin ordu eta erdiko eztabaida saio bat. Ze ondo. Politika, POLITIKA.
Atzo Twitterren jarraitu nuen bai-ezetza. Polita izan zen eta Twitterren balioa jakinekoa bazen ere atzokoa demasa izan zen. Garrantzia du jendea kalean egoteak, dudarik ez, baina baita sarean bizi-bizi jarduteak ere.
Joxe lagunari irakurri diot “Aspaldiko partez, inork ez du beharko bizkartzainik eta inor ez da baztertua izango bere iritzietatik.” Ia horrela den. Uste dut pauso bat dela atzokoa, baina beste pauso bat (garrantzitsua) baino ez. Oraindik baieztapen hori…
Atzokoa seinale ona izan zen, zalantza barik. Epaileek eman dute baietza, baina orain kontuan izan behar berriz ere poliziak jarraituko duela Bildu gertu-gertutik. Poliziaren txostenetatik abiatu zen ilegalizazio zentzubako hau eta orain berriz ere poliziaren eskuetan dago… Eta poliziari Gobernuak kasurik egiten dioen edo ez ikusi behar. Maiatzaren 12ra arte egin lezake ilegalizazio eskaera Gobernuak. PP-k eskatu du bide hori erabiltzeko.
Amaitzeko, ia alderdi guzti-guztiek egin dezaketen politika inork
errespeturik galdu barik, ilegalizazioaren beldur izan barik, ezelako
mehatxu barik… Bakoitzak defendatu dezala berea eta zintzo lehiatu.
Erabaki? erabakiko dugu herritarrok, hori da dagokiguna.
Amen.