Bertsozale Elkartea: kanpotik zer esango duten zain egon barik

Sortzaileak dira ezeren aurretik. Hitzaren artisauek  osatzen dute gremioa. Miresgarria askotan, eredua bestelako hainbat triburendako. Kooperatibismotik aztertu beharreko talde bat moduan ere ikusten dut, autoeratutako taldea, dinamikoa, eztabaida sakonetatik abiatu eta norbere burua antolatzen dakiena kanpotik zerek eragingo zain gelditu barik.Kultura proiektu sendo bat da gaur, hizkuntzari oso lotua, transmisioari, identitateari, lurraldetasunari… Proiektu pentsatua eta adostua.

Idazleek, kantariek… gura lukete
Gura lukete idazle euskaldunek horrelako elkarte sendo, egituratu eta eraginkor bat; gura lukete zinegileek beraien gora beherak babestu eta landuko lukeen ofizio-elkarte bat; gura lukete euskal kantariek beraien eskubideak babestu eta kantarien beharrak asetzen lagunduko lukeen talde autoeratua.

Egunero profesional
Bertsolariek badute, eta badira. Horregatik lortzen dute frontoiak betetzea (azkena Zarauzkoa) eta lortuko dute milaka eta milaka lagunek BEC betetzea.Lortzen dute ehunka saio egitea plazarik plaza, elizpetan, auzoetan, jatetxetan, antzokietan, balkoitik balkoira…. Urte guztikoa da jarduna, jardun profesionala.
Bertsolari finala da gaur gaurkoz euskaldun gehien batzen dituen ekitaldia eta horregatik ere bada mirestekoa, hala ere, egunerokoan da eredu bertsozale elkartea.

Giro ona:
> Elkar babestu ere egiten dute bertsolariek. Gutxi entzungo dituzu publikoki bata besteagatik gaizki esaka. Egoten dira motiboak, zelan ez, eta pribatuan entzun ere entzun ditugu demasak, baina indibidualismoen gainetik talde sendo bat da bertsozaleena. Orokorrean, gainera, lagun-giro handia dagoela ere esango nuke.

Kolektiboa:
> Bertsolari, gai-jartzaile, epaimahaiko, bertsozale… Komunitatean jokatzetik datorkie indarra. Patxikontrekin ez legoke bertsolaria oholtzako mikro irekian. Zorionez ez dira gehienak bere zilborra baino begiratzen ez dutenak. Indibidualismoak ez du lekurik bertsozaleen sisteman. Ez, behintzat, arrakasta kolektiboa bada helburu.

***Goienkariarako idatzitako testua.

2 comments on “Bertsozale Elkartea: kanpotik zer esango duten zain egon barik

  1. unai(e)k dio:

    iep!

    Bat nator, Iban, artikuluan diozun gehienarekin. Bazkide naizen neurrian ez naiz ni sartuko bestelako elkarteek egin beharko eta egiten duten edo ez dutenean. Jardun bakoitzak eta, beraz, jardule bakoitzak bere bereizgarriak ditu eta eredu batek ez du denentzat balio.

    Edozelan ere, lehengo batean Gotzon Barandiaranek ere idatzi zuen horretaz Berrian, orain zuk eta komentario bat edo beste ere entzun dut bestelako zokoetan. Aldi berean, nik kooperazio edo korespontsabilitate ardura moduan ikusten dudana, beste batzuk korporatibismo moduan ikusten dute. Zenbat eztabaida!

    Bertsogintzan indibidualismora kolekurik ez dagoela diozunean ez nator bat. Jakina badagoena eta eskerrak hala den. Jardun indibiduala izateak bere baitan baitu indibidualismoa, ezinbestean. Besterik da helburu kolektiboak argi samar izatea gehiengo zabal batek, zorionez.

    ondo izan.

  2. arantzabal Iban arantzabal(e)k dio:

    Bat nator zurekin, Unai. Indibidualismoak badu lekurik bertsogintzan, baina bide horretatik nekez kantatuko litzateke 12.000 euskaldunen aurrean. Arrakasta, horri (ere) deitzen diot eta baita plaza pilo bat bertsorako irabazteari, mikroak hainbeste lekutan irekita eta modu duinean izateari. Hori da, hain zuzen, Goienkariarako artikuluan diodana: “Indibidualismoak ez du lekurik bertsozaleen sisteman. Ez, behintzat, arrakasta kolektiboa bada helburu”. Hau da, hobeto horrelako jendea eramaten jakin (barkatu erderakada), baina kolektiboaren indarrari eutsiz.

    Bertso-sistema, gaur gaurkoz, Bertsozale Elkartearen existentzia barik ezingo litzateke ulertu. Zorionez, sistema, elkartearen lanak eta bertsolari zein bertsozale askok kolektiboari eskainitakoak aberastu du. Hori da eredu gaur, horiek dira eredu.

    Indibiduoa bera, izar solte baino ez da (eta bai, bertsolari bakoitzak badu hortik eta aipagai litzateke beste adar batzuetatik…) eta niri gau izarratuak gustatu. Hamaika diziplinatan daude lider miresgarriak, baina kolektiboaren lanak erakartzen nau oraingoan ere. Indibidualismoak kolektibotasunari gaina ez hartzean dago gakoa, eta hori lortzeko laguntzen ez duten jarrerei balaztak jartzen egon daiteke lanetako bat, baita Bertsolari Elkartean ere.

    Eskerrik asko Gotzonen artikuluaren berri emateagatik eta baita erantzuna uzteagatik ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude