Wikipediak 25.000 artikulu


Euskarak Interneten leku garrantzitsua izan dezan ari gara lanean,
euskara garatu eta zabaltzeko beharrezkoa den ingurua baita sarea, eta
horren alde jarraituko dugu lanean
diote wikipediak 25.000 artikulu
ditueta-eta kaleratutako idatziak. Idatzi osoa barrenean jarriko dut.

25.000 artikulu borondatez egin izana zoriontzekoa da. Zenbakiak,
aldiz, nire postako 25.000 spam mezuak akordatu eragin dizkit.
Martxotik gaur arte jasotako KAKA da googleren zerbitzuak egoki
filtratzen didana. Eskerrak zerbitzua ona (eta doakoa) den. Kaketan
plof nengoke bestela.

SPAM25000

Gaur ez da penaz
egoteko eguna spamagatik. Gaur pozik egoteko eguna da. Zorionak euskal wikipedia egiten duten
guzti-guztiei, artikulu bakarra idatzi duten denei eta baita lan
gehiago hartzen dutenei ere. Ez doa spama doan abiadan, baina ez da makala euskaldunok egindako lana. Biba euskaldunak!

———-
Gipuzkoaeuskara.net webgunetik hartu dut idatzia, baina hainbat blogarik eman dute idatziaren berri. Horratx hemen ere:

Euskarazko Wikipediak, 25.000 artikulu

wikipedia.gif

Euskarazko Wikipediak, sarean den euskal entziklopedia aske handienak, 25.000 artikuluen muga gainditu du. Wikipedia entziklopedia eleanitza da, eduki askeduna eta dohainekoa, edonork eraiki eta ekarpenak egiteko aukera ematen duena.

Muga gainditu duen 25.000 artikulua Euskal Herriak Bere Eskola izan da. Aurrekoa, Finlandiako Maunu herriaren ingurukoa izan da, eta 25.001.a Sunset Boulevard filmaren ingurukoa.

Entziklopedia tradizionaletan ez bezala, Wikipediak bere
komunitatearen ahaleginean uzten du artikuluak sortzea, gainbegiratzea
edota zuzentzea. Komunitate horren partaideei «wikilari» edota
«lankide» deritze. Ez dago artikuluak berrikusten dituen lantalde
profesionalik, wikilarien eskuetan geratzen da dena. Ez dago agintzen
duen inor, erabakiak wikilari guztien arteko bozketa bidez ematen
baitira, ahal den adostasun handiena bilatuta betiere.

Proiektu asko sortu izan dira historian zehar Euskal Herrian
auzolanaren bidez. Ez dugu inolako dirurik edo ondasun materialik
jasotzen eginiko lanagatik. Hala ere, ikasten den guztia, gisa honetako
proiektu baten partaide izatea edota Argia Sarien bitartez izandako aitorpena, hori dena ordainezina da.

Gizartean Internetek leku gero eta garrantzitsuago duenez,
beharrezkoa da euskararentzat sarean proiektu sendo eta oinarrizkoak
izatea. Horien artean dago Wikipedia, gizateria osoaren jakintza doan
eta aske banatzeko sortu genuen proiektua. Horretan sinesten dugu:
internauta euskaldunek, dauden lekuan daudela, gizadiaren informazio
ahalik eta osatuena jasotzeko aukera izatea, beste hizkuntzetara jo
behar izan gabe.

Jakintza askean sinesten dugu, jakintza baita aske egiten gaituena, jakintza baita gizarteari emateko daukagun opari onena.

Euskarak Interneten leku garrantzitsua izan dezan ari gara lanean,
euskara garatu eta zabaltzeko beharrezkoa den ingurua baita sarea, eta
horren alde jarraituko dugu lanean. Euskara teknologia berrietan,
sarean, komunikazioaren munduan sustatzen duen baliabidea da Wikipedia;
denon artean, auzolanean, euskaldun guztiok euskaldun guztiontzako
sorturiko edukia biltzen duena.

Zuk ere egin dezakezu jakintza aske eta euskaldunaren alde, edonork
hartu baitezake parte proiektu honetan: ez da inolako gaitasun
berezirik behar, ekarpen guztiak ongietorriak bezain beharrezkoak dira.
Hurrengoan, agian zu, irakurle, edota zure auzokoa, lankidea,
senidea… izango zarete euskarazko jakintza askearen sortzaile eta
sustatzaile.

Gotzon Egia, Mikel Iturbe eta Arkaitz Zubiaga
Euskarazko Wikipedia

2 comments on “Wikipediak 25.000 artikulu

  1. Luistxo(e)k dio:

    Jopelas. Nere Gmail karpeta spamekoan 3300 mezu dagoz oin. Enpresako domeinupeko bertsioan ez da hilabetero garbitzen spam poltsa hori akaso? ala zure hiperkonektibitatearen ondorioa ote?

  2. arantzabal Iban arantzabal(e)k dio:

    Nik ez dakit ze demontre den, baina hortxe zenbakia. Eta ez da urte betean ez dudalako ezabatu, e?

    Enpresako domeinupeko bertsioan ere hilabetero garbitzen dela dirudi. Hauxe dio gmail-ek: Los mensajes que se encuentren en Spam durante más de 30 días se suprimirán automáticamente.

    Nik ez dakit zer den… bueno, helbide horretara beste hiru e-posta  ere baditut bideratuta… Hori izan daiteke gakoetako bat.

    Eta arduratzekoa da ze gmail honek erabiltzeko uzten dizkidan  6594 MB horietatik 5523 MB (83%) erabiliak ditut… Spamaren kulpa da zati bat, baina baita erabiltzaileek ez dakitela dokumentu atxikia noiz eta zelan erabili. Zenbat kaka jasotzen den propaganda eran. Hasi beharko naiz, laster, dokumenturen bat atxikita duten e-postak ezabatzen. Gggggggrrrrrrrr.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude