Kultura guneak gehiago lagundu beharko lirateke

Herriz herri sortzen dituzte udalek kultura etxeak. Eta herriak 10.000 biztaleko tamaina-edo badu etorriko da jarleku finkoak jartzeko gonbita. Zineak dira aukerarik zabalduena.
Espazio hilak ez badira ere espazio gaixoak sortzen dituzte jaiotzetik beretik, jendearen haruntz-honuntza larregirik ez dutenak. Konparatzen ditut herriz herri dauden belarrezko futbol zelaiekin. Futbol zelaiak hamabostean behin erabiltzen dira eta kultura etxeak ere… Gainontzeko egunetan eraikin hutsak dira, metro karratu hotzak.

Zalantza: udalek kultura sortu behar dute edo kultura lagundu?

Dudarik ez, bigarrenaren aldekoa naiz. Kulturari gagozkiola gehiago ikusten ditut Udalak herrian ez dauden ekimenak sortzen eta ahal delarik egiten edo ematen dituenari laguntzen eta animatzen. Hau da, herri batean gazte kolektibo indartsu bat badago ez dauka zentzu handiegirik Udalak dirua xahutzea gazteendako kontzertuak antolatu eta horrela ekintzak bikoizten. Beste herri batean jubilatuen elkartea bada herriko dinamika markatzen duena Udalak ez luke bikoiztu behar, baizik eta ekimena duten herritarrei lagundu. Margolari elkarte bat badago erakusketa egiten dituena zertarako Udala sartu erakusketak antolatzen? Antolatu beharrean espazioa txukundu, laguntzak eman triptikoak ateratzeko, argiztapen egoki bat izan dezaten inbertsioren bat egin, komunikazioan lagundu…

Lau eredu oker:

  • Okerra da Udala bakarrik eta inor baino gehiago bailitzan jardutea kultura egin guran. Kultura herriak sortu eta bideratzeko ahalegina egin beharko luke, akuilu lana egin. Ez daude alperrik udal askotan kultura dinamizatzaileak. Zer da bada dinamizatzea? Hitzari izana ematen saiatu beharko luke kudeaketa hutsetik harantzago.
  • Okerra da kultura talde eta elkarteak mundutik aparteko sateliteak letxe ibiltzea, bakarrik. Ekintzak antolatu eta antolatu, koordinazio barik eta gainontzeko herri-eragileen berri jakitzeka. Getoak ez dira ez onak.
  • Okerra da proiektuak etorkizuna izan dezan dabilen harriari ibili dadin laguntzarik ez ematea. Lagundu behar zaio ekimena duenari eta autogestioan aurrera egin dezan eskatu.
  • Okerra da Udala eta herria ados jartzen ez diren ekimenez betetzea herriko kultura agenda. Eskutik ebatuta behar lukete kultura guneek eta udalek: batak kultura ekintzak sortzen eta ematen modu independentean; besteak zer lagundu behar den eta zer ez erabakitzen herritarren ordezkari diren heinean.

Kultura elkarlanarekin estuki lotua ikusten dut, zelan bestela?

2 comments on “Kultura guneak gehiago lagundu beharko lirateke

  1. loveof74(e)k dio:

    bakatu
    ea orain
    itzulpena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude