EMAKUMEON JABEKUNTZA ESKOLA 2014-2015

JE Oñati. kartel mutua

 

“URTARRILEAN IKASTARO GEHIAGO!”

AUTOESTIMUA ETA JABEKUNTZA

Ikastaro honen helburua da, emakumeen eguneroko bizipenen gogoetarako abiapuntu izatea. Geure buruekin nola sentitzen garen berrikusi eta gure autoestimuan, zein faktoreek eragiten duten ulertu.

Autoestimua, pertsonalitatearen eraikuntzan, funtsezko da. Autoestimu on batek bait dakar osasun psikologikoa eta fisikoa, baita ere ongizatea, segurtasuna eta norberaren errekurtsoetan konfiantza izatea

Hain zuzen, autoestimua kontzeptu zabalago batetik landu nahi da. Eta horrela ulertu ahal izatea jabekuntzaren ideia. Jabekuntzak garapen eta finkatze prozesuari egiten dio aipamen; autonomiari eta auto-kudeaketari, nork bere bizitzaren jabe egiteari eta protagonistak sentitzeari.

EGUNA: Asteazkena 18:15 – 20:15

NON: ETEO zaharrean

EGUTEGIA: Urtarrilak 14,21 eta 28 Otsailak 4,11,18 eta 25 Martxoak 4,11 eta 18

DINAMIZATZAILEA: Pepa Bojo Sikoterapeuta

HIZKUNTZA: Gazteleraz

 

IZEN EMATEA: a.jabekuntzaeskola@gmail.com edo 615781068

 

 

OÑATIKO EMAKUMEON DIBERTSITATEA EZAGUTZEN

Emakumeen aurkako indarkeriak eta bazterketak, errealitate eta identitate anitzak batzen ditu. Beraz, desberdintasun egoerak azaltzen eta egonkortzen dituen elementu esanguratsuak ezagutzera eta ulertzera zuzendua dago ikastaro hau.

Teoria feministetatik sortutako gakoak landuko ditugu; Jendartearen oinarria eusten duen estruktura sexistak ulertzeko eta desegiteko.

Estruktura sexistak, opresio estrukturekin dituzten loturen gakoak; arraza sistema, sistema inperialista, eurozentrista, heterosexista, kapitalista etabar.

Emakumeen identitate anitzen inguruko gogoeta egingo dugu; mitoak hautsi, beste errealitateetara gerturatu eta ezagutu. Era berean, dibertsitate hori bizibilizatzearen garrantzia landuko dugu eta guzti honen kudeaketa.

 

EGUNA: Asteartea 18:15 – 20:15

NON: ETEO zaharrean

EGUTEGIA: Otsailak 10 eta 24 Martxoak 10 eta 24 Apirilak 14 eta 28 Maiatza 12 eta 26 Ekaina 2 eta 16

DINAMIZATZAILEA: Garaipen Eskola

HIZKUNTZA: Gazteleraz

 

IZEN EMATEA: a.jabekuntzaeskola@gmail.com edo 615781068

BIZIKLETA KONPONTZEKO TAILERRA

Zapatuan burutu zen bizikleta konpontzen ikasteko tailerra, 13 emakume bildu ginen eta oso interesgarrixa eta arrakastatsua izan zen.

Erruerak askatzen eta pintxazuak konpontzen ikasi genuen, bi orduko tailerra motz gelditu zen eta aurrerago bigarren bat egitea erabaki zan, frenuak eta kanbixuak ondo erabiltzen eta puntuan edukitzen ikasiko dugu.Animo guztioi eta berriz ikusiko gara!GetAttachment (1) GetAttachment (2) GetAttachment (3) GetAttachment (4) GetAttachment

EKAINAK 2SEXU LANGILEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Bilgune Feministako kideen artikulua:

Putak eta besteak. Emakume txarrak eta emakume onak. Marra bat, pasaezina den marra bat. Jendearekin oheratu zaitezke, baina marra hori pasatuz gero puta bat izango zara. Zure gorputza ezagutu eta ezagutu arazi ahalko duzu, baina marra hori pasatuz gero puta bat izango zara.

Zein da marra hori? Non dago kokatua? Zer dago alde batean? Zer bestean? Marra hori gure buruetan dago. Egin ariketa, zein da zuretzako marra? Nahiko argi izan dezakezu, gutxi gora behera, badakizu non kokatu. Eta marra horiek, sentitzen dut horrela esatea, baina eragin izugarria du gure bizitzetan. Marra horrek, auto-kontrolatzera garamatza, neska gaiztoak izan gaitezke, errebeldeak, apurtzaileak… Baina putak, mesedez, inoiz ez. Eta marra hori guk margotzen dugu gure egunerokotasunean, feministak agian bai, baina putak ez.

Gure marra, emakume onaren eta txarraren arteko marra, gure baginetan kokatu dute. Eta tamalez, askotan, onartu izan dugu gure sexuaren arabera sailkatuak izatea. Bagina on eta eredugarriak, eta bagina zikin eta nazkagarriak.

Sexuaren langileak nola ez, bestea ordezkatzen dute. Sakratutzat hartzen den sexualitate eredu nagusitik ateratzen direlako, duintasun eza ezartzen zaio haien lanari. Prostitutak gaiztoen bandoan sartzen ditugu, kasu askotan, ekonomikoki askeak direlako, haien sexualitatea modu ireki batean azaltzen dutelako, egiten dutenagatik kobratzen dutelako eta prezioa haiek jartzen dutelako. Emakumeoi debekatzen zaizkigun muga asko gainditzen dituztelako.

Eta emakume hauen inguruan sortzen den estigma horrek, ez du balio haiek kontrolatzeko, modu batean “askeak” direlako, estigma horren sorreran, “beste” emakumea (gu) kontrolatzean datza. Estigma hain da handia, norberak ez duela zaku horretan erortzerik nahi, eta edozer egiten duela kontrol minimo baten bidez puten taldean sartua ez izateko. Baina erraza da norbera marraren “beste” aldean ikustea. Putek emakumeoi debekatzen zaigun guztia kondentsatu egiten dute, eta egin ezin ditugun gauza askoren ordezkariak eta gainditu ezin dugun muga dira.

Kontuz ibili behar dugu ere, kolektibo osoa biktima bezala izendatzerakoan. Zaila egiten zaigunez horrelako erabakiak beraien kabuz hartu ditzaketen pertsonak daudela onartzea, sexu langile guztiak “biktimatzat” hartzen ditugu. Engainatuta etorri ziren hona, mafietan, gizon gaiztoek konbentzituta… Baina ezinezkoa zaigu onartzea, haren kabuz lan horretan lan egitea erabakitzen duen pertsonaren autonomia. Bada garaia, beraz, sexu langileek duten indar eta erabakimenaz ohartzeko. Erabakimenez jarduten duten putak subjektu aktiboak dira, euren bizitzaren jabeak, emakume indartsu eta boteredunak.

Euskal Herrian prostituzioa errealitate bat da, nahiz eta zenbait udalek osatu dituzten ordenantzetan errealitate hau ezkutatzeko ahalegin handia egon. Prostituzioa kaleetatik ateratzea da haien helburua, alfonbrapean ezkutatzea azken finean. Kaleetatik bota eta etxe eta klubetara mugatu arazi nahi dute lanbide hau. Haien politiken eta jardunaren bidez patriarkatua eta bereizkeria sozialak bultzatzen dituzten instituzio berdinak dira, egoera hauei aurre egiteko hartzen den lan erabakia oztopatu eta kriminalizatzen dutenak. Eta argi izan behar dugu ere, erabaki honekin, ezberdintasun sozialak eta ekonomikoak erreproduzitzen jarraitzen dutela, prostituzio inmigrante eta txiroa da zigortzen eta ezabatzen saiatzen direna, eta ez elitezko prostituzioa.

Iaz, Donostiako kaleetan Transmarikabollofeminista koordinakundeak abesten zuen bezala:

Gure hautua,
errespetatu,
bizi baldintzak, eskubideak,
defendatu.

Elkarlanerako garaia da, puten bandoan gauden guztiak elkartzeko garaia da, langileak eta afizionatuak, patriarkatuaren arauak betetzen ez ditugun horiek asko diogu elkarri erakusteko eta kontatzeko. “Haiengatik” erabakiak eta eztabaidak emateari utzi, eta haiekin, guztiok, lan egiten hasi behar dugu. “Besteak” garen horiek, norman sartzen ez garen horiek, asko gara.

Epaiketa moralak alde batera utzi, eredu dikotomikoak ezabatu, eta “gu” bat osatu dezagun sexu langileen eskubideen alde. Puton marra gorriak identifikatu ditzagun, eta ez daitezela hemendik pasa!

 

 

EKAINAK 13an EMAKUME BIRA!

Oñatiko Sare Feministaren prentsaurrekoa:

Emakume Bira-ren antolakuntzako kide gara, Oñatiko Sare Feminista eta Abixaran taldea. Etapa beraren arlo teknikoa adituen esku utzi arren, emakumeak eta kirola uztartzen dituen ekintza honen harira, hainbat ekintza antolatu ditugu; herriko pertsona ororen esperimentaziorako, gogoetarako eta hezkidetzan oinarritutako kirol eremuaren eraldaketarako.

Neskatila, neska, emakume eta andrei egiten diegu erreferentzia emakumeak eta kirola esaten dugunean.

Goi mailako Kirolarien artean, ez dago apenas, emakume kirolari profesionalik; hau dela eta, gazte kirolariek ez dituzte eredurik. Izan ere jendarteak, eta batez ere komunikabideak, beraien existentzia gordetzeaz ondo baino hobeto arduratzen dira.

Batetik, ekintza fisiko konkretu batzuk, Kirol Femenino gisa definitzeko arrazoiak ugariak dira:

– ezaugarri biologikoaren inguruko teoria androzentristak, diferentzia fisiologikoak aintzat hartzen dituzten teoriak….

– aisialdiko-kirolarekin eta bakarka egiten den kirolarekin lotzea emakumeen ekintza fisikoa eta kirola.

– kirol mota hauen ezaugarria, estetika izatea eta ez osasuna…

Guzti hori, kontuan izan gabe, femeninoari atxikitzen dizkiogun elementuen ikasketarako, kirol eremuak duen garrantziaz. Errespetuan, kooperazioan edota dominio-sumisio sistema erreproduzitzen ez dituzten talde antolaketen ikasketarako eremu gisa.

Hortaz, Naturak mugimendurako sortu duen pertsonon gorputza, emakumeontzat ere ongizate iturri izan dadila bultzatzen dugu, Emakumeon Birako antolakuntzako partaide garen feminista eta emakume kirolariak.

 

Martxoak 8ko bazkaiko txartelak erosi ahal izateko azken eguna! Animatu!

Kaixo Lagunak!

Martxoan zehar antolatu ditugun ekintzatan parte hartzera animatzen zituztegu! Adin dan-danetako emakumiok iñgou topo, Herrialde ezberdinetatik gurera etorrittakuak, Txantxiku-landyan jaixotakuak, ta pertsona naturalak, alaiak, polittak, lotsatixak, lotsabakuak, baltzak, zurixak, gorrixak… lesbianak, indigenak, sorginak..

MARTXOAREN 8a! BORROKA ETA ELKARTASUN EGUNA!!!

– 12:00ttan Kontzentrazioa plazan

– 14:30ttan ” Emakume Txantxikuen bazkaria” Gaztetxean

(TXARTELAK SALGAI ARRANON)

ANIMATU ETA BATU FEMINISMORA!

ANTOLATZAILEAK: Abixaran, Elkarhezitzen ta Oñatiko Sare Feminista

 

Gure gorputza, gure erabakia: abortatzeko eskubidea orain!

Espainako Gobernuak, Gallardon Justizia ministroaren bitartez eta Eliza katolikoak familia eredu tradizionala, patriarkala eta heteronormatiboa indartu nahi du eta bide horretan haurdunaldiaren borondatezko etetea legez kanpo utzi nahi dute.

Horretarako, moralitatean oinarritutako eztabaida etikoetan korapilatzen gaituzte, eta errealitateari buruzko datuak manipulatzen.

Haurdunaldia etetea erabakitzen duten hamar emakumetik bederatzik, haurdun geratu nahi ez dutelako erabakitzen dute. Haurdun daudela jakin eta ia berehala hartutako erabakia da: abortuen %97,7a lehenengo 14 asteetan praktikatzen dira eta hauen %54a lehenengo 7 asteetan. Adinari dagokionez, %60a 18-30 urte bitartekoak dira eta %37a 18-25 urte bitartekoak.

Abortatzea, beraz, ez da inkontzienteki eta kapritxoz hartutako erabakia, baizik eta modu kontzientean hartutakoa.

Badakigulako gure gorputzekin eta bizitzekin zer egin nahi dugun, askeak garelako. Gure gorputzez, gure sexualitateaz, gure bizitzez nahi dugun bezala gozatzeko eskubidea dugulako.

ABORTUA GAUR EGUN: Epekako legea:

SEXU OSASUN ETA UGALKETA eta HBE* LEGEA (2010ean jarri zen indarrean)

PP-k EZARRIKO DUEN LEGE BERRIA:

2013/12/20 lege proiektua onartu du.

Lehenengo 14 asteren barruan emakumeak libreki abortatu dezake; bere erabakiz. Hortik aurrera penalizatua dago. Haurdunaldia eteteko epeak kendu eta 2 egoeratan baino ezin izango da abortua praktikatu:

1.             Emakumearen osasuna arriskuan egonez gero. (Nork erabakiko du arriskua dagoen ala ez?

2.             Bortxatua izanez gero. (Nork erabakiko du bortxatuak izan garen ala ez?)

(Fetuaren malformazioa ez da haurdunaldia eteteko baldintza izango).

14 eta 22 aste bitartean 3 baldintzen arabera eten dezake haurdunaldia:

1.             Emakumearen osasunarentzat kaltegarria izatea.

2.             Fetua bideragarria ez denean eta malformazio kasuetan.

3.             Bortxaketa kasuetan.

Adin txikikoek ez dute behar gurasoen baimenik. Adin txikikoek gurasoen baimena izan beharko dute.
Sexu hezkuntza eta haurdunaldien prebentzioa aurreikusten da legean. Fetuaren eskubideak emakumearen eskubideen gainetik jartzen ditu.
HBE zentro pribatuetan praktikatzen dira, zentro publikoak deribatua ere.  

* HBE: Haurdunaldiaren borondatezko etetea.

 

ABORTUAREN PENALIZAZIOAK ZERA DAKAR:

•   ABORTATZEA = DELITUA.

•   Beste herrialde batera joanez abortatu ahal izango dutenak baliabide ekonomiko handiak dituztenak izango dira.

•   Ez gaitu gure gorputzaren, bizitzaren, sexualitatearen eta amatasunaren gaineko pertsona autonomotzat hartzen. Erabaki hauek politiko eta epaileen esku gelditzen dira.

•   Legeari intsumisioa egiten badiogu: bortizkeria kode penalaren forman etorriko zaigu, edota abortu klandestino gisa, gure osasuna eta bizitza arrisku larrian jarriko digularik.

•   Emakumeok ama izatera behartzen gaituzte, hori baita beren ustetan emakumeok gizarte honetan bete behar dugun papera. Indarkeria sexista izanik, hartara behartzen gaituzte.

Informazio gehiago hemen: abortatzekoeskubidea.blogspot.com

Facebook: abortatzekoeskubidea

APIRILAK 5 DENOK IRUñARA!!!!

Apirilaren 5ean Iruñan, arratsaldeko 17:30etan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, gure gorputzetan erabakiak guk hartzearen aldeko eta Gallardoiren abortu lege erreformaren aurkako manifestazio nazionala egongo da. Oñatitik autobusa jarriko dugu bertara joateko. Kolore guztietako feminismoak eta milaka herritar batuko gara aho batez lege honi ezezko borobila emateko… eta ozen aldarrikatuko dugu: GURE GORPUTZA , GURE ERABAKIA!

OÑATIKO SARE FEMINISTA

 

MARTXO (S) AK 8

Martxoaren 8a??dator… baina, zergatik da data hau garrantzitsua? Loreak, kolonia eta poemak elkarri emateko? Badirudi toki batzuetatik emakumetasun hutsal bat gurtzen dela egun honetan, baina zein da martxoaren 8aren zentzu historikoa?

Badirudi XX. mende hasierarako, borroka-omenaldi egun bezala finkatzen hasi zela, baina 1920ko hamarkadara arte ez zen martxoaren 8an ospatu beti (otsaila bukaeran edo martxoa hasieran egiten zen). Beharrezkoa da aipatzea egun honen jatorria ez dela gertakari zehatz batek finkaturikoa izan, izan ere, gerrate mundialek, Errusiako Iraultzak, sufragismoaren aldeko borrokak, feminista-sozialista eta sufragisten arteko tira-birek, Europan, Estatu Batuetan eta Latinoamerikan garai haietan egondako emakume langileen greba gogorrek eta geroz eta handiagoa zen emakumeen sindikalismoaren gorakadak margoturiko egoera konplexu eta aberasgarriak ekarritako data baita.

1911an, Emakumearen Egun Sozialistaren saltsa-maltsan, Alexandra Kollontaik Europako herrialde ezberdinetan egindako mobilizazioen balantze bat eginez, honakoa esan zuen: “Emakume itsaso bat zen, izugarria, bor-bor zegoen. Leku guztietan bilerak antolatu ziren, herri txikietan, eta baita herrixketan ere; aretoak bete-bete eginda zeudenez (gizon) langileei beraien lekua emakumeei uzteko eskatu behar izan zieten. Behingoagatik, gizonak seme-alabekin etxean geratu, eta emazteak, etxekoandreak, etxeko-gatibuak, bileretara joan ziren”.

Beranduago, 1975ean, Nazio Batuen Erakundeak (NBE), Emakumeen Nazioarteko Urtea ospatu zuen, aurrerantzean urtero mundu osoan emakumeen eskubideen aldeko egun bat egitea gomendatuz. Hola, 1977an NBE ofizialki hasi zen Emakumeen Eguna ospatzen. Aipagarria da NBEk kontu berezia izan zuela egun honen jatorri sozialista tapatzeko.

Gaur egun, toki askotan martxoaren 8ak izaera errebindikatiboa gordetzen badu ere, beste askotan esanahi ideologikorik gabeko emakumeen omenezko ospakizun hutsal bihurtu da, San Valentin eta Amaren Egunaren arteko zerbait. Adierazgarria da oso, egunari berari Emakume Langileen Nazioarteko Eguna izena barik, Emakumeen Eguna deitzea soilik (edo Emakumeen Nazioarteko Eguna, erdibidekoa). Oraingo instituzioek ere azken aukera erdibideko hau (ez oso gatazkatsua) hobetsi dute NBEren bidetik. Martxoaren 8ak, ordea, jatorrian eta helburuetan, esanahi argi bat zuen. Ez emakumeei omenaldi hutsal bat egitea, emazte, alaba, ama edo maitale izateagatik, baizik eta beren langile izaera aintzat hartu (emakumeei, etxean zein kanpoan lan egin arren, izate hori maiz ukatu baitzaie), emakume izatea politizatu, genero-botere eta -pribilegioetatik eratorritako diskriminazioa salatu eta beren eskubideak defenditzea.

Beraz, urtero martxoaren 8an, feminista aitzindarien borrokak gogoratu, aintzat hartu, balioa eman eta feminismoarekiko konpromezua berresten dugu. Borrokarako grina datozen belaunaldi berriei transmititzeko eguna da, gaur egun dauzkagun eskubide minimoak dohainik iritsi ez zaizkigula ikusteko, emakumeak protagonista izan dituen borroka adoretsuari esker izan baita.

Hori horrela, historiari gainbegiratutxo hau eman ostean, hona bueltatu beharra daukagu. Gogoratu ostean, indartu. Indartu ostean, arnasa hartu… eta parean daukaguna ikusi.

Egun honen harira, urtero egiten dugu merkatuen jendarte antolakuntzaren kritika. Nazkagarria da nola baztertzen dituen kapitalismoak mendebaldeko-gizon-zuri-klase-ertainekoak ez diren beste guztiak. Honen adierazgarri dira lan produktiboaren inguru datu hauek: emakumeek, gizonezkoen batezbesteko soldata bera kobratu ahal izateko urtean 82 egun gehiago lan egin behar lituzke (kontutan hartu prestakuntza maila berdintsua dagoela kalean emakume eta gizonen artean). Gipuzkoan emakumeen batezbesteko errenta 11857€ da, gizonen batezbestekoa 23224€ den bitartean. Zaintza-lanetara dedikatzeko lanaldia murriztu edo lana uzten dutenen artean %90 emakumeak dira (produktibo/reproduktibo artekoa). Doako lana: emakumeentzat.

Eta, zer gertatzen da lan erreproduktiboekin?

Bizitza lehentasuna ez den gizarte bat zilegi izateko beharrezkoa da sistema hierarkikoa: desberdintasunak behar ditu. Eta pertsona eta lan batzuk ikusezin bihurtu behar ditu, bizitzaren mantenua eta kapitalaren akumulazio prozesuaren arteko tentsioa absorbitzeko.

Beharrezkoa du gatazka hau ez azaleratzea, arazo indibidual moduan bizitzea. Autosufizientzia ideal bat inposatzen da, bizitza bulnerablea? eta besteen menpekoa dela ukatzen duena. Autosufizientziaren ideia hau errealitatera eramateko aukera bakarra pertsonen dependentzia erakusten duten esparruak ezkutatzea da, zaintza ezkutatzea da, eta interdependentzia esplotazio terminoetan kudeatzea. Esplotazioa emakumeentzat, emakume pobreentzat, emakume migratuentzat ?… LANA SOBERAN, eta ENPLEGU DUINA FALTAN, hau da marka!

Sistemaren krisiaren eta honen aurrean planteatutako irtenbide interesatuen aurrean, gero eta zentzu handiagoa dute patriarkatua, kapitalismoa, arrazismoa, lesbofobia gaindituz, bizitza beste era batera antolatu eta eraikitzeko egitasmoek. Krisi ekonomikoak suposatzen duen aberastasunen birbanaketarekin prekarietatean, langabezian eta pobrezian lurperatu nahi gaituzte, austeritate neurriekin eta politika sozialetan murrizketak eginez, besteak beste. Ba ez!!!

Bizitza eta bizitzaren zaintza antolakuntza ekonomiko eta sozialaren erdigunean kokatu beharra dago: gizarte-desberdintasunen produkzio eta erreprodukzio sistema batean ezin da emakume eta gizonen parekidetasuna lortu.

Jendarte antolakuntzez ari gara eta, testuinguru honetan ezin aipatu gabe utzi eskuinak martxan jarri duen azken ofentsiba matxista: abortoaren lege erreforma.

Pertsonala dena politikoa da! Feminismoa dugu indibidualki bizitzeko eta taldean borrokatzeko tresna. Martxoak 8, elkartasun eta borroka eguna da! Batu feminismora.

OÑATIKO SARE FEMINISTA

‘Gorputza, sexualitatea eta tratu oneko harremanak’ ikastaroan izena emateko epea zabalik!

‘Gorputza, sexualitatea eta tratu oneko harremanak’ ikastaroan izena emateko epea zabalik dago dagoeneko. Horretarako azken eguna izango da, urtarrilaren 14a. Ikastaroa bi txandatan egingo da; lehenengo txandakoek urtarrilaren 25ean, otsailaren 22an eta martxoaren 15ean izango dituzte saioak, bigarrenekoek, aldiz, apirilaren 5ean, maiatzaren 10ean eta ekainaren 14an.

Izena emateko: a.jabekuntzaeskola@gmail.com-en edota San Juan Kale 5 behean (martitzenetan 18:00tik 20:00ra)

Ikastaroaren gaineko informazioa hemen.