ITSASLABARRETIK

Ipuruak irabazten jarraitzen du. Diotenez partida asko galdu ditu jarraian Eibar taldeak lehenengo maila elitistan. Halere, mailaz igo zuen horretan, hasi zen, harik eta denboraldia bukatu arte, irabazten. Irabaztea ez baita askotan arerioak baino gol kopuru handiagoa sartzea; Ipuruako norgehiagoka guztietan dago Nou Camp edota Chamartinen ez dagoen ilusio berezi hori. Irabazitakoaz gozatzen ari da Eibar.

Eta ilusio berdinarekin baina legedi malapartatu batek itxuraldatuta, ospatu da Oñatin duatloi berri bat. Lasterketa laburrago batek eragin du pultsazioen erritmo bizia; kilometrotan motzagoa izaki, partehartzaileek abiadura handiagoan egin  zuten froga. Eta Oñatikoan Ipurua inguruko Osorok irabazi badu, Castrokoan atxabaltar bat izan da nagusi, Arnaiz. Han eta hemen, dautloietako partehartzea jeitsi egin dela komentatu dit lagun batek; honen esanetan, moda kontuak ei dira. Orain triatloiak eta mendi lasterketak omen daude modan. Inoiz jarriko ote da modan orientazioa? …hobe ezetz, earki gatxik oain eta……

Ederra baita basoan balizen bila ibiltzea. Leku berri eta eder bat  ezagutzeko aukera izan nuen atzokoan. Gipuzkoako Orientazio Taldeak antolatuta Ulia mendian izan nintzen balizak bilatzen. Zurriolako olatuetatik horren gertu dagoen parajea ez da Donostiako eskaintza turistiko askotan agertzen; gorbeltz- kolorez jositako bidexkak haitzarte laburrekin nahasten ziren eta itsaslabar ederrak erosioari muzin egingo baliote bezala azaltzen ziren. Amildegiko erlaitzetik ikusi nuen balizak hamaika beharleku eman zigun; Rogainne eran antolatutako froga bustiak asetuta utzi gintuen, gustura.

Apeninoetako malkarrek ere gordeko dute inon itsaslabarren trazarik. Terminillo mendateko malda elurtuetan dotore azaldu zaigu Nairo Quintana txirrindularia. Colonbiarrak antolatu zuen  erakustaldia  perfektua izan zen; katerik gabeko gurpilekin irensten zituen azken kilometroak izan ziren testigu. Arnasestuaren erritmo harmonikoegiak  ziurtatu zuen garaipen bero bezain izoztua. Markel Irizarren erretratu polit bat ere ikusi dugu egun hauetan; gurpilen faltan eta katea zintzilik, ikusi dugu errepide-bazterreko arekan taldekideei bizikletako gurpilak laga ostean.  “¡Chapeau!

Laster bukatuko da gaur hasi zaigun astea. Nik bederen, jai izango dut  Xan Joxe eta ondorengo hiru egunetan.  Joxe zurgina eta Jexuxen aita postizoa omen zen. Nik Bibliak argitzen ez duen zalantza bat dut aspalditik; zer gertatu zen Joxeren aroztegiarekin? Saldu, alokatu, eskualdatu egin zuen? ala autobide, bidegorri edota antzerakoren bat egin zuten haren lekuan?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude