LUIZIAK GENESIAN

Genesia etorri zaio gogora norbaiti. Izan ere, izan dugun euriteak  Noeren garaiko uholde unibertsalaz gogoratzeko bidea eman du. Jainkoak eginarazi zuen berrogei egunetako eurika sendoaren antzezlana izan dugu garai modernoenean;  euri-lanbroren faltan, erauntsiekin egin dugu topo. Aterkiek gupidarik gabeko tantak isurtzeko ahalegina egiten zuten bitartean, ibai eta errekak hidratazio maila itzelaren jabe egitea lortzen zuten lotsagabe.

Prezipitazio hezeegien neurketa plubiometroen bidez egin den bezalaxe, neurtu dira egunkari eta albistegi ezberdinetan asteburuko izen propio ugari. Horrela, eta horren estimu handian dudan kirolari keinu eginez, Azpeitian jokatutako Euskadiko cross txapelketa aipatu gurako nuke. Euriak lokaztutako zirkuitu astunean Unai Arroyo eta Iraia Garciak jantzi zituzten txapelak. Eta zirkuitu are lokaztuagoan, lupetzaren erreinuan edo, jokatu zen Munduko ziklo kros txapelketa;luperia ezagutu zuten bizikleta adoretsuek, Noeren arkarako foru-baimena irabazi zuten antza. Aitzitik, inolako baimenik gabe eraman zuen Candanchuko  elur-jausiak Elorrioko gaztea; eskien gainean eman zuen azken hatsa gazte saiatuak, goian bego.

Mendian behera elurra erori den bezalaxe erori zen lurra Fanderia parera. Mendian sortu zen sakonuneak, urak bigundu eta pisuaren pisuz errepideraino heldu zen lurrari begiratzen zion harriduraz. Zati bat lapurtu izan baliote bezala, etsita. Eta etsita eta haserre ere, izango da bidegorria automobilez zeharkatzea otu zitzaion gizasemea; izan ere, ohiko errepidea luiziaren ondorioz itxita zegoelako erabili zuen ordezko bidea harik eta Ertzainek ikusi zuten arte. Diotenez isuna, ganorazkoa izan da.

Ganorazko partidak jokatzen dakien pilotariren bat aipatzea ez da gaitza izaten. Halere, Irujoren izena, beste behin ere, letra larriz idaztea dagokit. Atzokoan ere, egundoko partida jokatu zuen eta niri bederen, zendu berri den Joxe Arriaran arrasatearrari eskaintzeko moduko jokoa egin zuela iruditzen zait. Zorionak Juan eta agur Joxe.

Agur esan duen besterik ere izan du asteburuak. Esaterako, Cadel Evans txirrindulariak jarduera profesionala utzi du dagoeneko. Munduko eskubaloi txapelketa ere amaitu da Qatarren; Frantziak irabazi du txapelketa eta Espainia edota antzerako mailadun talde faborito ugari, dominarik gabe ito da lupetzetan.  Bizardun ugari agertu zaizkigu petrolioa perlekin nahasten den lurralde aberatsean. Estilistika eraginkor bat ezarri nahian edo, bizartegiak hartu nahi izan dute indarra ile-apaindegien kaltetan, nonbait.

Haritza landatuko dute Arbolapetan.  Luizi eta antzerakoetatik haratago, jakin badakigu Noek izakiak baino ez zituela arkara gonbidatu. Landare edota zuhaitzak bizirik ateratzeko premiarik ez zuelako Jainkoak ikusten, alegia. Orain Arbolapetako gerizpea nahi dute bizirik mantendu eta horretarako haritza jarriko dute bertan. Bizarraren faltan abarrak izango dituen zuhaitza inausiko dute dagokionean bizarginek.

Kopla edota  bertsoak abesteko egunak datoz.  Opilak jateko egunak. Otsaileko lehen egun hotz hauetarako bada plana geurean. Opilik garratzenari  gozotasun apur bat bilatzeko ahaleginean itoko den bizardunik izango balitz, egin beza igerian lupetzez beteriko erreka gaiztoetan. Genesia ezingo baita kopla kapritxosoren  baten altzoan berridatzi;  eta gu, artega, hari so egongo gara. Ondo izan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude