Programazioa, lan harremanak, Nafarroa eta euskara dira urte amaiera honetan, EITBren orbitan mugitzen diren planetak. Eta marten ez bezala, horietan guztietan bizia dagoela dirudi.
Programazioan pausu interesgarriak eman dira, ETB 1en bereziki. Betikotik jo dutela diote batzuk baina nire ustez hain beharrezkoa genuen entretenimenduaren ikuspegitik nobedade aipagarriak daude. Informazioari dagokionez, oraindik ere, apustu handiagoak egin daitezkeela pentsatzen dut. Kanalen irudian eta gurean bereziki sekulako pisua dauka informazioak.
EITBko lan harremanei dagokionez, sinistuta nago bai zuzendaritzak eta baita sindikatuek ere momentu politiko/ekonomikoa/teknologikoaren zailtasunaren jakitun, jarrera serioa daukatela. Hala uleru behar da abenduaren hasieran sinatu zuten akordioa lan hitzarmen berria egin eta adostu bitartean lehengoarekin jarraituko dutela esanez (ditxosozko ultra-aktibitatea). Raxoiren lan erreformari kasurik ez eta ultra-aktibitateak aukera ematen du hemendik eta ekaina bitartean konbenio taxuzko bat idazteko. Erraza ez, erraza ez da izango, tentelkeria litzateke hala izan behar duela pentsatzeak, baina lortuko dela ziur nago.Urte luzeegiz lan harremanetarako hain kaltegarriak izan diren inprobisazioa, lan-sistema araututik kanpo dauden pertsonen (gestoreak) izaera eta konbergentzia daude negoziatu behar den konbenioaren erdi-erdian.
Nafarroan EITB ez ikus-entzun ahal izanarenak ez du izenik. Baina, Bartzinaren gobernuaren kaltetan, orain argudio falta aguanta ezina zaie. EITBk digitalizazioari ekingo ziola argitaratu izanak berak bakarrik fitxa mugitzera behartu ditu. Espero dezagun hutsean ez gelditzea eta urte berriarekin batera EITBren emisio-mapan Nafarroa egotea, bete betean. Eguraldiaren maparen inguruko eztabaida azalkeri bat da honen aldean. Eta EITBk, informazioa jasotzeko eskubidean oinarrituta, epeak garbi izan behar ditu. Epeak jarri eta bete.
Euskararen inguruko eztabaida bere pil-pilean dago irrati-telebista-online zerbitzu publikoetan. Nola ez bestela. Orain arteko ereduak bere gaina lortu eta hemendik aurrerakoak beste molde batekoa izango da, zerbait izatekotan. Hizkuntza politikaren inguruko eztabaida ireki eta sanoa abiatu beharra dago, beti ere jakinik, EITBri eta hezkuntza sistemari dagozkiela euskararen ezaguta eta erabileraren sustatzea. Hamar urteko epean, euskara nagusi izan den ikus-entzunezko komunikabide publikoetan, komeni da pausuak ematen hastea bihartik aurrera. Edukiak euskaratuz modu progresiboan, azpitituluak eta seinale dualak erabiliz eta orohar euskararen zentraltasuna agerian jarriz. Bide oso interesgarria eta beste behin eredugarria izan daitekeena, honako eta kanpora begira ere.
Urte berriak oso erronka politak jarriko dizkie komunikabide publikoei. Eskerrak.