Oso bitxia da azken hamarkadotan ezkerra zeharkatzen duen eskizofrenia erlijiosoa. Bitxia eta kezkagarria. Azken adibidea Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurka egindako sarraskiaren harira etorri da. Hasteko, bihoa hemendik elkartasun osoa aldizkariko langile guztiekin, hildakoekin, zaurituekin, zein onez atera direnekin, baita aldizkariaren irakurleekin ere. Mundu honetan adorea erakusteak halako ondorioak dakartza, tamalez, baina ez gaitezen horregatik kikildu.
Kontua da, aspalditik dakusadala Islamarekin mendebaldeak dakarren jokoa eta, eskuinaren jokoaren kolpe-leungailua, beste kontu askotan legez, behin eta berriz ezkerra dela berresteak kezkatu egiten nau. Antzerki txar honetan oso ondo jokatzen du bere zatia alde bakoitzak.
Ez gintuzke harritu behar munduko eskuinek, ezkerreko eskuin “demokratek” zein ultra-eskuinek, munduan edozein totalitarismoren alde egiteak eta, logika horretan, totalitarismo islamikoa finantzatu eta militarki babesteak. Hala, inor gutxik dauka arazo handirik barneratzeko Al Qaeda, Estatu Islamdarra eta halako talde armatu islamofaxistak AEB, Israel eta Europatik finantzatuta eta bultzatuta daudela. Gehienek ulertu ere ulertzen dute zer asmo politikoz sortzen eta indartzen diren halako mugimenduak eta erraz konturatzen dira mendebaldearen hipokrisiaz -edo hori sinistu nahi nuke…-. Honaino dena ondo. Eskuinari halakoek ez diote kontraesanik sortzen. NATO beti izan da diktadura islamdarren -eta beste diktadura mota askoren- aliatua, batez ere petrolio asko badaukate eta mendebaldearekin otzan jokatzen badute. Beharrezkoak dira Europatik “beherako” mundu “arraro” hori kontrolpean edukitzeko.
Ulertzen zailagoa, ordea, ezkerraren jarrera eskizofrenikoa da. Edo agian ez, ez da batere ulertzen zaila, ezkerraren logika historikoan sartzen baita, ezker parlamentarioa, Frantziako iraultza burgesa garaile atera zenetik, beti izan baita eskuin parlamentarioaren derrigorrezko beste laranja erdia, ispilua, langileak eta zapalduak kontrolpean edukitzeko behar zen eskua. Dialektika kontuak, agian. Eta ezkizofrenia horren eredu argia izan daitezke Willy Toledok, ezker horren ahots ezagun eta “errebeldeak”, bere twitterren bota eta Publiko egunkariak, zelan ez, zabaldutakoak: “Alerto sobre lo que suele ocurrir tras tanto ataque criminal, no me mofo de nadie, sólo hago memoria. Occidente asesina diariamente. Sin ruido”, “El Pentágono y la OTAN bombardean y destruyen países enteros, asesinan a millones, cada día. ¿De verdad esperamos qué no hagan nada?”. Jakina, Willy Toledoren buru argiak ez dauka zalantzarik, Charlie Hebdo aldizkari satirikoak lotura ukaezina dauka NATOren bonbardaketekin eta, beraz, nondik harridura musulman zapalduek haren aurka jotzen badute!
Eta hortxe dago nire kezka. Izan ere, gaur egun, ezkerrekoa bazara, onez ikusiko dute zure inguruko ezkertiar guztiek “gehien argitzen duen eliza sutan dagoena da” eta antzekoak botatzen badituzu, Eliza giristinoaren aurka denak balio du; giristinofobia derrigorrezkoa da, azken batean, eta hor ez du balio giristinoen artean aldeak egiteak, garai historikoak eta mugimenduak bereizteak… Gainera, Kristautasuna patriarkatuaren ikurretako bat da -batzuetan, ordea, salbuespenak egingo dira, eta protestantismoak ekarri zuen “askatasun” airea goraipatuko dute ezkertiar batzuek, une horretan ahaztuta protestantismoaren etika ezinbestekoa izan zela kapitalismoaren oinarriak ondo errotzeko, katolizismoaren moral materiala traba zen garaietan-. Ateoa, anarkista eta hierarkia guztien etsai naizen aldetik, ez daukat batere arazorik kristautasunaren aurkako herra hori ulertzeko, maila guztietan bat etorri ez arren. Honaino ere, dena ondo, ulergarria-edo… Baina orduan, baten bati bururatuko zaio esatea “gehien argitzen duen meskita sutan dagoena da”… eta inguruko aurpegi ezkertiarrak aldatzen hasiko dira. Islamofoboa izango zara, eta giristinofobia derrigorrezkoa den bitartean, islamofobia Marxen hamar bekatu kapitalen artean ei dago egun. Orduan bai, ñabardurak etorriko dira, islamdar guztiak ez dira… Bat-batean, jainkoagan sinestea ez dago hain txarto. Halako batean, erlijio hierarkikoak ez dira beti txarrak. Tupustean, totalitarismo morala ulergarria izan daiteke. Minutu batetik bestera, patriarkalismo erlijiosoa ahaztuta geratzen da… Bai, patriarkalismo islamdarra ere bai, maiz feministarik erradikalenak, are anarkofeminista batzuk, izango baitira zure islamofobia salatu eta Islam homofobo eta matxistaren alde aterako direnak. Orduan oroimenaren txoko ilun, giltzaz ondo itxitako batean geratuko dira harrika hildako emakumeak, genitalen erauzketak -emakumeek pairatzen dituztenak, gizonek pairatzen dituztenak egunero ahazten baitira, eta horretaz hobe ez mintzatzea…-, gizon zaharrekin ezkonarazitako neskatilak -berriz ere, emakume zaharrekin ezkonarazitako mutikoak egunero daude ahaztuta-, burkak, eta beste sexu zapalketa mota guztiak. Hala, ezkertiar batzuentzat, Willy Toledorentzat, esaterako, ezkerreko komunikabide satiriko bateko langileen aurkako sarraskia ez da adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat, eta ez du merezi frantses Estatuaren, poliziaren eta hiltzaileen artean loturaren bat ote dagoen ikertzea, edo Europa osoan gora doan ultra-eskuinak ezkerrak baino zer irabazi askoz gehiago daukala pentsatzea… Ezkerreko komunikabide satiriko bateko langileen aurkako sarraskia islamdar koitaduek pairatzen duten zapalkuntzaren aurreko erantzuna baino ez da, espero zitekeena, gainera. Logika horri tiraka, zilegi, beharbada…
Borobila osatuta dago: eskuinak Islama behar du, islamismo erradikalena. Bide hori zelaitzeko, ezkerra dago, arazoa Islama bera ez dela gogorarazteko. Batzuk -eta ez da txantxa, foro anarkista batean ikusi baitut-, eskizofreniaren gailurrean, Korana defendatzera iritsiko dira, Bibliarekin alderatuz, ahaztuta Biblia giristinoak dakartzan liburu nagusi biak sakratuak direla musulmanentzat ere, alegia, haien erlijioaren baitakoak, Korana haien gainetik egon arren.
Bada, nire iritzi apalean, Islama, Kristautasuna legez, arazoa da. Gizateriak duen arazo bakarra ez, baina arazoetako bat bai, eta oso handia. Musulmanak, islamofaxismoaren aurka matxinatzen direnak batez ere, errespetu osoz ikusten ditut, giristinofaxismoaren aurka matxinatzen diren giristinoak legez, hain zuzen ere. Ez dira nire etsaiak euren morala eta sineskeriak inor inposatzen saiatzen ez diren bitartean. Ez ditut txalotuko, noski, ultra-eskuinak bere diskurtso xenofoboa elikatzeko meskiten aurka abiatutako erasoak. Beste testuinguru batean irribarrez ikusiko nituzke meskitak, sinagogak eta elizak batera erretzen. Edo agian ez, azken finean ondare arkitektonikoa izan baitaitezke haietako batzuk, eta eraikin apartak beste erabilera bat emanez gero. Ez dut ontzat emango musulman xumeen aurkako erasorik, giristino eta judutar xumeen aurkako erasorik ere ontzat ematen ez dudan legez. Baina ez naiz sartuko erlijio baten alde egitearen jokoan, zein ere den erlijio hori, are gutxiago erlijio horrek totalismoaren haziak gordetzen dituenean bere testu sakratuetan. Ez dut palestinarren alde egingo haietako asko -ez denak- musulmanak izateagatik, herri zapaldua izateagatik baizik. Era berean, ez dut Israelen aurka egingo israeldarrak -batzuk- judutarrak izateagatik, nazionismoa eta beste herrien zapalkuntza bultzatzeagatik baizik. Badirudi egun ahaztu egin dugula beste garai batzuetan antisemitismoaren mamua astintzen zela israeldarren nazionismoaren jardunari bidea libre uzteko, eta oraindik ere ez gara gai hura geldiarazteko. Seguruenik gaur egun antisionista izateak, Israelgo Estatuaren zilegitasuna ukatzeak, antisemita izatearekin batere zerikusirik ez daukala ulertzen dugun arren, badirudi historiak ez digula aski irakatsi ulertzeko islamofaxismoari, bere forma guztietan, aurre egiteak ez duela zerikusirik islamofoboa izatearekin. Noiz konturatuko da ezkerra? Beti bezala, kaltea eginda dagoenean?
Beraz, ez dut emango, inolaz ere, giristinofobiatik islamofiliarako urratsa. Erlijio guztiak dira zabor bera.