gipuzkoako bira 09

Aurten txirrindulari elkarteek antolatutako saioren batean parte hartzea erabaki genuen, asmoa kebrantarekin batera ospatzen den trepariscos egitea zen, baina apuntatzeko garaian lo egin genuenez, mehe jan behar!
Hala ere, horrez gain beste bira asko egiten dira hain urrutira joan gabe ere, eta horietako bat  Gipuzkoako bira da, bertan parte hartu genuen, eta, gure sasoia kontuan hartuz, luzea ez egitea erabaki genuen, alegia, 69 kilometroko ibilbidea egin behar genuen. Baina, hori laburregia izan zitekeela-eta, Zarauztik Donostiarako bidea bizikletaz egitea erabaki genuen, horrela 100 kilometro inguruko saioa egingo genuen, beheko irudian ikus daiteke egun horretako jarduna:

Goizean goiz jaiki eta 7:30tan surtidorean ginen lasai eta presarik gabe Donostiara joateko asmoz. Liando, Imamol eta hirurok egin genuen zita, baina han geundela Liandoren lagun bat iritsi zen eta laukotea pedalei eragiten hasi ginen. Baina Liando eta bere laguna, ibilbide luzekoak izanik, sasoian daudenetakoak dira eta gure usteak ustel egin zituzten. Ziztu bizian joan ginen, eta ordubetetik beherako denboran egin genuen Belodromorainoko bidea. Bira hasi aurretik berotualdi ederra jaso genuen. 
Ondoren dortsalak jaso eta ibilbidean aurrera jo genuen, hasiera ofizialaren zain egon gabe. Donostiako kaleak lasai igaro ahal izan genituen, jendetzarik gabe, eta infernuko parean iritsi zen gugana lehenengo pelotoi ofiziala (Imamolek esan bezala, pelotoi hiltzaileak). Ikaragarrizko abiaduran pasa gintuzten! jendea pitza-pitza eginda dago. Guk gure martxako pelotoia nahiago genuen eta pasatzen utzi genien. Guk heltzeko moduko pelotoiak ere iritsi ziren, baina haiekin ere ez gindoazen gustura… jende gehiegi, arrazoi jakinik gabeko mantsotze eta azkartzeak eta erorikoak. Denetik gertatzen zen hainbeste jenderen artean, eta azkenean gure martxan eta lasaitasunean joatea erabaki genuen.

Ezin esan gehiegi gustatu zitzaidanik horrelako pelotoietan joatea. Baina Zizurkilgo jaki eta edariak ikaragarri gustatu zitzaizkidan. Ordurako hiru ordu generamatzan (75 km) bizikleta gainean, eta gorputzak azukrea eskatzen zidan. Palmera goxoak, mahats-pasak, platanoak, edari freskoak… denetik edan eta jan nuen, eta denak behar nituen. Azken 25 kilometroak besterik ez ziren falta eta janak emandako indarren laguntzaz egin ahal izan genituen.

Egun horretako profila ere hementxe ikus daiteke, ez da beste munduko ezer baina aldapa guztiak batuta mila metrotik gorako desnibela dauka.

ziklotur09

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude