Extremaduran Puerto de Honduras

Extremadurako bigarren saioa lehenengoa baino gogorragoa izan zen. Puerto de Honduras igo eta bailaraz aldatzea pentsatu nuen, eta itzulera bi bailarak elkartzen diren Plasenciatik barrena egiteko asmoa neukan, alegia, aldapa berriz igo gabe.

Hasteko, Honduras gaina igo behar nuen, eta aurreko ibilbidean euliekin izandako esperientzia kontuan hartuz, eulien kontrako neurriak hartu nituen: Kaskoan belar luze batzuk sartu nituen, horrela eskua manilarretik askatu gabe, burua mugituz, euliak aurpegi ingurutik uxatu ahal izango nituen. Nire piurak ikaragarria izan behar zuen, izan ere, gurutzatu nituen guztiek komentarioren bat egiten zuten… Zaharrek, ordea, zoriondu egiten ninduten ideia oso ona zela esanaz (beraiek ere eskuetan adar eta hostoak zeuzkaten!), eta gazteenek elkarren arteko komentarioak egiten zituzten.

Gora iristeko kilometroa falta zela beste hiru ziklistekin egin nuen topo eta haiek ere galdetu zidaten ea zergatik neukan kamuflajeko itxura. Nik galdera batekin erantzun nion: ea euliekin zer moduz moldatu zen igoeran. Berehala konturatu zen belarren funtzioa euliak uxatzea zela, eta hurrengo egunean berak ere piura bera eramango zuela esan zidan.

Igoera luze samarra da, 12 kilometro ingurukoa, eta 1450 metro ingururaino igotzen da: etenik gabe, 800 metro baino gehiagoko igoera. Batez besteko malda 6.7%. Hala ere goraino oso ondo iritsi nintzen, bero handia egin zuen arren, eta goian nengoela telefonoz deitu zidaten, eguerdian bisita jasoko genuela esanaz, baina lasai ibiltzeko, berandu bazkalduko genuela-eta. Beraz, haserako plana jarraitzea erabaki nuen, eta Jerteko bailarara jaitsi nintzen. Bidea oso gaizki zegoen, zuloz betea, eta nazka-nazka eginda iritsi nintzen behera. Taberna batean zerbeza eder bat eran eta aurrera jarraitu nuen. 8-10 kilometro beheranzko joera nabarikoak neuzkan, eta gustura egin nituen, baina handik aurrera bideak gora eta behera egiten du etenik gabe (urtegi luze baten alboan doa bidea, baina muino txiki mordoa pasa behar da), eta zuhaitzak bukatu egin ziren…

Eguzkiak gogor jotzen zuen, itzalik ez zegoen, iturririk ere ez nuen ikusten eta bixi joan nahi nuen. Koktel horri astindu batzuk eman, eta emaitza honakoa da: bizitzan egin dudan ibilbide gogorrena bilakatu zen berez erraza izan behar zuen zatia. Plasenciara iritsitakoan taberna batean likido mordoa hartu, zerbait jan eta zenbat kilometro falta zitzaizkidan galdetu nion tabernariari. Erantzunak lur jota utzi ninduen: “muxo, y con la calo demasiao”. Eta ez zuen arrazoi faltarik. Egundoko beroa egiten zuen, gero jakin nuen alerta laranjako egoeran ginela, 73 kilometro eginak nituen ordurako, nekatuta nengoen, eta 38 kilometro falta zitzaizkidala esan zidan alboan eserita zegoenak.

Egoera horretan bizikletan ez jarraitzea erabaki nuen: Mariri deitu nion, nire bila etorriko zen esperantzaz, baina ez zuen telefonorik hartzen… Azkenean taxista batekin hitz egin eta Kanpinerainoko bidea aire egokituz freskatutako taxian egin nuen.

Hona hemen egindako ibilbidearen profila:

Hervás-Honduras-Plasencia

Wikiloc mapetan dioenez 2500 metroko desnibela egin nuen gora, eta behera 2800:

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude