Uda honetan Extremaduran bizikletaz buelta pare bat eman ditut. Herváseko kanpinean geunden eta handik La Gargantara zuzenean joan nintzen, aldapa gora dena, baina ibilbide zoragarria, aritzez eta gaztainondoz jositako ibilbidea baita. Euskal Herrian banengo bezalaxe sentitu nintzen. Pega bakarra dauka, euliak. Goranzko bide guztia euliak uxatu nahian, eskuak astinduz, egin behar izan nuen.
Buelta beste bide batetik egin nuen, Baños de Montemayorrera jaitsi eta handik, karretera nazionaletik, Hervasera itzuli nintzen. Hala ere autobide berria dagoenez, karretera nazionala ia trafikorik gabekoa da.
Nire Freerruner maitagarria eraman nuen eta ibilbidea jaso nuen bertan. Ondoren, Wikiloc zerbitzua erabiliz, ibilbidea mapetan jarri dut. Zerbitzu hau oso ona da GPS ibilbideak sartzeko: profila ere lor daiteke bertan, eskuinaldean ibilbidearen profila azaltzen da, eta sagua profilaren puntu batean jarriz gero, maparen gainean zein punturi dagokion esaten du, horrez gain ibilbideko garaiera maximoa eta minimoa ere ematen ditu, guztira gorantz egindakoa, bai eta beheranzkoa ere, erabilitako denbora (paisaiari begira pasatakoak ere sartzen dira hor!). Alegia, hemendik aurrera zerbitzu hau ere erabili egingo dut. Ibilbide hau 608 metrotan hasten da, eta La Garganta aurreko gaina 1200 metrotara dago. 12 kilometro eskaseko igoera denez %5eko malda konstante samarra dauka. Guztira 33 kilometroko buelta da egun horretan egindakoa.
Wikiloc zerbitzuak mapa blogean jartzeko aukera ere ematen duenez, horra ibilbidea: