Aubisque Argelesetik

Erori izanaren ondorioz bi egun atzeratu genuen Pirinioetarako plana. Baina osteguneko Tourmaleteko etapa bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen.

Goiza euritan hasi zen, eta bizikleta ez hartzea erabaki genuen hiruk, beste biak, ordea, Tourmaletera joan ziren euriari aurre eginaz. Bermuta, bazkaria eta telebista aukeratu genuenok kostaldekoak gara, bizikleta aukeratu zutenak barnealdekoak…

Hurrengo eguna ateri argitu zuen, eta Aubisquera joateko plana egin genuen. Argelesen bertan geunden, eta aldapa herrian bertan hasten da, horregatik, berotu gabe aldapari ekin behar izan genion. Nire ezkerreko hanka ez zen oso gustura hasi aldapan gora, baina hasierakoa oso laburra omen zen eta ondoren atsedenaldia omen zegoen… Kaka zaharra! bost kilometroko aldapa da hasierako aldapatxo hori eta majo sufritu nuen.  Besteen abiadura moteltzen ari nintzen eta ez nindoan ondo. Buelta emango nuela esan nien. Horrela bakarrik eta presiorik gabe geratu nintzen.

Aldaparen profila honakoa da:
aubisque-profila

Lehenengo atsedenaldiaren hasieran bizikletatik jaitsi, luzaketa batzuek egin eta atsedenaldia bizikletean egokitzeko aprobetxatu nuen. Ondoren zazpi kilometroko igoera gogorra dago, batez beste ehuneko zortziko igoera. Kilometro batzuk %7.5ekoak dira baina beste horrenbeste %8.5ekoak. Gainontzekoek %8ko malda daukate. Mantso-mantso igo nuen aldapatzarra, eta Sulourreko gainean ondo merezitako zerbeza hartu nuen.

Zerbeza hartzen ari nintzela Aubisqueraino jarraitu ala behera itzuli erabaki nuen, eta erabakian Albertok esandakoak eragin zuen: handik gorainokoa ehuneko lau edo bost inguruko aldapa omen da. Beraz, gora jarraitzea erabaki nuen.

Hasiera aldapa behera da; eskuinean ikaragarrizko amildegia dauka eta bailara osoa ikus daiteke, ederra ikuskizuna! Baina berehala hasten da aldapa gora, hasieran lasai samarra, eta pixkanaka gogortzen da. Bukaerako hiru kilometroak berriz ere malda handikoak dira. Eskerrak gaineko eraikina ikus daitekeela! bukaerako hurbiltasun horrek indarrak ematen ditu. Albertok esandakoaz behin baino gehiagotan gogoratu nintzen azken kilometro horietan…

Gora iritsi bezain pronto Xubirekin egin nuen topo, beherantz egiten hastera zihoan (Beste hirurak Aubisqueren beste aldera jo zuten momentu horretxetan, bi aldeak igo nahi zituzten-eta), eta ni ikustean estralurtar bat ikusi izan balu bezala geratu zen. Kafe o le, grand bana hartu genuen eta herrira itzuli ginen biok.

FreeRunnerrak honako ibilbidea grabatu zuen:
aubisque-ibilbidea

Jaitsiera Xubik nik baino azkarrago egin zuen. Zergatik ote?

Bikelyra ere esportatu dut ibilbidea, eta bertan honako mapa ikus daiteke:


Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude