Piriniotan hotzaren gainetik

Eskiatzeko plana egin genuen, baina nire hankak ez eskiatzeko esan zidan, izan ere, belaunean ere mina neukan eta, min berria izanik, ez nintzen ausartu. Beraz, bizikleta eraman nuen Biescas-era. Hara iritsi eta herria elurtuta zegoela ikusi genuen, ez herria bakarrik, inguru guztiak elurtuta zeuden. Hurrengo egunean Mari eta umeak eskiatzera joango ziren, eta nik Formigaleko anayet aparkalekurako bidea bizikletaz egingo nuen:

Giroa aparta egin zigun, lainotua baina ateri. Aitzaki bakarra zeukan: hotza.

Barruko kamiseta, neguko maillota,  gainetik kamiseta eta haizearengandik babesteko zira. Eskuetan behatzak (eskuetakoak noski!) guztiz estaltzen dituzten eskularruak eta bukatzeko kulote luzea.

Jantzi horrekin guztiarekin aldapan gora hotzik ez nuen pasatzen, baina aldaparik gabeko lekuetan, kaguendios!, hori zen hori hotza. Bubaleko urtegira iritsitakoan, lehenengo aldapa gogorraren bukaeran, gorputzetik lurruna zeridan, ez arnasarena,  izerdia bera lurruntzen zitzaidan. Kontua da justu puntu horretan urtegiaren ondoraino jaitsi behar dela, eta gero urtegiaren parean hainbat kilometro egin behar direla… Nahiago nuen aldapa gogorren bat igo behera joan baino. Gainera, urtegiko zati handi bat izotzak estalita zeukan, eta horrek ere hotza adierazten zidan, hotz psikologikoa. Eskerrak urtegiaren ondoren berriz ere gora egin behar den. Gainera, Escarrillako tunela igarotzean, kotxeen hurbiltasunak sortzen duen tentsioak hotza ahazten lagundu zidan. Gero berriz gora, eta azken atsedenaldia Lanuzako urtegian… Berriz ere zati laua eta hotza. Urtegia zeharo izoztuta zegoen, ez nuen sekula ikusi urtegirik izoztuta, Bubalekoaren zati bat izoztuta ikusteak harritu egin baninduen, zer esanik ez Lanuzkoak. Azkenean Formigalera iritsi nintzen, eta han Anayeteko aparkalekura beste bost kilometro falta zirela ohartu nintzen, Urdanetara igotzea bezalako zerbait izango zela pentsatu nuen, baina ez, hori baino gutxiago kostatu zitzaidan. Gainera zatitxo bat behera ere badauka, eta ordurako hotzetara ohituta nengoen. Aparkalekura iristean tren txu-txuko gidariak bozina txoropito samar batekin zoriondu ninduen, eta, saioa bukatzeko,  autokarabanan aspaldian hartu dudan dutxa berorik ederrena hartu nuen.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Piriniotan hotzaren gainetik-ri

  1. egilea: ibusg

    aspaldiko ziztazalea, pozten nauk hire txokora berriz’e bueltatu izana. Jakan geatu izan baitzean, Biescaseraino jun beharrean mondeju muttur bat emango nike. Belauneko mine etzin kenduko, baino bai estomagoko tristure.

    Esan baita ere,  zarauzko haize zakar eta heze hoietatik ihes egin nahi badek, txintxarrisferako magal beroa beti irikita daukekela. Hi, ez dek, proposamen makala, e!

  2. egilea: Marije Manterola

    Aupa Joseba, bizikleta gainean primeran habil, irakurri diat. Ni ere bai, oso gustura nenbilek nire biziklea berriarekin. Egia duk bizikletan ibiltzea ez dala sekula ahazten!
    Belauneko mina aipatzen duk. Zer moduz habil tratamendu eta enparauekin?
    marije@manterola.org

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude