Madariaga auzoan atseden har daiteke
Bide lasai horietakoa da (aldapatsuak diren gehienak bezala). Gainera Zarauztik Azkoitira joatea eskatzen du, bai eta itzultzea ere! Beraz, gutxienez, goiz-pasa egitea komeni da. Aurreko sarrera batean Madarixarako igoera komentatuko nuela esan nuen, eta emandako hitza bete beharra dagoenez, horra!
Sarritan egin izan dugu zakilla-buelta, batez ere denbora gehiegi ez daukagunean, baina beti bide berdinak ez egitearren, aldaerak ere asma daitezke, eta hemen bertan ere azaldu izan dut halakorik. Denboraz benetan larri egon ezkero, Zakilla-buelta Txikia ere egin daiteke (Meaga jeitsi ondoren Oikia aldera jo eta handik Zumaira, edo alderantziz, noski). Gaurko ibilbidea ere multzo horretan sar daiteke: Meaga aldera joan eta Getaria aldetik itzuli. Gaurkoa, ordea, luzeagoa da, eta iraetan Arroa aldera joan beharrean Zestoa aldera joan behar da. Hemen, Endoiara doan bidea har genezake, eta hortik Itziarrera (hori hurrengo baterako laga beharko dut), baina gaurkoan bide errazetik jarraitu behar dugu Azkoitiraino. Batere aldaparik ez dago Iraeta eta Azkoiti artean, beraz gehiegi nekatu gabe iritsi gaitezke. Azkoitian Elgoibarrera doan bidea hartu behar da, berez bi bide daude, bide zharra eta bide berria. Nik jarri dudan grafikoan bide zaharrari dagokion perfila ageri da. Bide berria zuzenagoa eta gogorragoa da, eta guk berritik egin genuela gogoratzen dut: zubi batean puenting egiten ari ziren eta ikusteko aitzakiarekin atsedenalditxoa hartu genuen (Imamol eta biok gindoazela uste dut). Hala ere gora iritsi baino lehen bide zaharrera pasa behar da, berriak tunel batetik barrena Elgoibar aldera jarraitzen baitu, eta guk Itziar aldera joan nahi genuen. Madariaga auzo aldera doan bidea hartu behar da, eta hor ere aldapa gogorra dago. Grafikoan gorriz agertzen da bidegurutzetik aurrerakoa. Lehenengo aldiz igo nuenean Madariaga auzora iritsitakoan aldapa han bukatzen zela uste nuen, baina bertako batek aldapa gogorrena hortik aurrera zegoela esan zidan, eta esan bazidan esan zidan! Kilometro eta erdi % 10eko maldarekin. Izorrai. Gero Aittola aldera garamatza bideak, eta aurrera jarraituz aldapa latza dago beherantz (LoroƱok esan zuen bezala, Mortirolo Txiki). Halako batean Endoiatik datorren bideak honekin bat egiten du (hori ere aldapa latza da!) eta Itziar aldera jarraitzen du. Lasturrera doan bidegurutzea dator gero, baina ez dugu bertara joan behar, Itziar aldera jo behar baitugu. Hor bideak pixkat gora egiten du, baina ez da beste munduko ezer. Itziarko industrialdera doa bidea, eta handik, Itziar herria (?) igaro ondoren, N-635 errepidera sar gaitezke. Aldapa behera dago Arroaraino, disfrutatu egin daitekeen aldapa. Pedalei berriz eragin behar zaien puntuan berezko zakilla-bueltaren ibilbidearekin bat egiten duen puntua dago (beno autopistaren gainetik pasa ondoren ere pedalei eragin beharra dago…). Nahikoa aldapa igo ez badugu, Baduatik barrena Meaga aldera joateko aukera ere badago, baina hori gabe ere nahikoa dela iruditzen zait.
Ibilbidea azpiko mapan ikus daiteke, eta bertan perfilari dagokion zatia gorriz adierazita dago: