Baigorritik gehiago igo behar da.
Langileen eguna astelehenean zenez, aste bukaera hiru egunekoa izan da. Aukera alferrik ez genuen galdu eta Nafarroa aldera joan ginen Baigorrin ospatu behar zuten Nafarroaren eguna ezagutzera.
Erratzura joan ginen. paraje zoragarria da: etxeak ederrak, herriak politak, ura leku guztietan, zuhaitzak udaberriko berde argiz jantzita… Alegia, bizikletaz inguruak ezagutzeko aukera hobezina neukan eta ez dut ez alferrik galdu. Erratzutik Baigorrirako bidean Izpegiko gaina dago, eta bertara bi aldiz jo nuen. Lehenengo aldian izpegira joan-etorria egin eta gero, Iñarbil aldera jo genuen, bigarren aldian, berriz, Baigorrira joan nintzenez, Izpegirako bi igoerak egin nituen.
Erratzutik irten bezain pronto bideak gorantz egiten du, baina ezin esan aldapa handia denik, Aranea errekaren parean egiten ditu lehenengo hiru kilometroak, eta bataz beste ehuneko 3 inguruko malda dauka (hasieran gutxixeago), hala ere, errekaren eta bideko etxetxoen edertasunari begira, aldaparik ez balego bezala egiten dira lehendabiziko kilometroak. Halako batean, bihurgune handi baten ondoren, aldapa gogortu egiten da, errekaz ahaztu eta gora egiten du bideak. Baina ez da aldapa gogorra, ehuneko 5.1-eko malda baitauka. Gainera, Aritzez inguratutako bidea da, asko zaharrak, batzuk erreta daude (aspaldiko sute batean nonbait) ez ordea gazteenak, eta horiei begira erraz egiten dira kilometroak. Inguruko zelaietan ardi asko ikus daiteke, eta garaiari dagokion bezala, artzaia artilea mozten ere ikusi ahal izan genuen. Azken baserrien ondoren, zuhaitzak desagertu egiten dira, eta inguru horietan, lehendabiziko igoeran, bele beltz lotsagabe batek bera baino bi aldiz handiagoko arranoa nola uxatu zuen ikusi ahal izan genuen.
Bigarren igoera zeharo bestelako izan zen: oso goiz jeiki eta lainotuta zegoela ikusi nuen. Ni bakarrik joan nintzen, eta Baigorrirainoko bidea egitea erabakita neukan. Bezperan, Nafarroaren egunaren aitzakipean Baigorriraino kotxez joan ginen, eta bide hori bizikletarentzat egokiagoa zela iruditu zitzaidan, beraz, ibilbidea zein izango zen argi neukan:
Lainoa zela-eta, bizikletaren atzeko argi gorria ere piztu egin nuen errekaren parean nindoan bitartean, ez kotxe asko zebilelako (uste dut bi edo hiru ikusi nituela bide guztian – 2 ordutan!), baina zuhurtzia… Dena den, gora egin ahala lainoa gutxitu egin zen, eta zuhaitzez inguratutako eremua utzi baino lehen zeru urdina ikusi ahal izan nuen, gainera, zuhaitzen artetik Autza mendiaren tontorra eguzkiak argituta ikusi nuen (goizeko zortzirak ez ziren artean), beraz, giro aparta izango nuen hortik aurrera! Zuhaitz artetik irten eta goraxeago atzean utzitako bidea lainozko itsaso azpian zegoela ikus ziteken, orduan gogoratu nuen aurreko batean hartutako erabakia: bizikletaz beti kamera eramatea erabaki bainuen (oraindik ez dut bete erabakitakoa). A ze nolako ikuskizuna! Ederki egongo litzateke hemen nik ikusitakoaren argazkia, baina…
Izpegira iritsitakoan Baigorrirako jeitsiera egin nuen: kotxe bat ni baino hiru minutu lehenago abiatu zen, eta nik oso mantso jeitsi nuen aldapa, ez bainuen bidea ezagutzen, baina hala ere kotxearekin batera iritsi nintzen behera. Bidea, gune askotan oso hestua da, ez dauzka bihurgune zailak, baina eskubi aldean dagoen amildegiak errespetoz hartzera bultzatzen du.
Baigorrira iritsitakoan bezperako parrandaren ondorioak ikusi nituen: plastikozko milaka baso eta litrona plazako lurrean. Eliza ere hantxe zegoen, eta ikustera sartu nintzen. Sorpresa gozoa izan zen, ez baita oso ohikoa horrelako eliza ikustea: barruan hiru pisuko egurrezko egitura dauka (ez da egoera oso onean egongo, bertara igotzea debekatuta baizegoen) eta sabaia ere berezia iruditu zitzaidan (negutegi baten antzekoa). Turismo apur horren ondoren bizikleta hartu eta berriz izpegira bidean jarri nintzen. Erratzutik baino gogorragoa da Baigorritik igotzea:
Distantzia laburragoa da(8.2 km), eta igo beharrekoa gehiago (620 m), bataz beste 6.3-ko malda, batere atsedenik gabe eta gora behera gutxikoa. Erritmo lasaia hartu eta horri eutsiz ondo igo daitekeen aldapa da. Hasieran, herriaren gainetik Baigorriri azken begirada botatzea erabaki nuen, eta horretan ari nintzela lau zikloturista zetozela ikusi nuen, haiekin igo nezakeela okurritu zitzaidan, baina bizikleta hartu eta haiek harrapatzerako laukotea apurtuta zegoen, eta gogorrean igotzeko asmoa zeukatela ikusi nuen. Beraz, nire erritmoa hartu eta, paisaiari begira, lasai joatea erabaki nuen (edadea ote?). Nire urtebetetze egunean bihotzekoak jota geratzea ez zitzaidan ideia oso ona iruditu… Gora iritsitakoan, laukotea boskotea zela ikusi nuen, nire atzetik, ni baino mantsoago (eta zaila da!), kamiseta bereko boskarrena iritsi baitzen. Jakin izan banu harekin egingo nuen igoera (gabatxo pixkat platikatzeko). Erratzurako jeitsiera besterik ez zitzaidan geratzen, gainera, bezperan bide beretik joan nintzen, eta banekien non zeuden bihurgune arriskutsuak, beraz, jeitsiera difrutatzeko moduan nenegoen, eta halaxe egin nuen. Pena lurra hainbat lekutan egoera kaskarrean egon izana!
Bide politak horiek, bai horixe!
Lehenengo aldiz Izpegi igo nuenean gogorra eta luze xamarra iruditu zitzaidan eta behin erdi aldetik gora gerizperik gabea, egun eguzkitsutan goiz igotzea gomendatuko nuke.
Hala ere Erratzura egiten den jaitsiera oso-oso polita da.
Hi, laster Tourmalet atakatu beharko dek martxa honetan…. 🙂