Hasieratik bukaerara antzeko gogortasuna dauka
Asteasutik Alkizarako aldapa ere hainbat aldiz igo izan dut, bai kuadrilakoekin bai eta lankideekin ere. Aldapa laburra da, ez oso gogorra, baina sakatu egin behar da gora igotzeko. Gainera, bertarainoko bidea mundiala da, lehendabizi Aiara joan behar da, Aiarako ohiko igoera hemen dago komentatuta, Aiatik aurrera gora jarraitu behar da, andazarratera, gora dela esan badaiteke behintzat bide zoragarri hori! Handik asteasurako bidea beheranzkoa da, ederra aldapa! jaisteko hobea igotzeko baino… Hori hurrengo batean komentatu beharko dut. Asteasun Billabona aldera jarraitu behar da; aurreraxeago, lantegi batzuren ondoan, eskuinaldera hartu behar da, eta hiru kilometro eta erdiko igoera dotore hau hasten da.
Ernioren magalean dago Alkiza eta bertaraino oso urrutitik datozen izpiak iristen dira. Ordenadore pantailaren izpiekin ez bezala, begiei lasaitu ederra eman dakieke handik batera eta bestera begiratuz.
Aterpedun frontoi ederra ere badago alkizan, eta nahi izanez gero (edota libre aurkituz gero) pelota saio ederra ere bota daiteke bertan.
Bueltarako aukera asko daude, mapan ikus daitezke hiru adibide:
- Atzera buelta: Berriz andazarratera igo eta handik zarautzeraino 18 kilometro inguru aldapa behera…
- Billabona aldera jo, gero Adunara, Lasartera, Usurbilera, Oriora eta azkenean Zarautza.
- Imamol eta biok egin genuen beste bide alternatibo bat ere egin daiteke. Zizurkildik zuzenean Orioko Santiago auzora joan daiteke, basurde eta azeri bideetan zehar. Bide hori ere komentatu beharko dut noiz edo noiz, merezi du eta!