Itxasuren inguruko bideak
Lapurdi eta behenafarroan 6 bidaia egin genituen, lau kontatu ditut, baina beste biak sartzeko betarik ez dudanez, ibilbide guztien laburpena da ondoko mapa. Falta diren biak hor ikus daitezke. Zin dagit bi horiek hurrengo batean komentatuko ditudala…
Hi, Joxeba:
Hire ibilaldi polit horietan ezagutu duan “Pas de Roland” hori zer duk, han Errolanik ez zegoela? Pas du tout, aixkiria. Barkatuko diagu pentsatuz bizikletari eragiten pott egina iritsi hintzela leku eder horretara eta ez huela ikusi han berean afitxean euskaraz ipintzen zuena: Ateka Gaitza.
Emaiok begiratu bat honi:
http://www.armiarma.com/klasikoak/
idazlanak/D/DakonagerreAtheka003.htm
Eta zer moduz hire esperimentua propoliarekin? Psoriasi puntuak hobetu al dizkik?
Pello Agiña.
Onartu beharra daukat euskarazko izenik ez genuela ikusi, bide-sinaleetan frantsesez azaltzen zen, eta ez ginen konturatu inon afitxik zegoenik euskarazko izenarekin, ez dakit nekearen ondorioz ala gure abiada bizkorrarengatik pasa ote ginen hura irakurri gabe…
Abuztuan propoliarena desmadratu egin zait, kanpinean bi aste pasa ondoren hona itzuli eta “Aiako Igoera Nagusiaren” ingurukoekin despistatuta ibili naiz. Dena den propoliak eragin ona dauka psoriasisean eta hartzen jarraituko dut.
Barkatuta hago, Joxeba. Itsasuraino bizikletan iristeko talentua banu…
Bestalde, ez zakiat hemen bixtan hitz egin nahiko duan horretaz, baina benetan interesatzen zaidak jakitea zein izan den zehazki propoliaren eragina hartu duan denboran. Ez diat komisiorik ;-).
Pello Agiña.
Agindua betetzera nator, bi bidaia komentatzea falta zaizkit eta horra.
Bai bat eta bai bestea lasai-lasai egiteko bideak dira, La Bastida eta Senpereko lakua ziren helburuak.
La Bastida ere “frantziako herri politenen” artean sartzen da, horrela dio herriaren sarrerako karteltxoak behintzat. Eta ez dut nik kontrakorik esango, ez horixe! Kanbotik Hazparnera joan ondoren La Bastidarako bidea hartu genuen, eta berehala iritsi ginen bertara, uste baino motzagoa egin zitzaigun bidea. Herria ikusteak merezi du, eliza eta bere ondoko hilerria ikusgarriak dira, hori da hori hildako mordoa dagoena bertan! Plazaren ondoan frontoia ere badago, iparraldeko herri guztien antzera, eta bertan egundoko partida jokatzen ari ziren. Ez dakit zein zen apustua, frantsesez ari baitziren jo eta su, baina gero ume bati euskaraz egin zion irabazleak. Nire irudipena izango da, baina euskara umeei eta zakurrei hitz egiteko baino ez dute erabiltzen askok… Bueltako bidea ere erraza izan zen.
Beste ibilbidea, Senpereko lakukoa alegia, LaBastidakoaren antzera, nekerik ez pilatzeko modukoa izan zen. Ezpeletatik Zuraidera joan ginen, eta ondoren Senpererako bidean, ifar aldeko ikastolen festa (Herri Urrats) ospatzen den lakura iritsi ginen. Giro aparta geneukan eta bertan geratzea erabaki zuen Marik, baina nik aurrera jarraitu nuen. Azkainen Sara aldera hartu nuen, aldapa politta dago bide horretan, Larrunera doan trenaren geltokiraino igo behar baita. Hura atzean laga ondoren Sarara jeitsi eta Amotze aldera jo nuen. Kotxe oso gutxi zebilen bide horretan eta gustora egin nuen Senpererainoko bidea. Hango lakuan nik ere bainu ederra hartu nuen eta arratsaldean Itsasuko kanpinera itzuli ginen.