Euskaraz barra-barra

 


Euskara barra-barra Mintza Egunean


Euskara praktikatu eta mintza praktiketako taldeak elkar ezagutzeko helburuarekin Mintza Eguna ospatzen da gaur herrian. Euskal Herriko txoko askotatik bertaratu da jendea eta giro aparta jarri dute guztien artean.



 



 


Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatuta, Mintza Egunaren bosgarren edizioa ospatzen da gaur. Txalapartaren doinuekin eman diote goizeko 11:00etan hasiera mintza lagunen  elkarretaratzeari eta jarraian hamaiketakoa egin dute Biteri plazan. Bertan egin dute berba eta elkar ezagutu dute Euskal Herriko mintza praktiketako taldeetako kideak eta giro ona nagusitzen joan da poliki-poliki. Lore Gazteak dantza taldea eta txalapartariak izan dira animazioa ematen.


 


 


Eguerdian Arrasateko kaleetatik ibilaldi gidatu bat egin dute eta Ana Isabel Ugalderen eskutik, herriko txoko berezien inguruko azalpenak jaso dituzte. 13:30etan Seber Altube plazan Jokin Labaien eta Manex Agirrek bertsotan egin dute eta inguruan zeukaten jendetzak oso ondo pasatu du. Honen ostean, Portaloiko kanta taldeak eta Arrasateko trikitilariek zenbait abesti jo dituzte eta guztiak batera izan dira kantuan Seber Altuben. Ondotik pasatzen ziren hainbat herritarrek ere bat egin dute jaiarekin eta kantuan izan dira guzti-guztiak.


 


Jarraian, 14:30etan bazkaltzeko bildu dira guztiak Herriko Plazan dagoen karpan eta bertan jai eta lagun giroa nagusitu dira, euskararekin batera. Maitena Aranak, Zahar Berriko teknikariak, adierazi duen moduan, gaurko egunaren helburua, “euskara praktikatzea eta mintza praktiketako taldeak elkar ezagutzea da”, eta euskaldun jatorrak moduan, mahaiaren inguruan izan da horretarako aukera. 270 lagun inguru bildu dira Herriko plazako bazkarian eta alaitasuna eta poza arnastu zitezkeen giroan.


 


 


Bestalde, kafea hartu ostean, zenbait sari banatu dituzte bertaratutakoen artean. Guztiak ere euskaraz berba egiteko gogoa, gehiago ikasteko irrika, erakutsi dute eta aurrera jarraitzeko animoa adierazi. Uribekostako Ana Telo, Bergarako Nerea Altzelai, Arrasateko Mari Karmen Agilar eta Espe Sainz, Juanan Fernandez eta Mikel Ferrero bizkaitarrei eta duela 21 urte Euskal Herrira etorritako Gladis Villalvari eman diete sariak.


 


Musikarentzat tartea izan da gero eta Markina eta Bergaran bizi eta euskaraz abesten duten senegaldar eta ganbiarrek osatzen duten Kataia taldeak emanaldia eskaini du eta erritmo afrikarrak nagusitu dira karpan. Hala, euskal giro aparta, alaia, izan da Mintza Egunean eta guztiek ondo baino hobeto pasatu dute gaurko eguna.


 


 


kazetaria: koldo Carrillo


2010/06/06



 



 



 



 


 

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.