Zahar Berrirekin Goikurin

2005eko abenduko BERBETAN aldizkarian, “Ezetz asmatu” atalean, lehiaketaren irabazlea Maria Jesus Elkorobarrutia izan zen. Saria Arabako Murua herriko Goikuri nekazal turismoan gau bat igarotzea zen, gosaria eta erlaxazio gunea erabiltzeko aukera zeukan. Bere esperientzia ezagutzeko elkarrizketa hau egin diogu.


Arrasateko Udal Euskaltegia (AUE): Zer egin zenuen sari hori irabazteko?

Maria Jesus (M. J.): BERBETANeko lehiaketa batean parte hartu genuen eta neu izan nintzen irabazlea.

AUE: Noiz eta norekin joan zinen?

M. J.: Nire gizonarekin joan nintzen, maiatzaren 10ean. Larunbat goizean joan ginen eta egun osoa han pasatu genuen.

Data ez genuen guk aukeratu, haiek libre zeukaten egunetan joan ginen.

AUE: Nolakoa da baserria? Eta erlaxazio gunea?

M. J.: Oso polita da. XIX. mendeko baserria da, erabat berriztuta. Gelak eranskin batean kokatuta daude. Bakarrik bost gela bikoitz dauzka, batzuk bainu-gelarekin.

Erlaxazio guneak bi sauna (lehorra eta hezea) eta jacuzzi bat dauzka. Nik jacuzzia probatu nuen eta asko gustatu zitzaidan.

AUE: Zer moduz bertako janaria?

M. J.: Gosaldu egin genuen, bazkaldu eta afaldu ez. Nahi baduzu gauzak edo janaria eraman ditzakezu eta han prestatu .

Gosaria oso ona da; hazteko ogi beltz eta biologikoa eta bizkotxoa etxean bertan egindakoa. Baita garaiko frutak, jogurrak eta mueslia ere.

AUE: Inguru horrek zer egiteko aukera eskaintzen du?

M. J.: Oso paraje izugarria eta polita da, Gorbeiako Parke Naturalean kokatua.

Inguruan herri txiki asko daude oinez joateko modukoak, adibidez, Murgia, eta hortik Interpretazio Zentrura joatea aukera ona da.

Paseo asko daude pago artean.

AUE: Errepikatzeko moduko esperientzia?

M. J.: Bai, esperientzia oso ona izan da, egon naizen nekazalturismo guztien artean politena da eta askotan egon naiz eh?. Eta, gainera, euskeraz hitz egiteko aukera badago zuzendariak euskaldunak direlako.

AUE: Ba, eskerrik asko Maria Jesus eta hurrengo arte. Ea hurrengoan ere horrelako suertea duzun!

UDAL EUSKALTEGIKO 6. URRATSEKO IKASLEAK

M. J.: Eskerrak zuei eta nahi duzuen arte.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Erantzun bat Zahar Berrirekin Goikurin bidalketan

  1. egilea: inbidiosoa

    Inbidia galanta! nik ere parte hartu nahi dut zuen lehiaketa horretan!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude