Kategoriaren artxiboa: Sailkatugabeak

Salve!

Aurtengoan alkatea ez da joango Salvera.

Haserretu da Katolikoren bat edo beste. Eta normala deritzot.

Normala botereari horren loturik egon den erlijio bat denean. Normala Aita Santuak Estatu propioa duenean, Europako errege eta gobernu ugari kontrolatu izan dituenean azken 1000 urteetan, normala Nafarroan herritarrei muturren aurrean herri eraikinak kendu eta lasai geratzean.

Herri laiko baterantz, pauso logikoa deritzot. Tradizioaren defentsaren argudioa ere kamuts, Eliza Udaletik at!

Jolasteko debekua

Enarak udaberrian legez, itzuli da Biterira baloiaz, bizikletaz edota patinez jolasteko debekuaren kartela.

Bizilagunen kexak hor daude, haur eta gaztetxoek sortzen duten zarataren inguruan, batez ere gauez.

Lege eta ordenantzen debekuak ere hor daude, eskubide batzuk beste batzuen gainean jarriz.

Ferixalekua kotxez gainezka dago eta Biterin ezin da jolastu nahiz eta helduon jolasak gehienetan arriskutsuagoak izan.

Pozak eta jolasak ahalik eta muga gutxien hobeto.

Baginaren bakarrizketak

Ez dut antzerki lana ikusteko aukerarik izan, baina irakurri ditudan kritika guztiak oso positiboak dira. Sexuari buruzko antzeznal freskoa eta aktuala, ariketa zeharo sanoa edonorrentzat.

Aktoresen inguruan ere zer esan! Pertsonalki ezagutzen ditut Ainhoa eta Aitziber eta ez daukat eurenganako miresmena besterik. Bejondeiela biei, zorionak!

Dena den, txiste txar bat eginaz, nahiago dut baginaren bakarrizketa baino bagararen elkarrizketa. Ez garena imaginatzea baino sanoagoa delako garenetik duguna eraldatzea.

Jamaikabat!

Abertzale eta instituziozale dira, Iñaki Galdosek behin ta berriz dioen moduan.

Kontuan harturik gainontzeko alderdiak berez nahikoa instituzio eta poltronazale direla, hauen berariazko aitorpenak izutu egiten nau.

Binstituzionalistak badatoz, prestatu akoltxaturiko aulkiak!

30 minutuko ilunpea

Eguzki talde ekologistaren deialdiari jarraiki, gurean argindarrari muzin egin diogu greba egun honetako 19:00etatik 19:30ak arte.

Kandelak salako mahai gainean eta tranpa txiki bat, entxufatu gabe baina portatilarekin aritu gara baterian zuena aprobetxatuz.

Eta zer esan… 30 minutu luze egiten direla etxean eta ilunpean bazaude, argindarraren abantailarik gabe. Gazte eta ez hain gazteok, ezin dugu irudikatu gure etxebizitza argindarrik gabe.

Eta egia esateko faltan bota ditut telebista eta argia, kalefakzioa eta beste hainbat txikikeria. Nahiz eta jakin argindarrak onura asko ekarri arren afalosteko ipuin kontakizunak hil dituela, lo ordu preziatuak lapurtu dizkigula eta milaka aparatu elektronikoren jopu bihurtu gaituela.

Argindarrak ilundu ditu gure bizitza argitzen zituen hainbat jarduera.

Sindikalisto

Sindikalisto. Eskuinak asmatu du langileen mugimendua indargabetzen. Sindikatuetako kideak alferrak, subentzioei esker bizitakoak eta soilik beraien interesei zor direnak ei dira.

Ez naiz orain hasiko sindikatuak santifikatzen. Denetik dago gure enpresa eta herrietan. Baina ez gaitezen tranpan erori, boterearen propagandak ez dezala gure helburua lanbrotu.

Sekula baina arrazoi gehiago dago grebarako, ez diezagutela lapurretan horren erraz egin.

Aitor

“Arrosaren izena” nobelan, Umberto Ecok Italia iparraldeko monastegi zahar bat deskribatzen du. Liburutegi handia dute, kultur gune handia delarik. Gaur egun ez dirudi nekeza liburu sorta dezente bat metatzeak, baina irudikatu duela 900 urte liburuak banan-banan kopiatu behar zirenaren garaia. Nobelan hainbat kopiagile agertzen dira, pazientziaz eta jakinduriaz beteak lan geldo hori burutuz.

Hainbat mende beranduago, mekanizaturik dago idatzien kopia. Gutenbergen inprentak bezainbeste akaso ez, baina fotokopiagailuek asko erraztu dute lana. Erromantizisimoak erromantizismo, ukaezina da.

Baina horrek ez dio meritua kentzen Aitorri, olagarroa bailitzan mugitzen baita bere denda txikian. Berdin dio karnetaren kopia izan ala orri sorta mardula izan, trebe jardungo baitu beti .Gizonak bi gauza batera ez, lau gauza batera egin ditzake topikoak apurtuz.

Eta bere bezerook zut egoten gara, esperoan kontu kontari ala kortxoko orriak irakurtzen, horrenbeste makina dauden gela batean gizatasun asko egon daitekeela egiaztatuz.

Txikilandia

Disney Channel eta Clan TV artseniko dosi txikiak dira, Koldo Izagirreren hizkera erabiliz. Batez ere, ez garela konstziente zer ari garen ikusten ta noren eskutik.

Eskerrak noizean behin oasiak dauden basamortuan, haizea probestuz olatuak sortzeko. Olatuz olatu basamortua lorategizatu dezagun.

Josu Arteaga

Bere liburua oineztarria baino azkarrago igaro zen nire eskuetatik, harrapaladan irakurri bainuen.

Katu gizonen eskutik kontatu zigun bizimodu ruralaren kate luzea, protagonisten siniste eta konbikzioak, mixeria eta aintzak.

Kaletarrok, denok, irakurri beharko genukeen obra. Izan ere, gero eta gutxiago ulertzen ditugu nekazal giroak, arraro egiten zaizkigu, basa eta zibilizatu gabe, akaso gu gero eta anormalagoak garelako.

Bejondeizule Josu!

Mazembe

Mazembe, Kongoko futbol taldea, mundu mailako klub txapelketa irabaztekotan egon da. Afrikar talde batek irabaziko lukeen lehen aldia litzateke.

Samuel Eto´o kamerundarrak eman dio garaipena Mazemberen aurkako finalean Italiako Inter taldeari.

Afrikar batek zapuztu die ametsa beste hainbat afrikarri eta beste guztioi gogorarazten digu kolonialismoak bere hartan darraiela.