Hileko artxiboak: azaroa 2010

Udalatxeko harrobia

Udalatxeko harrobia ustiatzeko arazorik ez du ikusten Jaurlaritzako ingurumen sailak eta onespena eman dio Cantera de Campanzar enpresaren egitasmoari. Goienako albistean jartzen duenez gobernu autonomikoarentzat barne harrobiaren ideia “berritzailea” omen da, “paisaiari egiten dizkion kalterik nabarmenenak eliminatu” egiten
dituelako, eta baita ere “landareei eta faunari” egiten dizkion
kalteak ere.

Udal gobernuak debekatua zuen jarduera aurretiaz eta zigor prozedura martxan jarria dauka.

Niri zirrara txarra utzi dit gorputzean albisteak. Iruditzen zait ez gabiltzala ingurumen harrobi ona jorratzen.

Amaia, Miren, Jone eta Itziar

Larunbat goizez, Info 7ren aldeko eguna Arrasaten.

Ttan-ttakunaren oihartzuna, saldaren usain berpiztailea eta irratiko esatarien karpa.

Udaletxeko arkupeetan, istorio eta historia askodun harlauzen gainean Amaia, Miren, Jone eta Itziar aurpegiak margotu eta eskulanak egiten.

Zenbat irribarre sortuko zituzten dagoeneko Arrasateko eta Euskal Herriko haurrengan? Mila? Hamar mila? Arrasatearron hatzamar guztiak batu beharko genituzke kontua eraman ahal izateko.

Barne produktu gordina neurtzeko diru hotz eta sentimendu gabea erabiltzen da.

Ze prezio dauka irribarre batek? Burumakur gaudenean urreak lez, edo gehiago. Eta hau hala bada, lau neska hauek sortzen duten aberastasunak ez du parekorik.

Eskerrik asko!!!

sahararrrak, emakumeak, euskaldunak

Aurreko astean egon ginen arrasatear batzuk, gutxi xamar egia esan, plazan Marokoar gobernuaren astakeriak salatzeko. Txalo bat deialdia egin zutenentzat.

Aste honetan emakumeek pairatzen duten indarkeria salatzeko eguna dela eta, hori da gai zentrala webgune, egunkari, irrati eta telebistatan.

Hurrengo astean, euskararen egunak kapitalizatuko ditu medioetako arreta guztiak eta politikoen adierazpenak.

Zer pasako zaie burutik sahararrei, emakume jazarriei eta euskaldunei beraien gaineko fokoak itzaltzen direnean?

Irlanda (2)

Haur bati nola azaldu irlandakoa:

1.-Irlandako gobernua ultraliberala da, liberal txintxoenetan txintxoena. Oso ondo egiten ditu etxekolanak eta irakasleak zorionak ematen dizkio.
2.-Bankuak asko hazten dira eta inbertsio handiak egiten dituzte. Gora merkatua!
3.-Ooooohhh! Inbertsio txarrak ziren! Baina lasai, Estatuak ordainduko du erronda hau. Baina hau ez da eskuhartzea, bankuak lagundu eta liberal izan zaitezke. Tumatxa!
4.-Katxis, Estatuak ez dauka dirurik patrikan! Ba Estatua osatzen dutenek ordaindu beharko dute. Enpresek? Ez, bestela sozialistak ginateke! Herritarren kontuan apuntatu faktura.
5.-Buruketaren emaitza: bankuek jolasten jarraitu dezakete eta herritarrak zigorturik daude!

Gogoratu lezioa, gu ez gaude urrun eta!

Irlanda

Irish Times eta The Guardian aldizkariek argi hitz egin dute: jokoan dago Irlandaren subiranotasuna.

Niri fakultatean irakatsi zidaten subiranotasuna herrian zegoela eta honek boterea eratortzen ziola berak aukeraturiko organo politikoei (parlamentua…).

Liburu zaharkitu bezain okerrak nituen akaso esku artean…

Neoliberalismoaren seme kuttunak, pott egin behar du. Horra paradoxa, etxekolan ekonomikoak ondo egiteagatik Estatu oso bat txulora joatea.

P.S.

Informazio gehiagorako: http://www.argia.com/albistea/irlandan-ikusi-burbuila-lehertu-ostean-zer-datorren

Ideia zabaldu

Euskaltzaindiako areto nagusia, Plaza Berrian. Jagon sailaren urteroko jardunaldiak “Gazteak, aisialdia eta euskara” goiburupean.

Lehen hizlaria Jone Miren Hernandez, UPVko irakasle eta antropologoa. Gazteak eraikuntza kulturala direla dio, iraganean haurrak eta helduak zeudela soilik Euskal Herrian. Kapitalismoaren eraikuntza omen dira, kontsumismoaren seme-alabak ei gara gazteok.

Ta halako batean, dio Negu Gorriak taldekoak direla euskal gazte lez identifikatu diren lehenak, rap-a txertatuz euren kantuetan.

Ze polita den surrealismoa eta euskaltzainak ikustea Negu Gorriak taldez gogoetan, Ferminek berak ere nekez irudikatuko zukeen horrelakorik orain dela 20 urte.

Fluoreszeidina

Begiratu zure eskuei.

Begiratu aldamenekoen eskuei.

Begiratu kaletik doazenen eskuei.

Ni ahalegindu naiz KH7rekin, amonaren errezetekin eta Arantzazu aldera eginiko peregrinazioekin.

Urriaren 24an errekak ez ziren zikindu. Urriaren 24tik gure eskuak zikindu ziren, ez gabiltzala ezer egiten zentzugabekeriaren aurka.

Visa

Visa txartelari kea atera diogu.

Edozein Beramendik lez arduragabe jatetxe
garestietan jan dugu, opari garestiak erosi ditugu, dela Eroskin, dela
plazako dendan, dela El Corte Inglesen.

Festa amaigabea izan da gurea. Gastatu eta gastatu, fakturarik ordaindu gabe.

Baina
hartzekoduna etorri zaigu zorrak erreklamatzera. Orain arte libratu
ahal izan gara, baina gero eta eskasagoa da geratzen zaigun marjina.

Kantauri
itsasoan arrain guztiak arrantzatu ostean, baleak akabatu ostean panga
da mahaian arraina jartzeko aukeretako bat. Gaur irakurri eta entzun
dugunez, aukera garestia da osasun ikuspegitik.

Baten batek uste zuen aurretiaz naturari egindakoak ez zuela ordainik eduki behar?

Aurkezpena

“Nik uste dut idazteko, nahikoa dela esateko zerbait edukitzea, besteren esaldiekin ala propioekin”
Pio Baroja

Bertsolariek dioten lez, ondo esanak ondo hartu eta gaizki esanak barkatu.

Espero dut atsegina eta iradokitzailea egingo zaizuela nire testuen irakurketa.

Ongi etorri.