Hileko artxiboak: urtarrila 2011

30 minutuko ilunpea

Eguzki talde ekologistaren deialdiari jarraiki, gurean argindarrari muzin egin diogu greba egun honetako 19:00etatik 19:30ak arte.

Kandelak salako mahai gainean eta tranpa txiki bat, entxufatu gabe baina portatilarekin aritu gara baterian zuena aprobetxatuz.

Eta zer esan… 30 minutu luze egiten direla etxean eta ilunpean bazaude, argindarraren abantailarik gabe. Gazte eta ez hain gazteok, ezin dugu irudikatu gure etxebizitza argindarrik gabe.

Eta egia esateko faltan bota ditut telebista eta argia, kalefakzioa eta beste hainbat txikikeria. Nahiz eta jakin argindarrak onura asko ekarri arren afalosteko ipuin kontakizunak hil dituela, lo ordu preziatuak lapurtu dizkigula eta milaka aparatu elektronikoren jopu bihurtu gaituela.

Argindarrak ilundu ditu gure bizitza argitzen zituen hainbat jarduera.

Sindikalisto

Sindikalisto. Eskuinak asmatu du langileen mugimendua indargabetzen. Sindikatuetako kideak alferrak, subentzioei esker bizitakoak eta soilik beraien interesei zor direnak ei dira.

Ez naiz orain hasiko sindikatuak santifikatzen. Denetik dago gure enpresa eta herrietan. Baina ez gaitezen tranpan erori, boterearen propagandak ez dezala gure helburua lanbrotu.

Sekula baina arrazoi gehiago dago grebarako, ez diezagutela lapurretan horren erraz egin.

Aitor

“Arrosaren izena” nobelan, Umberto Ecok Italia iparraldeko monastegi zahar bat deskribatzen du. Liburutegi handia dute, kultur gune handia delarik. Gaur egun ez dirudi nekeza liburu sorta dezente bat metatzeak, baina irudikatu duela 900 urte liburuak banan-banan kopiatu behar zirenaren garaia. Nobelan hainbat kopiagile agertzen dira, pazientziaz eta jakinduriaz beteak lan geldo hori burutuz.

Hainbat mende beranduago, mekanizaturik dago idatzien kopia. Gutenbergen inprentak bezainbeste akaso ez, baina fotokopiagailuek asko erraztu dute lana. Erromantizisimoak erromantizismo, ukaezina da.

Baina horrek ez dio meritua kentzen Aitorri, olagarroa bailitzan mugitzen baita bere denda txikian. Berdin dio karnetaren kopia izan ala orri sorta mardula izan, trebe jardungo baitu beti .Gizonak bi gauza batera ez, lau gauza batera egin ditzake topikoak apurtuz.

Eta bere bezerook zut egoten gara, esperoan kontu kontari ala kortxoko orriak irakurtzen, horrenbeste makina dauden gela batean gizatasun asko egon daitekeela egiaztatuz.