Gure esker ona euskarara hurbiltzeko ahalegina egin dutenei

Imagen 2

Aste honetan ‘Hesiak Gainditzen’ ikus-entzunezkoa izango dugu abiapuntu Tertulia saioan. Arrasateko Txatxilipurdi elkarteak Artemanekin egindako lan honetan 50. hamarkadan Espainia hegoaldetik gurera etorritako gizon-emakumeak dira protagonistak.

Egoera politiko eta ekonomiko konkretu horretan hesiak altxatu ziren bertakoek eta etorritakoek osatu zituzten komunitateen artean.

Hala ere, askok euskara ikasteko edo euren seme-alabei gerturatzeko ahalegina egin zuten.

Gaur egun zein da egoera? Bada kanpotik datozenendako harrera planik? Estrategia egokiak lantzen ditugu euskarara hurbiltzeko?

Txatxilipurdiko elkarteko zuzendari Eneko Barberena, AEK euskaltegiko zuzendari Oskar Elizburu eta euskara berreskuratu duen Andoni Altzelai izango dira Tertulia saioan.

Kultura aniztasuna gaur egun

Imagen 2

Arrazakeriaren eta senofobiaren aurkako nazioarteko eguna da gaur, martxoak 21.

Aukera baliatuko dugu Tertulia saioan kultura aniztasunaz berba egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak ekoiztutako ‘Gu, jatorri anitz, herri bat’ ikus-entzunezkoa ikusiko dugu eta berbalagun izango ditugu saioan Aldundiko Migrazio eta Dibertsitate zuzendari nagusi Marcos Nanclares eta Oñatiko Auzoko egitasmoko dinamizatzaile Urko Egaña.

Zahartzaroa izango dugu aztergai ‘Maritxu’ ikus-entzunezkoarekin

Maritxu 80 urteko emakumea da. Bakarrik bizi da baserrian eta bere alaba bisitatzera joateko zain pasatzen du eguna. Kepa Errasti aretxabaletarrak zuzendutako laburmetraia da ‘Maritxu’, eta abiapuntu hartuko dugu Tertulia saioa egiteko.

Zahartzaroa hizpide

Gero eta zaharragoa da gure gizartea, eta horrek zenbait egoera eta behar sortzen ditu. Laguntza premia, bakardadea… lotzen ditugu zahartzaroarekin.

Gaia aztertuko dugu Tertulia saioan errealitate hori gertutik ezagutzen duten gonbidatuekin.

Y belaunaldia izango dugu bigarren hizketagaia

‘Erretenak: Y belaunaldia eta kulturgintza’ izango dugu ikusgai aste honetako Tertulia saioan. Ander Bolibarrek eta Kepa Matxainek Sorguneak ikertegiarentzat egindako lana da. Jomugan, Y belaunaldia —gutxi gorabehera 80. hamarkadan jaiotakoak— eta kulturgintza.

Imagen 1

Honela aurkezten du ikus-entzunezkoa Kepa Matxainek:

“Axolagabekeriaren belaunaldia, belaunaldi galdua, X belaunaldia. Hala deitu izan zaio 70eko hamarkadan jaiotakoen belaunaldiari. Ordura arte indarrean ziren balioak ukatu zituzten, besteak beste, erlijioa, abertzaletasuna, familia, edo belaunaldiz belaunaldi igarotako tradizioak. Funtsean, ordea, sakoneko paradigma aldaketa baten aztarnak ziren haiek guztiak, modernitatetik posmodernitaterako jauzia ari baitzen gertatzen. X belaunaldiaren ondorengoari, berriz, Y belaunaldia deitu zitzaion, eta 80ko hamarkadan jaiotakoek osatzen dute gutxi gorabehera. Baina nolako kezkak dituzte Y belaunaldikoek? Sentitzen al dute beren burua belaunaldi bateko kide? Zer iritzi dute kulturgintzako problematika orokorrez? Nola bizi dute transmisioaren gaia, edo tradizioaren berrikuntza, edo lehendik datorren fluxuari segida ematea? Guk fluxu horretako zazpi erreten ekarri ditugu hona”.