Etiketaren artxiboa: telebista

Iragarkiak hil du telebistako izarra

Itxuraz, gero eta gutxiago ikusten da telebista. Internetak eta enparauak sekulako kaltea egin omen diote orain arte telebistak zuen monopolioari.

Egongelaren ondoko geletako pantailetatik etorri omen zaio lehia handia telebistari baina, telebistak berak (edo, hobeto esanda arduradunek eta programatzaileek) izango du (dute) galera horretan erru zatiren bat, ala?

Programa txar asko eta publizitate larregi: nahaste inposiblea!

Ez da, segurutik, bakarra izango baina, publizitatea da, gaur egun, telebistak duen etsairik handi eta arriskutsuenetariko bat. Guztien artean, jakina, iragarki ugari dago ikusteko modukoak baina, hainbeste jarraian (eta hainbestetan) botata!

Saio interesgarria bada ere zaila egiten da publizitateak eta kateen auto-publizitateek etengabe egiten dituzten mozketa horiek eramatea, atera kontuak programa txarra izanda!

Bitxikeri bat. Gutxi es mucho euskararen aldeko kanpainako iragarkiak ez ditut behin ere telebistan ikusi. Iragarki horiek Interneten ikusi ditut, nik nahi izan dudalako eta nik nahi izan dudan unean.

Aitortu beharrean nago Ukan birusaren kontra hamaika eta bi bota eta gero, asko gustatu zaizkidala kanpaina horretarako egindako spot-ak. Antzera gertatu zaio aspaldiko lagun honi.

Horrelako zer edo zer behar du telebistak: “Iragarki gutxi es mucho”. Publizitatea gozatzeko gogoa piztu. Bestela, bereak egin du.