Etiketaren artxiboa: publizitatea

Iragarkiak hil du telebistako izarra

Itxuraz, gero eta gutxiago ikusten da telebista. Internetak eta enparauak sekulako kaltea egin omen diote orain arte telebistak zuen monopolioari.

Egongelaren ondoko geletako pantailetatik etorri omen zaio lehia handia telebistari baina, telebistak berak (edo, hobeto esanda arduradunek eta programatzaileek) izango du (dute) galera horretan erru zatiren bat, ala?

Programa txar asko eta publizitate larregi: nahaste inposiblea!

Ez da, segurutik, bakarra izango baina, publizitatea da, gaur egun, telebistak duen etsairik handi eta arriskutsuenetariko bat. Guztien artean, jakina, iragarki ugari dago ikusteko modukoak baina, hainbeste jarraian (eta hainbestetan) botata!

Saio interesgarria bada ere zaila egiten da publizitateak eta kateen auto-publizitateek etengabe egiten dituzten mozketa horiek eramatea, atera kontuak programa txarra izanda!

Bitxikeri bat. Gutxi es mucho euskararen aldeko kanpainako iragarkiak ez ditut behin ere telebistan ikusi. Iragarki horiek Interneten ikusi ditut, nik nahi izan dudalako eta nik nahi izan dudan unean.

Aitortu beharrean nago Ukan birusaren kontra hamaika eta bi bota eta gero, asko gustatu zaizkidala kanpaina horretarako egindako spot-ak. Antzera gertatu zaio aspaldiko lagun honi.

Horrelako zer edo zer behar du telebistak: “Iragarki gutxi es mucho”. Publizitatea gozatzeko gogoa piztu. Bestela, bereak egin du.

Etengabeko espantsioan

Gomendagarria iruditu zait Berrian, Arte ataleko “Autodefinituak zutabeko larunbat honetako “Mendeku txikiak” artikulua.

Robin Collyer artistaren obra aitzaki hartuta, publizitatearen definizioaz, betebeharrez eta sortzen dituen menpekotasunez kritika zorrotza eta interesgarria egiten du Xabier Gantzarainek bere zutabean…

Hemen duzue artikulu osoa, merezi du irakurtzeak…

        “Munduan beste askok legez, nik ere irakurri egiten ditut neuk idatzitakoak. Eta motz gelditu izanaren sentsazioak ematen dit amorrurik handiena. Hauxe idatzi nuen, esate baterako, orain dela ez asko: «Besterik pentsa daitekeen arren, publizitateak aspaldi utzi zion produktuak saltzeari. Orain zeregin jasoagoa du, zailagoa, garrantzitsuagoa. Markaren irudia sortu behar du, balizko eroslearen enpatia bilatu behar du, arrazoi bat eman behar dio produktua eros dezan. Eta arrazoi horiek ez dira arrazionalak gehienetan. Publizitateak beste lotura batzuk bilatzen ditu: emozionalak, afektiboak, estetikoak, ideologikoak».
        Eta ez nuen esan, ez nintzen konturatu, publizitateak baduela, produktuak saldu, markaren irudia sortu eta balizko eroslearen enpatia bilatzeaz gainera, beste zeregin bat, guztietan inportanteena: publizitateak mundu perfektua eskaintzen digu, izaki zoriontsuz betea, gizon erakargarri eta ausartez, emakume eder eta liberatuz; mundu perfektua, hatsaren kiratsa edo alkandoraren zuria beste arazorik ez duen jendez betea, bere katua ongi elikatzea beste kezkarik ez duen jendez habitatua.
        Publizitateak mundu perfektua eskaintzen digu; ez han eros dezagun bakarrik, ordea, han bizi gaitezen baizik. Publizitateak babesa eskaintzen digu. Gure bizitza gris eta inperfektuei kolorea jartzeko erremedioa eskaintzen digu: zer desio behar dugun erabakitzen du gure partez. Zoriontsu izateko modua eskaintzen digu.
         Faxismo guztiek izan dute propaganda euren lehentasunetan. Adolf Hitlerrek berak garbi idatzi zuen, bere Mein Kampf liburuan, propagandaren beharraz ez ezik, propagandak eragingarri izateko behar zituen ezaugarriez. Propagandak izan behar zuen, bere iritziz, maila intelektual baxukoa, motzenak ere ongi jasotzeko modukoa. Ez dakit nik zein ejertzitok salbatuko gaituen publizitatearen faxismotik.
         Publizitateak ez du inor hiltzen, esango duzue agian, baina ez du bizitzen uzten, erantzungo dizuet nik. Bazter guztietan dago, etengabe hedatzen du bere mezua, beti daukazu zer hobetua: argaldu, edertu, aberastu. Arrakastaren mitoa gizentzen du, menperatuok errealitatearen kontzientzia galdu eta menperatzaileen ideologia barnera dezagun.
        Menperatuaren aukera bakarra mendeku txikiak hartzea denez, eta artea oraindik erresistentzia eremua izan daitekeenez, Robin Collyer artista kanadarrak bere inguruko paisaia urbanoak hartzen ditu argazkietan, eta gero, Photoshop bidez, ezabatu egiten ditu handik, publizitatearen arrasto guztiak, ezein ejertzitok salbatuko ez gaituen faxismotik askatzeko, gure begiradak bederen”.

Ikusgarria da zein eremu zabal eta, askotan, definiezin diren publizitatearena eta artearena, biak, gainera, etengabeko espantsioan egonda: kontzeptu, hizkuntza, euskarri, lan-tresna, disziplinen arteko harreman edo erabiltzaile-kontsumitzaile berrien bila…  

Askotan, ez da erraza izaten bi mundu hauen arteko mugak (edo zorrak!) argi zehaztea, eta hurrengo, berriz, publizitateak begi aurretik ezabatuta artelan eder baten abiapuntua markatu daiteke. Ikaragarria.

Hala ere, argi! Batek daki, aurrerago, ez dugun ikusiko artista honen argazkiak publizitateren baten…  arteak, publizitateak eta mendekuak ez dute amaierarik-eta!

Birus estralurtarra

Graziosoa iruditu zait Osakidetzak egin duen Gripearen kontrako txertoaren publizitate kanpaina.

 gripejg8
 
Badute iragarkiek, retro-kataklismo itxura polit bat. Orson Wells-en “Munduen gerra”k kaleetan sortutako kaosaren parodiaren estilora baina, inbasio barik, gaixotasun kutsakor larri batek eraginda-edo…

Kartelak ikusita, ez dakizu, datorkizuna gripea den ala Ed Wood-en espazio-ontziren batean Venustik etorritako birus, edo bakteria, edo ez dakit zer, baina oso-oso arriskutsua izan behar duen zer edo zer…

Onartu behar dut nahiko argi zegoela, eta, hala ere, kostatu zaidala ulertzea. Hemengo luzeak eta  aipamen hauek irakurtzeak lagundu didate ikusten, benetan, zer zen zetorkiguna… tan-ta-ta-txan…
 logo_ukan_236x268
Telebistan ikusi nuen Ukan birusarena eta, ez dakit erdaldunen osasunaren egoeran zein ondorio izango duen, baina, euskaldunok, uste dut, guztiz akojonatuta gaudela panpina beldurgarri horrekin aurrez-aurrez topo egitearen ideia hutsarekin…

Jabetu egoeraren dramatismoaz. Kaletik zoaz paseoan, normal, eta derrepente, panpina arraro hori agertzen da zure aurrean…  begira dago eta besoak zabal-zabalik ditu zuri besarkada super-handi eta mega-alai bat emateko gertu, han, denon aurrean…
Mutila,beldurtuta
 
Traumatikoa izan behar du, derrigorrez. Argi ibili,  abenduaren hasieran birusa berriro ibiliko da kaleetan zehar… eskerrak, kontrako txertoaren kanpainari!
 
MONTAJEA

Seinale on

Ez dut sarrerarik egingo eta harira joango naiz, hala ere, nahi izanez gero gai honen gaineko bertsio osoago bat hemen duzue.

Laburrera joko dut:

  • Endesa-k iragarki sorta bat egin zuen ingelesezko “on” hitzarekin gaztelerazko hitzetara ekarrita.

  • Gas Natural enpresak epaitegietara jotzen du esanez, “on” hori, “no” subliminal bat besterik ez dela, hau da, beraien erosketa proposamenari “Ez” esateko modu ezkutua.
  • Epaiek, gauza hobeagorik egiteko ez daukatenez, kontu guzti honen gaineko azken erabakia prestatzen ari dira.
  • Endesak, publizitate kanpainarekin jarraitzen du.

Orain, bigarren zatia:

  • E.ON enpresa alemaniarrak Endesa erosi nahi du, eta gainera, prezio handiagoa ordaintzeko gertu dago.
  • Endesaren “E” + “On”, kanpainarena = E.ON

  • “Begira, guk esaten genuena. Dena aurretik prestatuta zegoen” diote, Gas Naturalekoek…

Eta, bukatzeko…

Orduan, eta teoria subliminal-paranoidearekin jarraituta, zer lortu nahi izan du Euskadi Gaztea irratiak bere lelo mitikoarekin, hots, Euskadi Gaztea: Seinale On … Garbi uztea, irrati moderno eta ona zela, ala, “Euskadi Gaztea: noooooooo, mesedez!” munduari oihukatzea?

Beno, gauza bat oso garbi dago, Euskadi Gazteak lehenago, eta gainera, askoz erabilera hobeagoa eta kontzeptu aldetik egokiagoa egin zuen ingelesezko “on” eta euskarazko “on” uztartuta.

Benetako hitz joko polita lortu zuten, konparantza barik “DimensiÓN” eta “RetribuciÓN” zatar horiekin…. gero, jakina, beste kontu bat da publizitatean saltzen dena eta programazioaren errealitatea…

Publizitate-gripea, azaletan

Aurreko batean, aipatu genuen publizitatean ematen ari diren nobedadeak eta, adibide aipagarrienen artean, egunkarien azalak goitik behera enpresa baten kolore korporatiboekin margotzearena ikusi genuen.

Ba, kontu hauek, (hegazti-gripea bezala?) kutsagarriak izaten dira. Bat hasi, eta gero, besteak, atzetik etortzen dira…

Begira, aurretik ezagutzen genituen Indiako gas konpainia batek tintatutako berde koloreko azal hauek…

edo, herrialde berdinean jarraituta, Orri Horien konpainiak The Herald egunkariarekin egindako tratua…

Ez dut alarmista izan nahi, baina, gero eta gertuago dago! Hirugarren munduan hasi, baina, dagoeneko Portugalen eman dira lehenengo kasuak, telefonia konpainiaren publizitate urdin hauek erakusten duten bezala…

Ni, egia esan, desiratzen nago, gure artean, kutsatuko den lehena nor izango den jakiteko… izan ere, izurrite guztiekin gertatzen den bezala, denbora eta diru kontua besterik ez da izango.

Euskadi Irratia. Edozertarako gertu

Orri osoko publizitate hau eskuratu berri dudan Nabarra aldizkariko urriko zenbakitik aterata dago. Bertan, “Euskadi Irratia. Gertu” lelopean etxe horretako hiru esatari ezagun agertzen dira: Ainhoa Etxebeste, Manu Etxezortu eta Maite Artola.

Batzutan, publizitateak nahi izaten dena baino gehiago uzten du agerian: inguru desordenatuak, postura xelebreak, edo, oraingo kasuan bezala, apunte pribatuak!

Jakina, orria jarri duten moduan jarrita, ezin izan dut tentazioari eutsi eta kuxkuxeatu egin dut Ainhoa Etxebesteren laneko koadernoan…

Nik, egia esan, elkarrizketa baterako galdera sorta edo albisteren bat egiteko apunteak aurkitzea espero nuen baina, zelako sorpresa! kalitate (mediatikorako?) plana ageri da bertan!

Hiru pausu zerrendatzen dira:

  • A) Trabajo por objetivos
  • B) Trabajo por competencias
  • C) Trabajo por proyectos de mejora

Eta gainera, tarea, actividad, sistemas de calidad, procesos, estrategia de planificación, recursos gestión, liderazgo… jeseus!

Halako hitz potoloak jasan eta gero, normala galderaren bat izatea, ala?

Izan, berea ote da koadernoa? Zergatik gaztelerazko testu bat? Atrezzoko koadernoa da? Nahita egindakoa da, ala kalitatearen gaineko eztabaida informal batean zeunden hirurak, argazkilaria, ustekabean, iritsi zenean?

Eta, azken galdera. Ordutik hona, ez du ezer berririk idatzi Ainhoa Etxebestek koadernoan? Apunteak, 02-07-10ekoak dira!

Aldizkarian, askoz hobeto irakurtzen da, hala ere, azpiko argazkian ikus dezakezue koadernoa detailean…

Publizitate inbaditzaileekin bueltaka

Eguraldia gutxienekoa da Infiniti auto bat gidatzen duzunean edo antzeko zer edo zer esaten du irudian agertzen den iragarki honen mezuak. Amerikako Estatu Batuetan argitaratutako iragarkia da, eta bertan, eguraldiaren orrian, eguraldiaren gaineko informazio guztia desagertu egin da, dena hutsik dago.

Irudi hau Aitor Garcia tekno-blogariak bidali dit Publizitate inbaditzaileen artikulotxoa osatzeko asmoarekin… Oraingoan, behinik behin, goialdean esaten da *Advertisment” dela. Zelanbait esateko, ohituta gauden “Publi-erreportaje” horietan bezalatsu (eduki informatiboa eta euskarriaren itxura hartzen duten publizitateak) baina, umore eta errealizazio hobearekin…

Publizitatea egiteko modu berri honen gainean, Javier Erreak Nuevos anuncios, ¿nuevos problemas? izenburupean artikulua idatzi berri du.

Ongi etorri publizitate inbaditzaileen garaira!

Orain gutxira arte edukia eta publizitatea oso modu garbian bananduta egon izan dira prentsa idatzian. Batetik, informazioa egon izan da, eta bestetik, eta fisikoki ondo desberdinduta, iragarkiak. Gainera, publizitatea modu logiko eta razionalean saldu izan da: moduluka. Iragarkiak saltzerako orduan, modulua izan da unitatea, neurria eta legea… Beno, ba bukatu da, ahaztu moduluak eta ongi etorri publizitate inbaditzaileen garaira!

Hemendik aurrera, ez da hain garbia izango desberdintzea zer den iragarkia eta zer eduki informatiboa. Gaur egun, dena egon daiteke salgai: eduki osoa, izenburuak, azalak, egunkarien mantxetak… denak, publizitate euskarri bilakatu dira!

Ikusi, www.newsdesigner.com blogetik hartutako publizitatea egitearen modu berri honen hiru adibidetxo:

Aste gutxi dela, Marca egunkariak azaleko eta barruko informazioa nahastu egin zituen inongo lotsa barik Moviestar enpresaren iragarkiarekin; hurrengo orri biak Mondays Australian egunkaritik hartuta daude, bertan, auto batek kiroletako azalean sartu eta edukia “harrapatu” egiten du, eta bide batez, ia orri osoa inbaditu, eskerrek gero, hurrengo orrian benetako azala jarri zutela!; eta azkenik, Indian ingelesez argitaratzen diren hiru egunkarien azal berde horiek daude, egun berean hiru egunkarien azalak, mantxeta eta guzti, berde kolorez margotuta kaleratu ziren petrolio eta gas korporazioa handi baten publizitatea egiteko…

Ba horixe, dena omen dago salgai, prezioa adostea da orain arazo bakarra.