Irudia egokitu behar izaten denean

Badakit norengana jo nire enpresen berri emateko!

“Ahaztu. Mezulari-zerbitzua” okurrentziarekin ez dut zorterik izan, baina, “Min. Akupuntura eta Medikuntza Txinatarra” egitasmorako ezagutzen ditut interesatuta egon daitezkeen batzuk.

Ez naiz urrun joan behar izango proposamena egitera… Hori bai, malgutasuna erakutsi beharko dut enpresak izango duen itxurarekin…

Logotipoaren aukera berri bat egitea erabaki dut eurenarekin bat etor dadin.

Min-ek izango duen irudi berria ikusita, asmatuko zenuke zein erakunduri buruz ari naizen?

Teilatutik hasita, enpresak eraikitzen

Oso gauza arrunta da erabiltzea diseinua eduki hutsalak ezkutatzeko.

Zenbat bider gertatzen da saltzen den produktuak ez duela kaxak duen mailaren konparantzarik ere?

Bi enpresa berri asmatzeko ideia izan dut, eta, horrelakoetan sarritan egiten den legez, teilatutik hasi naiz eraikitzen, hau da, diseinutik.

Ez dauzkat langilerik, ez bazkide kapitalistarik ezta egoitzarik ere. Oraingoz, logoak bakarrik ditut…

“Zabalik”en tipografia gaiztoa

Zabalik astekariaren oraingo diseinua lehengoa baino gustukoago dudala aipatu nuen aurrekoan ere hala ere, tipografia aukeraketan kale egin dute. Izenburuetarako eta sarreretarako apartatu duten tipo mota ez da testu luzeetan erabiltzeko modukoa. Esaldi motzetan hainbestean, baina besteetan… Oso zaila egiten da izenburu batzuk eta sarrera gehienak azkar eta eroso irakurtzea. Ikusi irudian bestela zelako deserosoa egiten den irakurketa eta zenbat pentsatu behar den mezua harrapatzeko.

Asko sinplifikatuz gero, tipografian bi kontzeptu orokor daude kontuan hartzekoak, ingelesezko Legibility edo irakurgarritasuna eta *Readability” edo irakurtzeko erraztasuna (itzulpena nirea da, proposamen hoberik balego gustura zuzenduko nituzke):

  • Legibility edo irakurgarritasuna. Tipografiaren diseinuarekin lotuta dago. Hizkien bana-banakako diseinua nolakoa den eta ea diseinu horrek irakurgarritasuna bultzatzen duen edo ez adierazten du. Adibidez, hizkiak batetik bestera ondo bereiztea (“L” eta “I” edo “M” eta “N” elkarren artean nahasgarriak ez izatea) eta hizkien trazoaren kontrastea nabarmena izatea lagungarriak izaten dira irakurgarritasunean irabazteko.
  • Readability edo irakurtzeko erraztasuna. Kontzeptu hori irakurleak izan lezakeen ohiturarekin lot daiteke, baina batez ere, tipografia baten erabilera konkretuarekin zerikusia du. Hau da, egoki edo desegoki erabiltzen den tipografia.

Egon daiteke bateren bat testu luzeak maiuskulaz, negritaz eta kurtsiban irakurtzeko arazorik ez duena, baina ez da normalena. Badira arau batzuk zaindu behar direnak irakurketa errazteko: testu luzeegiak letra larriaz edo kurtsiban ez idaztea, zutabeak estuegiak edo luzeegiak ez egitea, hizkien eta hitzen arteko espazioaren harmonia zaintzea…

Askotan gertatzen da, hala ere, letra mota bat ondo diseinatuta egon arren (irakurgarritasun arauak ondo betetzea), gero haren erabilera praktikoa eskasa izatea eta erraztasunean edo readability an kale egitea.

Zabalikek kasuan bietan egiten dute kale. Letra motak, berez, ez du irakurgarritasun handirik: hizkiek ez dute elkarren artean apenas desberdintasunik, “A” eta “R” edo “O” eta “D” hizkiak, adibidez, ia berdinak dira, eta horrez gainera, erabilera ez da egokia: testu luzeegiak letra maiskulaz, hitzen arteko hutsuneek irakurketa erritmoa apurtzen dute, kasu batzuetan testua estuegi dago, beste batzuetan txikiegi…

Letra mota, berez, ez zait zatarra iruditzen, baina zatarra eta polita hitzak alde batera utzita, halako lan baterako ez zait aukera egokia iruditzen.

“Zabalik” eta “Kaleidos”

Kuriosoa izan da, egun gutxiko aldearekin justu kontrako bidea egin dute Euskal Herriko bi argitalpenek: Zabalik (Vocento taldearen euskarazko astekaria) neurri handitik aldizkarien ohiko neurrira pasatu da, eta Kaleidosek, Gara ko aldizkari erdi indenpendenteak, neurri txikia izatetik ostiraleko prentsa neurriko gehigarria izatera eman du jauzia.

Zabalik

Urtarrilaren 20an kaleratu zuen diseinu berria.

Gaiek ez dute lehen bezain atenporalak ematen eta praktikotasunean irabazi du. Edukien aldetik aste bukaerarako agendaren zentzua eta erabilgarria izateko airea hartu du: zinema, musika, aisialdia…

Itxuraren aldetik, nabarmen hobetu da diseinua (egia esan, asko zuen hobetzeko aurreko diseinuak) eta orokorrean, presentzia dotoreagoa lortu du.

Halere, badu akats handi bat: izenburu eta sarreren tipografia, baina gai hau, apropos, hurrengorako utziko dugu.

Kaleidos

Otsailaren 11n kaleratu zen formatu berrian.

Eduki aldetik ez da sumatzen aldaketa handi-handirik. Batez ere, zabalkundean irabazi du astekariak formatu aldaketarekin.

Bai Garak eta bai Kaleidosek berak, biak irten dira irabazle: Kaleidosek milaka irakurle lortu du egun batetik bestera, eta Garak ostiraleko eskaintzan aurrerakada handia ematea lortu du.

Diseinuari begiratuta eta Vocentoren aldizkariarekin konparatuz, honetan ez da goitik beherako itxura aldaketa eman. Neurri handira egokitu da aurretik eginda zegoen diseinua.

Ez dute emaitza txarrik lortu moldaketarekin, ez dira-eta errazak izaten neurri aldaketak. Diseinuan, ez du funtzionatzen berdin gauza bera neurri txikian edo handian.

Kaleidosen beste astekariarekin bezala, tipografian (orain arte erabiltzen zutenaren bera, bestalde) aurkitu dut arazo handien: Zabaliken “pasatu” egin badira aukeraketarekin, Kaleidosen motz geratu direla uste dut.

Aukeran, letra mota serioegi eta desberdin larregi dago (eta beraien artean ez hain desberdin, horixe izan daiteke arazoa). Pena da, Kaleidos bezalako produktu batek onartzen du-eta aukera tipografiko ausartagoa.

Baserritarrak eta publizitatea

Baserritarren figurak publizitate munduan azken urteotan izan duen bilakaeraz eta sektore honetarako komunikazio estrategien premiaz aritu zen Iñigo Fernandez Euskara eta Publizitatea blogaren egilea eta Publis-NCM enpresako kontu exekutiboa. Donostiako agentzia honetan sortu dira hain arrakastatsu bilakatu diren Kaikuko eta EITB publizitate kanpainak, besteak beste.

Euskal Herriko Munduko Landagunea atalak antolatuta egin zen hitzaldia martxoaren 15ean HUHEZI ko fakultatean.

Modu entretenigarrian, oso ideia interesgarriak bota zituen Iñigok, gainera azken urtetako nekazal munduarekin lotura duten makina bat telebista spot erakutsi zituen.

Hona hemen, botatakoen artean bereziki argigarri iruditu zaizkidan lau ideia:

  • Marka bat, bakoitzaren buru barruan (ordenadorean egiten dugun bezala) sortzen dugun “karpeta” moduko bat da. Gure esku dago zer sartu, guk erabaki behar dugu jendeak karpeta hori zabaltzerakoan zer aurkitu behar duen.
  • Euskaldunok onak gara gauzak egiten, baina txarrak gero gauza horiek saltzen. Urte gutxi dela hasi gara ohartarazten komunikazioaren garrantziaz.
  • Komunikazioan, estrategiak eta planifikazioa behar dira. Sormen artistikoa icebergaren tontorra besterik ez da. Zatirik ikusgarriena, baina tontorra besterik ez. Azpian azterketa mordoa eta plangintzan lan handia dago.
  • Ondo komunikatzeko ez da derrigorrez marka handi eta diru asko gastatu behar. Inportanteena ideia da. Aurrekontuak ahalmenaren neurrira egokitu behar dira. Badaude debaldekoak edo merkeak eta aprobetxagarriak diren bitartekoak: Internet, tokiko prentsa…

Gainera, bitxikeri ugari kontatu zituen, adibidez, EITBren azkenengo spota (enbor jaurtitzaileena) Errumanian grabatu zela ekoizpena merkeagoa zelako. Bertako protagonista, euskaldunaren aurrean lehian galtzen duena (argazkian ezkerrekoa), esaterako, ostatuta zeunden hoteleko botonesa zen.

PP Vasco: aldatu ala ez aldatu?

Lehengo egunean oso argazki barregarria atera zuten Sustatun ‘Zer gertatzen da Madrilgo publizitate enpresa bati propaganda enkargatzean?’ izenburupean. Erantzuna argazkian bertan dago: horrelakoak gertatzen dira! Argazkia, PP Vasco ren webgunetik hartuta zegoen (izena ere ederra webgunearena!). Egia esateko, gai honekin nabilela eta hauteskundeak laster izango direla aprobetxatuz, asmoa baneukan Partido Popular en logotipoaren gainean hitz egiteko…

Ezaugarri tekniko aproposak alde batera utzita, logotipo batek izan behar dituen ezaugarrien artean sinisgarritasuna oinarrizkoetako bat da. Hain zuzen, Partido Popularraren logoari falta zaiona. Laranja kolorea ez da beroegia, xamurregia, alaiegia, bigunegia? Bat ote dator beraien diskurtso, pentsamolde eta itxurarekin? Ez dut uste.

2004ko irailaren 14ko hauteskundeak galdu eta gero, egun batetik bestera itxura aldatu zuten. “Modernizatzea” nahi zutela esan zuten, itxura aldaketarekin jendea engainatzen saiatu zirela uste dut nik.

Dena dela, bietako bat, ala dena zurikeri kontua izan da (beraiek ere sinisten ez duten aldaketa eginda) edo María San Gil eta PP-País Vasco ez dute gezurretan ibili nahi eta benetako itxura eman nahi dute: orain artekoa, eskuin muturreko alderdi batena, beraien betiko urdina eta gorria erabilita.

Nola bestela ulertu logotipo biak desberdinak izatea? Eguneratu barik dago hemengo PPkoen logotipoa: kolorea, kalatxoria, letrak okerdura eta jartzeko modua… Denak aldaketa egin aurrekoak, Aznarren denborakoak. Halakorik!

Zutik

Aipatu nuen moduan, Suedian ez ezik Euskal Herrian ere badago alderdi politikoen artean “pasioa”, edo horrela iruditzen zait niri behintzat, transmititzen duena ikurrik: Zutik alderdiarena.

Betiko gorria eta beltza oso modu indartsuan erabilita daude grafika modernoa lortuz. Izar zuria bandera gorria izan daitekeen horretatik irten nahiak oso ukitu apurtzailea ematen dio alderdi politiko baten irudia izateko. Letra mota sendoa, trinkoa… Oso marka sinplea, baina aldi berean indartsua eta hurbila.

Hasiera-hasieratik planteamendu originala egin zuten: ordura arteko ohitura apurtu eta ez zuten alderdi berria siglekin izendatu (ordura arteko logikak eskatzen zuena zen EMK-LKI izenarekin betirako jarraitzeak edo “Komunista”, “Iraultza”, “Euskadi”, “Alderdi” eta horrelako hitzen lehenengo hizkiekin, posible balitz, konbinazio berri bat aurkitzea). Izendatzeko modu berritzaile horretatik etorri dira geroago beste batzuk…

Txokatu egin dit, baina ez dut aurkitu Zutiken webgune ofizialik eta dagoen gune ez ofiziala , guztiz zaharkituta egotetik aparte, beldurgarria da.

Blogarion besta Elgetako Kafe Antzokian

Blogari euskaldunen lehenengo besta antolatzeko deia egin da. Blog euskalduna dugunok, elkar ezagutzeko eta elkarrekin egoteko aukera izango dugu hurrengo apirilaren 17an. Blogari batzuen artean komentatu izan da kontu hau azken asteotan, eta Espaloia Elgetako Kafe Antzokiak hartu du ekimena bere gain.

  • Lekua: Elgetako Espaloia Kafe Antzokia.
  • Eguna: Apirilak 17, domeka. Hauteskunde eguna.
  • Ordua: 18:30ean.
  • Nori zuzendua: Bloga duen guztiei edo interesa dutenei.

Jendea animatuta dabil eta honez gero ereserkia eta guzti dago Patxitraperok eginda.

Oso gustura jasoko genueko topaketa horretan Eibar inguruan Munduaren dominaziorako duten plan malefikoen berri.

Gauzak horrela jarri badira, patroiren bat izan beharko dugu ba blogariok? Nire proposamena: San Jarioa edo Jario Deuna.

Topaketaren gaineko informazio guztia orri ofizialean aurki daiteke.

Socialdemokraterna

Aurreko artikuluan aipatzen nuen ezkerreko alderdi batek berotasuna eta pasioa komunikatu beharko lukeela bere irudian. Aurkitu dut esandakoa ulertarazten lagunduko didan bi adibide, bata Euskal Herrian eta bestea urruti, Suedian: Socialdemokraterna. Horrekin hasiko naiz. Eztabaidagarria izan daiteke, hori bai, noraino den “ezkerrekoa” alderdi hau, baina “txikikeri” hori alde batera utzita, adibidea argigarria izan daitekeela uste dut.
Suediako alderdi sozialistan Socialdemokraterna 1993an bere marka berritu nahi zuten eta horretarako Bartzelonako Estudio Mariscal engana jo zuten.

Ez da Mariscalzale amorratua izan behar (ni neu ez naiz, behintzat) marka honek dituen alde onak ikusteko: nortasuna, hurbiltasuna, originaltasuna eta humanitatea komunikatzen du. Arrosa gorria barrezka dago eta tipografiak ez du betiko amaiera perfektua. Zoragarria!

Eztabaidagarria izan daiteke, zein punturaino Mariscal moduko izar baten estilo ezagunak eklipsa dezaken produktua bera, edo alderdi politiko batek honelako profesionalen beharrik duen ala ez (bankoak bai, itxuraz: Kutxa-Chillida, La Caixa-Miró…), edo Suedian hemen baino samurragoa ote den horrelako aukera egitea…

Identifikagarriegia da gure artean Mariscalen lana alderdi politiko baten ikur bihurtzeko? Ausartuko ote da, noizbait, PSOE horrelako zeozer egiten? Eta besteak?

Ezker Batuaren irudia

Irudi aldatuta aurkeztu zaigu Ezker Batua-Berdeak apirilaren 17ko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako.

Marka berrian EB-Berdeei eman diote garrantzia eta IUri kendu (ez ordea Interneteko helbidean: www.ezkerbatua-izquierdaunida.org izaten jarraitzen du-eta). Aukeratutako koloreak, nola ez, gorria, berdea eta beltza

Garbia, egungo gustura egindakoa, arrazionala eta hainbat euskarritan ondo erreproduzitzeko modukoa da ikur berria. Hala ere, zail samarra iruditu zait eta akaso txarrena: hotza eta arkitektonikoegia.

Ezkerreko alderdi batek beharko lukeen pasioa eta berotasunen ukitua falta zaizkiola uste dut.

Dena dela, onerako aldaketa izango dela seguru nago. Oraingoa une ezin hobea izan daiteke logo berriaren erabilerarekin batera ezkerra batzen ez ezik irudia batzen ere hasiko balira EBn.

Orain arteko nortasun grafikoa norabide gabekoa eta galdua izan da Ezker Batuarena. Ikusi, bestela, azkenaldian argitaratu dituzten kartel batzuk:

Badago elementu komunik tipografian, koloreen erabileran, ilustratzeko edo mezua botatzeko moduan?… Ez askorik, behintzat. Aldi bakoitzean bide desberdinetik jo izan dute, inongo batasun, lotura edo jarraipen barik.