Kategoriaren artxiboa: Sailkatugabeak

Zure irribarrea ezaguna egiten zait…

Aurreko baten Gijónen paseatzen ari ginela irribarre handi bat bota zizkidaten erakusleiho batetik. Oso ezaguna egin zitzaidan keinu oker hura baina, aldi berean desberdin sumatu nuen, aldatuta moduan…

Naturgas Asturias

Gerora enteratu naiz Naturgas EAEan egoteaz gain Asturiasen, Katalunian, Gaztela Leonen, Murtzian, Madrilen eta Valentzian ere badagoela. Besteetan ez dakit zein itxura eta koloreekin azaleratzen den energia enpresa hau baina, txokatuta geratu nintzen: Asturiasen urdin barik gorri kolorekoa da Naturgas.

Akaso, marketing kanpaina zehatzen bat izango zen, ez dakit. Izan ere, ez da oso ohikoa marka berak kolore desberdinak hartzea zer eta tokien arabera.

Bitxia iruditu zitzaidan aukeraketa. Zergatik erabakiko ote zuten gurean urdin kolorea eta Asturiasen, ordea, gorria erabiltzea? Bestela ere gorriegiak bagarelako hemen edo, akaso, asturiarrak iraultzaileak izan ohi direlako eta beraiek merezi izan dutelako gorria? (Ikurriñaren eta Asturiasko banderaren koloreak, behintzat, ez dute aintzakotzat hartu banaketa erabakitzerakoan!).

Galdetzen hasita, nola deituko diote Asturiasen hemengo Naturgaseko “Telefono urdinari”, “Telefono gorria”? eta “Zutik lurrean kondenatu zaren langile tristea…” entzungo ote dute erantzunaren zain dauden bitartean?

Behin koloreen egokitasuna zalantzan jarriz gero, kontu asko jarri daitezke zalantzan, adibidez, Nafarroan ikusi genuena ikusi eta gero merezi du PSNk kolore gorria? Ba, ez.

PSN-PSOE urdina

Oteizaren hutsunea

Oteiza Museoari buruzko aurreko mezua ikusterakoan gogoratu dut Oteizaren gainean Pello Zabalak Goiena Telebistan kontatutako anekdota ederra…

Arantzazu

Oteiza Arantzazuko elizaren aurrealdean omen zegoen jarri berri zeunden eskulturei begira frantziskotar bat arrimatu eta berbetan hasi omen zitzaionean. Horma handiari harriduraz begiratututa zera esan omen zion fraide gazteak:

– Las esculturas me gustan, pero, todo ese espacio vacio, no se…

Orioko artista sutan jarri omen zen eta guztiz haserretuta zera erantzun:

– ¿VACIO?. ¿COMO QUE VACIO?. !LLENO DE NADA!

Batzuk, botila erdi hutsik ala erdi beteta dagoen eztabaidatzen ari garen bitartean, beste batzuk, ala, hordago handira! Chapeau!

Oteizaren museoan

Egun batzuk dela Altzutzara joan ginen Oteizaren museoan bisitaldia egitera. Ederra da museoa: ez handi, ez txiki, neurri-neurrikoa, arte-lan esanguratsu eta zoragarri ugari ditu ikusgai, dokumentazio ugari begi bistan, ikus-entzunezko interesgarriak (hunkigarria da ikustea Orioko artista guztiz apalduta esaten “La vida me sienta mal” bideo baten) eta, gainera, Oteizaren  etxea, biltegia eta tailerra zena ikusteko aukera dago.

Iruñatik bederatzi kilometrora dagoen herri koxkor horretan bezperan zerutik, plausta, jausi den moduko eraikinean daude kokatuta Oteizaren obrak (Arrasaten dugun eraikin enblematikoekin zerikusirik ez duen horietako bat da, jaungoikoari esker!). Museoa, Javier Saenz de Oizak Oteizaren lagunak diseinatu zuen eta oso bat dator, estiloan, artistaren obrarekin.

 Oteizaren museoa

Esan bezala, guztiz gomendagarria da museoa, hala ere, txokantea iruditu zaizkit hiru kontu hauek:

  • Ez dago formatu handiko obra bat bera ere ez ikusgai. Ez dago eskultura handirik ez museo barruan ezta kanpoaldean! Oso-oso arraroa da hau, ala?
  • Ez dago ezer ere ez umeentzat prestatuta. Gaur egun, ia museo guztietan daude umeentzako propio antolatutako ikuskizun edo ibilbideren bat. (Nire proposamena: Oteizaren haserrealdiak 3D ikus-entzunezko beldurgarria).
  • Harrigarria Saenz de Oizak arkitektoak zementua tindatzeko erakusten duen afana. Barrualde osoan zementua lur kolorean tindatuta du (ondo geratzen da) kanpoko aldean, berriz, dena beltz (ez hain ondo)…

Eraikin enblematikoak

Aurretik esango dut aspalditxo aluzinatuta naukatela arkitektoek eta antzeko gremiokoek.

Beraiek egin eta gu (kasu askotan) sufritzen dugun eraikuntza mordoetan behin eta berriro argi eta garbi utzi nahi izaten dute ez dagoela estetika-diseinu-armonia-gustu-arte… edo antzeko ikasgairik karreran edo, baldin badago, erraz gainditzeko maria horietako bat dela, bestela, nola ulertu egiten duten zenbait gauza?

Mikel Irizarrek idatzi zuen Goienkaria-ko zutabean eta izen bereko Piperrautsa blogean Arrasateko erdialdean eraiki duten “tramankuluaz”. Aipatzen du herritarrek horrelakoen aurrean hartzen duten jarrera ironiko eta gupida gabea: diru mordoa balio izan duen eraikuntzari Gasolindegia izen jarri eta listo!

Gasolindegia

Nik dakidala, Gasolindegia ez da ia inoiz erabiltzen. Azoka plazan saltzen ibiltzen diren baserritarrak horra ez doazela esan dute. Ez behintzat pulmoniaren gastuak noren kontura joango diren argitu arte!

Ez da, ordea, Gasolindegia gurean egin den eraikuntza xelebre bakarra…  beno, egia esateko, gure azken eraikin enblematikoa, berez, ez da zehatz-mehatz eraikina, izan ere, eraikin enblematiko mordoaren elkargunea izango den gunearen ataria da: Garaia ikerkuntza gunearen ataria, hain zuzen. Hemen dago, eta labur esateko, XXI. mendeko eraikin mordoari sarrera emango dion XVIII. mendeko ataria da.

Bi zatitan dago banatua lana, batetik,  sarreraren ezkerraldean zulodun xafla herdoilgaitz luze bat dago (azken egunetan hizkiak gehiago nabarmentzeko-edo pintura beltzez margotu dituzte). Estruktura handiegia eta zakarregia da honelako punta-puntako gune modernoa izan nahi duen baterako baina, beno, hainbestean…

Garaia Ikerkuntza Gunea 1

Okerrena, hortik metro gutxira dago, eskuin aldean, autoentzako biribilgunea aprobetxatuz egin duten “instalazioa”: beira zatiekin eta zuri eta beltz errekarri txikiekin gunearen logo erraldoi bat margotu dute tontor handi baten, eta gutxi balitz, harrien gainean Garaiaren letrak bota dituzte.
Hau ere zakarra eta handiegia da, eta gainera, gaizki errematatuta dago!

Garaia Ikerkuntza Gunea 3

Hurrengo 50 urteetan ikusi beharko ditugu egunero-egunero bi mamotreto hauek? Ez, mesedez!

“El País”-en aldaketa txepela

Lehenengo begirada baten oso txepela eta dezepzionagarria iruditu zait El País-en egindako aldaketa.

El Pais berritua

Argitu, txukundu, dotoretu, arindu, berrantolatu… horiek guztiak egin dute (behin astekotan gutxienezkoa, ala?) baina, hortik aurrerakoetan oso ausardi gutxi erakutsi dute: aldaketarik gabeko aldaketa da. Beldurrez egindakoa, nortasun gabekoa eta irakurlea lasai uztea nahi duen horietakoa.

Diseinua txukuna da, jakina, baina, ez da berdina horrelako diseinuaz kaleratzea egunkari berri baten 1. zenbakia edo prentsa-diseinua, duda barik, nazioarteko erreferentea izan den egunkari handi bat. Baliabide eta aukera aldetik edozer egiteko (edo edozein kontratatzeko) ahalmena duen medioak ez du erakutsi, inondik inora, 30 urte dela hain ondo funtzionatu izan zion originaltasuna. Ez da, honezkero, El País izango hurrengo urteotan nonahi kopiatuko den egunkaria!

El Pais Semanal aldizkaria eta Domingo gehigarria, beste hainbeste: dezepzionagarriak, nobedade gabekoak (berrikuntza bakarra, akaso, askoz ez zutela azalaren eta kontrazalaren publizitatearen arteko desberdintasun nabarmenik aurkituko).

Eta beste guztiarekin bezala, mantxetan ditxosozko azentua jartzearen kontuarekin ere oso txepel ibili dira: behin horrelakoetan hasita Telefónica-ren estiloko irtenbide sortzaileago bat espero nuen!

Elpais.com-en, bestalde, ez dut aldaketa askorik sumatzen…

En fin, gainbegiratu azkar honetatik nota jarri behar izanez gero, hauxe: Txukuntasunean: 7; Ausardian: 0. Nota finala: ez nahiko.

Ah! Gaurko aleak erloju bat zekarren opari. Etxean uzten den horietako bat da: bost zentimo ordainduko ez nukeen letraz eta marrazkitxoz betetako antzinako Swatch zatar eta merke haien estilokoa. Orduen zenbakien ordez hizkiak ditu erlojuak: “E L P A I S F U T U R O”. Beste txepelkeri ba!  Egunkari honetan, azkenaldian editorial kontuak dauden moduan egonda, gutxien gutxienekoa, Che-ren aurpegiarekin apaindutako erlojua oparitzea izango litzateke!

Swatch Revolucion1

“El País” hurrengo igandean aldatuko da

Azkenean, urriaren 21ean kaleratuko da El País egunkariaren diseinu berria. Gainera, elpais.com webgunea eta berritu egingo dutela aditzera eman dute igandean kaleratu duten aldaketei buruzko gehigarrian.

Argitaratu duten informazioen artean bereziki harritu nauen kontua izan da birdiseinua bi talde independentek egin dutela aldi berean lan eginda. Batetik, egunkariaren gorputza, Palmer & Watson prentsa diseinuan espezializatutako talde eskoziarrak egin du eta, bestetik, igandeetako Domingo gehigarria eta EL Pais Semanal astekaria Oscar Mariné diseinatzaile eta ilustratzaile madrildarraren ardurapean egon da.
El País Semanal

Aurreratu dituzten bitxikeria batzuk:

  • Dagoeneko ohikoak bilakatu diren lau multzo handitan banatuko dute informazioa: 1. Nazioartea, nazionala eta ekonomia; 2. Iritzia; 3. Gizartea, kultura eta kirola, eta 4.  Tokiko informazioa.
  • Igandeetako EPS, berriro ere, El País Semanal deituko da.
  • Times letra mota alde batera utziko dute eta, batez ere, Majerit (Madril, arabieraz) erabiliko dute hemendik aurrera. Neurrira egindako tipografia honen diseinugilea Mario Feliciano portugaldarra izan da.
  • Mantxetan, azentua jarriko diote El País hitzari (kontu honen gainean eztabaida ugari egon da erdal blogosferan).
  • Mantxetaren azpialdeko lelotxoan ere aldaketak daude. Lehengo lema, Diario independiente de la mañana baztertu eta El periódico global en español (!) izango da  El País, igandetik aurrera. (Egunkarietan agertzen diren leloei buruzko post kuriosoa, hemen).
  • “Global” kontzeptuarekin lotuta egin nahi dute elpais.com-en “goitik beherako” aldaketa: bideo gehiago, izenburuak postaz jasotzeko aukera, norberak diseinua pertsonalizatzeko bidea…

Ba, horixe, aldaketa mordoxkatxoa “globala” izan nahi duen egunkarian.

Antza denez, aldatuko ez den kontua izango da, ustez, periferian bizi garen askori ematen diguten tratua. Segurutik, gertutik gertura ezagutzen dugun kontuen gaineko informazioak -paperezkoan zein digitalean- irakurtzerakoan ernegatzen jarraitu beharko dugu.

Natura hila

Jakineko gauza da paisaia urbanoa ere unean uneko moden arabera mugitzen dela. Moden eragina oso nabaria izaten, adibidez,  hiri tresnerian: farola, jarleku, baranda, baldosa… herri gehienetan (txikienetan, behintzat) berdintsuak, berdintsuegiak izaten dira. Azkenaldian, baina, joera berri bat sumatu dut gure herrietako inguruetan: industrialdeen eta lantegien inbasioaren inpaktua arintzeko naturaren irudikapenarena.

Teknikoki sekulako urratsak eman dira formatu handiko erreprodukzioetan eta egun, ia edozein euskarritan eta edozein neurritan inprimatu daiteke bezeroak nahi duen motibo grafikoa.

Natura hila 5

Natura hila 10
Natura hila 9

Natura hila 8

Margo-argazki erraldoi hauena hain da agerikoa! Zergatik ez dituzte ordezkapen triste horiek barik benetako zuhaitzak landatu? edo, hobeto esanda, nolatan ez da dagoeneko derrigorrezkoa, de-rri-go-rrez-ko-a, zuhaitzak (asko, gainera) landatzea eraikitzen edo berriztatzen den metro koadro bakoitzeko?

Agerian dago industrialdeen kontua bide okerretik doala: nonahi erabili eta bota erako guneak egiten ari dira, irauteko edo ganorazko arrasto fisiko zein emozionala uzteko inongo asmo barik eraikita.

Hortik zehar ikusi ditudan natura hilen artean bakarren bat balekoa iruditu zait baina, gehienak, penagarriak dira. Denei usain bere hartzen diet: iruzurrarena. Ez dut batere zintzoa ikusten moda berri hau.

Photoshop-ekin eginda daudela ematen duten bodegoi begetal hauen argazki gehiago (Elorrion dago lehena eta  Amorebieta-Etxanon bigarrena), hementxe dituzue.

():-)‹

Zorionak eta eskerrak emateko moduko asmakizuna da emotikonoena.

Sinpleak eta eraginkorrak dira eta, neurrian erabiliz gero, oso esker onekoak. Makina bat mezu elektroniko salbatu dituzte edukiari ematen dieten erremate emozionalaz! Esaldi nahasi samar bat bota (edo gogorra edo ironikoa edo…) eta gero, azkenean, ttak, keinutxoa, eta kablearen beste aldean, irribarrea.

Hil honetan 25 urte beteko dituzte. Urte guzti hauetan bertsio manierista mordoa egin dizkiete baina, gehien-gehienak horterada hutsean geratu dira. Klasikoak, onenak.

Normalean, gutxi batzuk bakarrik erabiltzen dira –eskerrak, bestalde!!– baina, “hiztegi” osoa dago aukeran.

Urteurrena ospatzeko nire buruarena egin dut, hauxe:
():-)‹
ez zaizula gustatu?
():-(‹

Azaleko argazkia

Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak (EIGE) antolatuta Argazki kazetaritzari buruzko V. jardunaldiak bukatu berri dira Donostian. Eskainitako ekitaldien artean mahaingurua bat egon da: Azaleko argazkia, hautaketarako arrazoiak. Mahaiaren bueltan honako hauek: Martxelo Otamendi (Berriako zuzendaria), Josu Juaristi (Garako zuzendariondokoa), Arantza Zugasti (Noticias de Gipuzkoako zuzendariondokoa), Jose Ignacio Lobo Altuna (El Diario Vascoko argazkilari burua) eta gaia testuinguruan kokatzen eta gidari lanean Jon Elexgarai (EHUko foto kazetaritzako irakaslea).

Argazki batek azalean agertzeko izan behar dituen oinarrizko ezaugarriak aipatzeaz gain (bat etorri ziren hizlari denak: irudiaren balio informatiboa, bat etortzea egunkariaren lerro ideologikoarekin, irudiaren inpaktu ahalmena, esklusibotasuna, hurbiltasuna…) era askotako gaiak tratatu ziren hitzaldian, besteak beste, egunkarien eta argazkilarien artean galduz doan harremana (gero eta gehiago agentzien bitartez kontratatzen delako) edo hedapenaren garrantzia (nazionala, herrialdekoa, eskualdekoa…) argazkia aukeratzerakoan. Baina, akaso, mahaingurutik interesgarriena izan zen hizlariek azaldu zutela zeinek (edo zeintzuk, kasu gehienetan) hartzen duen beraien egunkarietan argazkien gaineko azken erabakiak.

Entzundakoagatik Gara, Diario de Noticias eta Berria-n erredaktoreburuen artean, eta normalean aho batez, hartzen dute azaleko argazkiei buruzko erabakiak. Ez dute ez azalerako ez barruko eduki grafikorako editorerik, hau da, ez dago lantaldean inor testua ez den beste informazio guztiaz (egunkariaren %20a, %30a?), propio, arduratuko denik. El Diario Vasco da organigraman editore grafikoari tokia egin dion egunkari bakarra.

Funtzionamendu zuzena eta “demokratikoa” eman dezake “denon artean” argazkien kontuak erabakitzearena baina, baditu ere ondorio txar batzuk. Batetik, sarritan ematen da oso kultura grafiko eskasa duten erredaktoreburuek erabakitzen dutela egunkariaren esparru grafikoaz, eta bestetik, –eta hau, autoedizioarekin, asko zabaldu den arazoa da— inongo irizpide barik erredakzioetako edozein kazetari hasiberriak hamarkadetako eskarmentua duen argazkilariaren lanaren gainean erabakiak hartzen dituela.

Egunkarietan testu gehienak zuzendu eta gainbegiratzen dira, irudiak ez. Askotan kontrakoa esan arren, agerian dago bigarren mailako kontua dela argazkiena.

Onartzen dut erredaktoreburuen artean editore grafikoa egotearena, neurri batean, ahalmen ekonomikoaren araberakoa izan daitekeela baina, batez ere enpresa-erabakia dela uste dut, hau da, lehentasunak finkatzearen kontua (honen adibide garbia Berria izan daiteke, hizkuntzaren zuzentasunarekin duten ardurari erantzun ahal izateko zazpi estilo zuzentzaile dituzte lantaldean. Egoera hau pentsaezina izango litzateke antzeko neurriko beste edozein egunkaritan).

Argazkilari profesionalak eta ondo baloratuak derrigorrezkoak dira paperezko zein interneteko hedabideetan (erredakzio askotan, zoritxarrez, kontrako bidea egin da azken urteotan: kontratu eta lan baldintza kaskartu edo argazki-agentzien presentzia handitu) eta editore grafikoak egon behar dira egunkariaren produktu osoaren mailaz eta ildo grafikoaz arduratzeko: argazkilariekin harremanaz, lanen planteamenduaz, jarraipenaz, aukeraketaz…

Bitxia da gero, mundu zehar, edukiari berebiziko garrantzia ematen dieten hedabideek argazki editorea izaten dute lantaldean, beste batzuk, berriz, beraien burua “bisualagotzat” dutenak, ez. Nola ulertu?