Mikrotipografia eta ligaturak

Bizitzak eta diseinuak begirada batean ematen dutena baino gauza gehiago dute komunean, garrantzitsuenetariko bat, akaso, gauza txikien balioa izango da.

Bizi-pozaren sekretua eguneroko gauza txikien gozamenean oinarritzen bada, diseinu ona detaileetan eta ukitu finean dago oinarrituta.

Diseinuan, garrantzi handia duten gauza txikien artean mikrotipografia dago. Zer da mikrotipografia? Ba, tipografiaren eta hizkien detaileetan eta ukitu eta erlazio txikietan erreparatzea, hau da, detailez lantzea tipografia. Mikrotipografiaren atal bat ligaturak edo loturak dira.

Ligatura, bata bestearen ondoan gaizki ezkontzen diren bi hizkien konbinaketa da. Hau da, bi hizki nahastuta, bakarra eta itxurosoago bat lortzea. Ikusi irudia, “Clasificados” hitza “normal” idatzita eta, azpian, lotura eginda. Detailetxo bat da, badakit, baina ez dago konparatzerik.

Ligaturetan, “F” hizkia egoten da tartean: ff, fi, fl, fj, fk, fh, fb, ffi edo ffl. Geure artean, “fi”eta “fl” izaten dira ohikoenak.

Nik, ohitura bat dut (edo mania bat, ez dakit). Argitalpen batek mikrotipografiari ematen dion garrantzia baloratzeko “Clasificados” orrira jotzen dut, oso neurgailu ona izaten baita orri hau. Aurreratuko dizuet denetik dagoela, askok eta askok ez dituzte loturak erabiltzen, baina hori horrela izanda sekulako aldea egoten da batzuen eta besteen emaitzetan. Ikusi dudan erabilera eskasenetarikoa *La Razón*ekoa da, begiratu bestela erosten 😉 duzun hurrengoan.

2 iruzkin “Mikrotipografia eta ligaturak” bidalketan

  1. Goio Arana

    Arrazoia duzu Erral, “Telefónicak”:http://www.telefonica.es/ antzeko zeozer egin zuen bere logoarekin.

    Desberdintasun bat badago hala ere, telefonikaren kasuan logoa borobiltzeko eta Goio Telletxeak aurreko mezu baten esaten zuen moduan naziortean tildearen “arazoa” konpontzeko asmoarekin egin omen zuten, eta bestalde, “fl” “fi” eta horrelako loturak ondo diseinatutako familia tipografikoak berez aukeran dauzkaten hizkiak dira, hau da, zuk gero maketatze programan aukeratu egin dezakezu: “Con ligaduras” edo “Sin ligaduras”.

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude