Orain aste batzuk dela, Sustatu.com-en irakurri nuen enpresa batek emakumeentzat propio diseinatutako ordenadore eramangarria (“eskuko poltsa baten itxura duena”) jarri duela salgai.
Albistea, orain arte, bale, ez da oso gauza arraroa: talde zehatz batendako diseinatutako eta ekoiztutako produktu zehatz bat merkaturatu dela, kasu honetan, emakumeendako ordenadorea…
Harritu ninduena produktua bera ikusteak izan zen! Aluzinatuta geratu nintzen. Kontua da, gauza ultra-berri eta bereziki emakumeendako diseinatutako produktu hori oso-oso antzekoa dela (diseinuz behintzat, eta diseinua da, batez ere, produktu honetan saltzen dena) orain ia sei urte beste enpresa batek saltzen zuen ordenadorearekin konparatuz gero: produktoaren kontzeptua, forma, eramangarria izatea egiten duen kirtentxoa…
Ikusi iruditan, ezkerrean, orain bost urte deskatalogatuta dagoen Apple-en iBook modelo unisex-a: eskubian, ordez, orain emakumeendako bereziki diseinatutako ordenagailu “berritzailea”…
Marketing-aren bideak ulertezinak dira gero! Orain arte, ohituta geunden genero batendako egindako produktuak -merkatua eta negozioa handitzeko asmoarekin- bestera zabaltzen (prakak, krema hidratanteak…) baina, ikusteko nengoen, berez, genero biendako sortutako zer edo zer, epe motz batera, genero batendako bereziki sortuta eta eginda moduan saltzea…
Hurrengo teknika, akaso, generoka eta urteka txandaka saltzea. Batek daki.