2013 denboraldia zenbakietan

2009ko arautegi aldaketa esanguratsuaz geroztik Red Bull izan da talde erreferentea. Dena den ez da etengabeko nagusitasun bat izan. Brawn (egungo Mercedes), Ferrari eta McLaren Red Bull taldea estutasunetan jartzeko gai izan dira azken 4 urteetako fase mugatu batzuetan. Horretaz gain, Newey-k diseinatutako kotxeen fidagarritasuna ez da inoiz bere ezaugarri aipagarrienetako bat izan.

2014ko arautegi berriaren sarrerarekin “Brawn efektua” errepikatzeko aukerak areagotzen dira. Posible da talderen bat ideia bikain batekin lehen lasterketara azaltzea eta hasieratik besteekiko sekulako abantaila irabaztea. Arautegi aldaketa potoloak dauden bakoitzean gerta daiteke. Efektu horrek gehienez denboraldi bat iraun dezake. Denboraldian zehar gainontzeko lehiakideak “ideia bikain” hori beraien diseinuetan apikatzen saiatzen dira. Ondoren ez da harritzekoa FIA-k “ideia bikain” hori debekatzea. Horrela gertatu zen 2009an difusore bikoitzekin. Ondorioz Brawn taldearen arrakastak urte bat baino ez zuen iraun.

Pirellik aurten ekarritako arazoek Red Bull gelditu ahalko zutela zirudien urte hasieran. Denboraldiaren erdialdera sartutako aldaketek Red Bull-en alde jokatu zuten. Hornitzaile italiarrak 2012ko pneumatikoaren oso parekoa zen gurpila berreskuratzea erabaki zuen, ordura arteko arazoak konpontzeko. 2012ko gurpila Red Bull-ek guztiz menperatuta daukan tresna da. Esan daiteke 2012ko gurpila izan dela Vettelen aurtengo txapelketaren giltza.

Red Bull-en azpiko taldeen artean aldaketak izan dira aurten 2012ko egoerarekin alderatuz. Urtean zehar taldeen abiadura ordena ez da gehiegi aldatu, beharbada taldeak gehien bat 2014rako diseinuetan kontzentratu direlako.

2013an zehar gordetako datu batzuk bildu ditut eta irudi batzuk sortu ditut. Barkatu kalitateagatik, hurrengo batean kalitate hobeagoan igotzen saiatuko naiz. Lehen grafikoak 2013ko auto bakoitzaren denbora azkarrenak errepresentatzen ditu zirkuitu bakoitzeko, zirkuitu horretako bira azkarrenarekin konparatuz.

2013 denboraldiko denbora diferentziak
2013 denboraldiko denbora diferentziak

2012an McLaren-a buelta batera batazbeste kotxe azkarrena izan arren, 2013ko kotxean aldaketa gehiegi sartzearen ondorioz abiadura gehiegi galdu dute. McLaren-en abiadura galerak %1a gainditzen du; galera handiena da Williams-enaz aparte.

2013ko denboraldiaren lehen erdialdean Mercedes-a da kotxerik azkarrena buelta batera. Budapesteko Sari Nagusira arte (non pneumatiko eraldatuak sartzen diren), hamar GP-tik zortzitan asteburuko buelta azkarrena Mercedes batek eskuratzen du. Budapestetik aurrera Red Bull nagusitzen da. Gainontzeko asteburuetan itzuli azkarrena beraientzat da eta gelditzen diren 9 probak Vettelentzat dira.

2013 denboraldiaren beste berezitasun bat: autoak ez dira 2012koak bezain parekatuta egon. Pasa den urtean batazbesteko itzuli-denboraren %1-aren barruan 8 talde sartzen ziren. Aurten 4 talde sartuko lirateke soilik zonalde horretan: Red Bull, Mercedes, Ferrari & Lotus.

Datorren urtean datozen arautegi aldaketan kontuan hartuta, ez litzateke harritzekoa taldeen arteko abiadura-desberdintasunek hazten jarraitzea.

2012 & 2013ko denboren tendentziak
2012 & 2013ko denboren tendentziak

Egoera honetan buelta batera auto azkar bat izateak ez du askorik balio, gurpilak txipitzen badira. Talde batzuek beraien abilezia erabili dute sari nagusi batzuetan zehar, lasterketa lehiakideek baino pitstop bat gutxiagorekin bukatzeko. Fenomeno hau denboraldiaren lehen erdialdean errepikatu da gehienbat, gurpilak bereziki delikatuak izan diren denboraldiaren fasean hain zuzen.

Bigarren taulan gidari bakoitzaren geldialdi-estrategia adierazten da, denboraldian zehar (zki negatiboa => x geldialdi gutxiago; zki positiboa => x geldialdi gehiago).

2013ko pitstop kopuruak
2013ko pitstop kopuruak

Datu interesgarri bat: Vettelek lasterketa guztietan bere arerioek bezain beste geldialdi burutu ditu. Lotus eta McLaren askotan beraien stintak luzatzeko gai izan dira, geldialdi kopurua murrizteko. Force Indiaren kasuan, Paul di Restak geldialdi bat gutxiagorekin emaitza hobeak lortu ditu bere taldekide Sutilek baino.

Arrazoi honegatik espero dut inposatutako derrigorrezko 2 geldialdiak ez iristea 1 Formulara, geldialdien estrategiaren efektua galduko bailitzateke.

Fidagarritasunari dagokionez: 2012an McLaren taldearen puntu ahulenetako bat izan zen. Aurten konpontzea lortu duten zerbait izan da. McLaren-ek 2 autoak lasterketa guztietan bukatzea lortu du, 1 Formularen historian inoiz gertatu ez zen zerbait. Bigarren grafikoak talde bakoitzaren fidagarritasun akatsak laburbiltzen ditu:

2013ko fidagarritasunak
2013ko fidagarritasunak

Datozen egunetan 2013ak erakutsi dizkigun gauza gehiago laburbiltzen saiatuko naiz, urte honek utzi digun onenarekin gelditzeko. Horietako batzuek datorren urtean gertatuko dena ulertzen lagunduko digute.

Bitartean urtearen amaiera on bat eta datorrenaren hasiera hobeago bat opa dizuet, eta urte berrirako dituzuen ametsak bete daitezela!

Adeu Joan

Mark Webberrek 1-Formula uzten du Porscherekin Le Mans-eko garaipenagatik borrokatzeko LMP1 kategorian. Le Mans aipatzean Epsilon-Euskadi etortzen zait automatikoki burura. Azkenaldian albiste negatiboak besterik ez dira izan Epsilon erakundeak eman dituenak. Irakurri nuen azkena, duela egun gutxi: Gasteizko auzitegi batek Joan Villadelprati (Epsilon enpresaren zuzendaria eta akziodun nagusia) ezarritako zigorra: €900,000-ko ordainketa eta 3 urteko debekua edozein enpresaren administratzaile edota pertsonen errepresentazio bezala jarduteko. Auziaren arrazoia Epsilon enpresaren aktiboen zati baten salmenta da, erakundea konkurtso egoeran sartuta zegoela. Nolabait ulertezina… edozein kasutan hau soilik iceberg handi baten tontorra omen da. Izan ere, Villadelpraten zuzendaritzapean Epsilon enpresa zoritxarrez itxi egin behar izan zuten, konkurtso egoeran sartu ondoren eta langile guztiak langabezian utziz. Itxi zuten unean Epsilonek €16 miloi inguruko zor bat zuen erakunde desberdinekin, modu eztabaidagarrian lortutako kredituen ondorioz.

Ez daukat ezer Joanen aurka. Espainiar estatuan 1-Formulan esperientzia gehien biltzen duen pertsona da, zalantza izpi gabe. Lauda, Prost eta Schumacherren mailako pilotuekin lan egin du, ez da askok esan dezaketen zerbait. Lider bat da, mekanikarien team-manager bezala ez dauka parekorik; baina enpresa bat gidatzeak zeozer gehiago eskatzen du. Errespetu osoz, Epsilonekin egin duena ez zait serioa iruditzen. Egundoko miresmena diet Euskal Herriko enpresari txiki eta ertainei, askotan enpresa familiarrak, krisialdiko kliman aurrera egiteko gai izan direlako, lanpostuak mantenduz eta hilero-hilero soldatak tokatzen denean ordainduz, beste batzuk jaso dutena baino laguntza gutxiago jasota. Epsilonen kasuan ez dira helburuak lortu eta itxi egin behar izan dute, Eusko Jaurlaritzatik eta gobernu zentraletik laguntzak ekonomiko garrantzitsuak jaso izan arren. Nola da posible?  Nere helburua ez da orain errudunak zeintzuk diren gogoraraztea. Lehen galdera: nola iritsi zen Joan Epsilon erakundeko akziodun bakar eta nagusi izatera? Azalpena nahiko luzea da eta horretarako Epsilonen sorreraraino itzuli beharko ginateke. Epsilon-Euskadi 2003an sortu zen Epsilon by Graff talde frantsesaren jarraipen bezala. Helburua Ander Vilariño hondarribitarra 1-Formulara eramatea zen, eta aldi berean Euskadi marka automomibilismoaren bidez zabaltzea. Hasiera baten Joanek Epsilonen aholkulari bezala jardun zuen. Taldearen zuzendaria Michel Lecompte frantsesa zen. Joan eta orduko bere kide zen Carlos Moya valentziarra akziodun izatera pasa ziren Lecompterekin batera. 2004an (taldea sortu ta urte batera) Epsilonen zuzendaritzak Ander Vilariñorekin tirabirak izan zituen eta Anderrek taldetik kanpo amaitu zuen. Une hartan hondarribitarra 1-Formulako ateaurrean zegoela esatea ez da astakeria bat. 1-Formula bat gidatzeko aukera errealak izatetik oso gertu izan zen. Ez dukat oso garbi zer gertatu zen urte hartan, baina zerbait gertatu zen talde barruan. Hurrengo urtea (2005a) oso arrakastatsua izan zen kirol alderdian, Epsilonen historia motzeko arrakastatsuena. Epsilonek Kubica kontratatu zuen eta honek munduko txapelketa eskuratu zuen, Epsilon taldekako txapeldun geratu zen. Handik denbora ez askora, taldearean akziodunetako bat zen Moyak taldea utzi zuen. Ondoren Lecompte izan zen bide bera jarraitu zuena, Villadelprat jabetza osoarekin utziz. Zergatik utzi zuten zuzendaritzako 2 kide hauek erakundea? Beraien borondatez alde egin zuten edo postua uztera behartuta sentitu ziren? Galdera hauen erantzunak ez ditut oso garbi.

Villadelpratek erregaia darama odolean eta anbizio handiko proiektuak ditu gustoko. 2006-an Epsilon kotxe bat diseinatzen hasi zen 2008an Le Mans-eko LMP1 kategoria gorenean parte hartzeko helburuarekin. Burugogorra da eta bere helburua lortu arte ez zuen amore eman. Zoritxarrez Le Mans-eko proiektuaren abentura uste baino goizago amaitu behar izan zen. Proiektuak urte bat soilik iraun zuen, dirua amaitu zenera arte. Kotxeak ez zeraman inolako babeslerik. Horretaz gain, talde guztiz berri batekin eta zerotik diseinatutako kotxe batekin Le Mans-eko kategoria altuenean parte hartzea gehoegizko erronka da nere ustez. Ez da serioa Epsilon Audien aurka lehiatu nahi izatea Epsilon zegoen egoeran egonda. Villadelpratek bihotzarekin hartutako erabakiekin aurrera jarraitu zuen amaieraraino. Zergatik ez Le Mans-eko bigarren mailan hasi (LMP2 kategoria)? Lehiakorra izateko beharrezko aurrekontua apalagoa da eta podiumak lortzeko aukerak gehiago dira.

Baina Villadelpratek ez du amore ematen eta 2009an Epsilon-Euskadik Miñanoko instalazioak sortzen ditu, €30 miloi inguruko inbertsio batekin. Lorpen hau benetan mirestekoa da nere ustez alderdi teknikotik. Finantziazio aldetik egindakoa seguraski ez zen zuzena izan eta horrela bada ez zait serioa iruditzen. Nondik dator dirua? Galdetzen zuten 1-Formulako jende askok. Aurrekontuak zati handi baten diru publikotik zetozela argitaratzen zenean atzerritar askok ez zuten sinisten. „Diru publikotik? Euskaldunak hori baino argiagoak zirela uste nuen“, esan zidan behin lagun batek. Ez zaio arrazoirik falta. Munduan ez duzue adibide asko bilatuko, non konpetizioko talde bat baliabide publikoz finantziatzen den. Nola onartu zen orduan mota horretako inbertsio publiko bat? Norbaitek erantzun beharreko galdera da agian, baina ez da guk orain hemen argitu dezakegun zerbait. Gauza da Miñanon sortutako eraikuntza eta baliabideak 1-Formulako talde askorenak baino hobeak eta modernoagoak direla. Izan ere Villadelpraten plana goizago edo beranduago 1-Formulan sartzea zen, talde euskaldun batekin. Ideia benetan polita zen, batzuentzat utopia bat. Nere ustez teknologikoki posible da. Funtzionatu dezan ezinbesteko baldintza: aspektu ekonomikoa oso ondo lotuta egon behar da, gutxienez 3 urterako aurrekontua ziurtatuta egon behar da. Hau da, €140 miloi inguru. Gaur egungo egoera mundial ekonomikoan utopikoa da Epsilon 1-Formulan sartzearen ideia. Edozein kasutan, 1-Formulan ez sartzea ez da munduaren amaiera. Sartu ziren beste batzuek ez dute hobeto amaitu (Hispaniaren adibidea). Zuzenean 1-Formula ez diren gauza asko egin dautezke Miñanon. Instalazioak horretarako prestatuta daude.

Baina goazen harira: zer gertatuko da orain Epsilonen erainkuntzarekin? Zer egingo zu administrazioak eraikuntzarekin, haizearen kanalarekin, autoklabeekin eta superkonputagailuarekin? Konkurtso egoeran dagoenez, administratzailea aktiboak saltzen saiatuko da dituen zorrei aurre egiteko. 2009an instalazioengatik €30 miloi inguru ordaindu ziren. Egun ordea, krisiaren ondoren nere ustez oso zaila izango da horrenbeste ordainduko duen erosle bat bilatzea. Kotxe ekoizle gehienez badituzte beraien ikerkuntza zentruak Europan banatuta, eta mota horretako zentru bat behar duen ekoizle batek bere neurrira eraikiko du gehien interesatzen zaion tokian. Baina Epsilonena beste liga bat da. Instalazio horiek salmenta zaila dute nere ustez egungo merkatuan. Saltzekotan dirua galduko da.

Motorsport sektorea oso espezializatua da eta orohar balio erantsi altuko aktibitatea da. Zergatik ez Epsilonek utzitako baliabideekin enpresa publiko edo kooperatiba bat sortu? Une honetan gizarteak behar dituen lanpostuen sorrera sustatuko luke. Enpresa publiko izateak ez du esan nahi ditu publikoarekin finantziatu behar denik. Ni horren aurka nago guztiz. Laguntza publikoak ezin dira enpresa baten finantzaketaren oinarri bihurtu. Baldintza garrantzitsuena aktibitatearen errentagarritasuna izan beharko litzateke nere ustez. Kontuan izan behar da espainiar estatuan 2 haize kanal besterik ez daudela; bat Epsilonek utzitakoa da. Beste hitzetan esanda: egundoko altxor teknologikoa dugu etxetik 30 minutura. Momentu honetan administrazio publikoaren eskuetan, hautsa hartzen. Hemendik Eusko Jaurlaritzari dei bat egin nahi nioke, eraikuntza, haize kanala, autoklabeak eta simulaziorako superkonputagailua saldu ez ditzaten. Horretaz gain, Epsilon erakunde publiko bilakatzeko erreflexioa eskatu nahiko nuke.

Epsilonen instalazioak edozein unibertsitaterentzat baliagarriak izan daitezke ingenierien formakuntzarako. Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean sortutako masterrak frogatu zuen hori. Epsilon kooperatiba edo enpresa publiko bilakatzeak formakuntzaren adarra berrindartzeko aukera emango lioke.

%100-ean konbentzituta nago mota honetako enpresa batek Euskal Herrian modu errentagarrian funtzionatu dezakeela, laguntza publikoen behar barik. Ez dira 2000 lanpostu sortuko, baina enpresa txiki moduan funtzionatu dezake, langilego kualifikatu batekin, zerbitzuak eskaintzeko. Konpetizioko departamendua ez da errentagarria babeslerik ez dagoen bitartean; beraz momentuz alde batera utziko nuke. Negozioa martxan jartzeko bezeroak behar dira, balio erantsiko proiektuak ordaintzeko prest daudenak. Haizearen kanaleko proiektuek balio erantsi handia dute. Kontzeptu hau eskaintzen duten ingeniaritza gutxi batzuk badaude egun Europan banatuta eta modu errentagarrian funtzionatzen dute. Beraien negozioa konpetizio profesionalean ari diren taldeei zerbitzuak eskeintzean datza. Adibide bezala, aurten Alonsok gidatu duen Ferrariaren aerodinamika Alemanian alokatutako haize kanal baten garatua izan da osotasunean. Abantaila konpetitiboa lortu nahi duten taldeak dira bezero potentzialak. Hauek kanpo zerbitzuak kontratatzea erabakitzen dute, beraien baliabideak mugatuak direlako eta azkarrago garatu nahi dutelako esaterako. 1-Formula, GP2, F3, DTM, MotoGP, WEC eta WRC bezalako kategorietan aurkitzen dira sektoreko bezero potentzialak. Horretaz gain ingenieritza zerbitzuen eskaintza sektore industrial zabalago batera hedatu daiteke. Sektore aeronautikoko enpresentzat, abiadura handiko trenak, autobusak edota bizikleten diseinurako erabilgarria den tresna bat da haize kanala. Gasteizkoa laster berriro martxan hastea litzateke albiste onena. Penagarria da Epsilon egoera honetara iritsi behar izana eta Villadelprat auziperatu behar izana. Miñanoko zentrua eraikitzeko asko bultzatu du eta ez zait iruditzen zuzena bera errudun bakartzat auziperatzea. Bestalde gaizki egindakoak ordaintzea tokatzen da lehenago edo beranduago. Ditugun baliabideei etekina ateratzen hasteko ordua iritsi da; batez ere guztion diruarekin ordaindutakoei. Negozio plan bideragarria posible da Epsilonentzat.

Agurrak

2013 denboraldia iragana da. Aro bat amaitu da, zentzu desberdinetan. Webber 1-Formulatik agurtzen da, Ferrarik ez dio Massari kontratua luzatzen, Ross Brawnek Mercedes uzten du, etab. Agian pilotu gehiago dira Brasilen azken aldiz 1-Formulan gidatu zutenak beraiek jakin gabe, datozen egunetan pilotuen merkatuan gertatzen denaren arabera. V8 motoreak iraganaren zati izatera pasa dira, honekin batera Cosworth bezalako historiko batek 1-Formulari agur esaten dio.

Egia esan urteroko joan etorriak dira, aldaketak bizitza errealean baino azkarrago gertatzen diren kirol baten. Askoren buruan dagoen galdera: Vettel/RedBull bikotearen nagusitasun aroaren amaiera al da? 2013ko autoa azken 4 urteetako oinarriaren eboluzio baten emaitza zen. Eboluzio horrek 4 txapelketa eman dizkio Vetteli, azkena duela egun gutxi. Baina 2013ko autoa gaur iragana da. 2014a arautegi berri batekin datorkigu. Eragin nagusienak alderdi aerodinamikoan eta batez ere motoreetan izango dira. Turboa 1-Formulara itzultzen da, motore guztiz hibrido baten. KERS-a egun arte ezagutu dugun formatuan desagertzen da, eta bi errekuperazio sistematan banatzen da: energia mekanikoaren eta termikoaren errekuperazioak. Orain arteko motoreekin alderatuz, alderdi teknologikotik begiratuta motore berriak konplexuagoak izango dira. Efizientziak pisua irabazten du, energiaren kudeaketari ematen diote garrantzia arau berriek. Aldaketa honen alde nago, formula berriak gaur egun automozioak dituen erronkei modu errepresentatiboago baten erantzuten dielako. Arautegi aldaketak teknologia berrien garapena behartzen du; teknologia hauetako batzuk seriera transferituko dira egungo konbustio motoreak hobetzeko. Hobekuntza potentziala izugarria da eta epe laburrera soluzio 100% elektrikoak galdera ikur gehiegi ditu prezio lehiakor baten merkaturatzeko. 1-Formulak gizarteari teknologikoki egindako ekarpena handitu beharko litzatekeela pentsatu izan dut betik. 3 dira datorren urtean motore berriak aurkeztuko dituzten ekoizleak: Ferrari, Mercedes & Renault. 2015ean Honda itzuliko da 1-Formulara McLaren taldearekin, Sennaren garaiko McLaren-Honda bikotea birsortuz.

V8 motoreak edozein kasutan omenaldi bat merezi du. Aro honen amaierak erreakzio desberdinak eragingo ditu. Gehienengan nostalgia eragingo du. Ecclestoni ez omen zaio V6 turbo berrien ideia gehiegi gustatzen, batez ere soinuagatik. Nere ustez medio batzuek burututako kanpaina negatiboak gehiegizkoak izan dira. Argi dago V6 turbo baten soinua ezin dela V8 atmosferiko batenarekin alderatu, batez ere turboaren ondorioz. Soinuak alderatu nahi dituzuenontzat, hemen dasteketa bat:

Renault V8 (2006-2013):

http://www.youtube.com/watch?v=Czw1pB6ZDRM

Renault V6 turbo (2014-):

http://www.youtube.com/watch?v=g8jz_Dgb8D4

Mercedes V6 turbo (2014-):

http://www.youtube.com/watch?v=hwJ9ifFUXX4

Honda V6 turbo (2015-):

http://www.youtube.com/watch?v=4l4Gk8J5vL0

Aerodinamika aldetik, aldaketak ez dira 2009koak bezain nabarmenak. Dena den, autoak ez dira estetikoki oraingoak baino ikusgarriagoak izango. FIA-k kontuan hartu beharreko zerbait ozan beharko litzateke etorkizunerako. Auto azkar bat ez da inoiz itxusia izango.

Taldeek garapenean inbertitu beharra dute datorren urtean auto lehiakor batekin hasteko. Krisialdi ekonomikoaren ondorengo klima baten, non babesleen laguntzak oraindik eskasak diren (batez ere puntako taldeak ez direnentzat) hau arazo bat da. 2014ko txapelketan parte hartu ahal izateko, talde bakoitzak $500,000-ko inskripzio tarifa ordaindu beharko du. Honi puntu bakoitzeko $5000 gehitu behar zaizkio. Talde txapeldunaren kasuan $6000 dira puntu bakoitzeko. RedBull-ek 596 puntu batu ditu, beraz $4.07 miloi ordaindu beharko ditu parte hartzeko! Honi Vettelen soldata eta bonusak gehituz gero ($1 miloi garaipen bakoitzeko), irabaztea ez zaio merke irteten RedBull taldeari.

Amaieren ondorengo hasierak

Blog honetan idazten hastea erabaki dut, 3 arrazoi nagusigatik:

1.- Lehenik: automobilismoa euskaraz tratatzen duten idatzizko hedabideak esku bateko hatzekin kontatu daitezkeelako eta hori aldatzeko zerbait portaratu nahi dudalako.

2.- Bigarren: Goienak azken 10 urteetan eskualdeari eta euskarari egindako ekarpena eskertzeko, datozen 10 urteetan tontorrak igotzen jarrai dezaten.

3.- Hirugarren: debagoiendarra naizelako eta nere ideiak eta ikuspuntuak herrikideekin eta eskualdeko bizilagunekin banatu nahi ditudalako.

Horretaz gain, blog hau eztabaida gune bezala zabaldu nahiko nuke, zuen ideia eta ikuspuntu desberdinak jasotzeko. Poztuko nintzateke zuen erantzun eta komentarioak jasotzeaz. Beraz, ongi etorri nere blogera.

Espazio honetan 1-Formulako lasterketen eta berrien analisi bat eskeini nahiko nizueke, modu laburrean, gehiegi luzatu gabe baina esannahiz. Adibidez, ostiraleko entrenamendu libreetako emaitzak aztertuz larunbat eta igandean gerta litekeena aurreikusi genezake portzentaia baten. Edozein ingeniarirentzat nere ustez garrantzitsua da egindako lanaren txostena modu laburrean azaltzeko gaitasuna, ondorio esanguratsuekin. Automobilismoan faktore hau are garrantzitsuaga da, kotxearen garapenak azkar funtzionatu behar duelako eta norabide zuzenean. Normalean zuzendari tekniko batek ez du astirik 3 egunetik behin 50 orrialdeko 4 txosten irakurtzeko; egun osoa irakurtzen pasako luke. Zuzendari teknikoak erabakiak hartu behar ditu eta horretarako informazioa beharrezkoa du, modu motzean. Formatu grafikoan aurkeztutako datuek asko laguntzen dute egoera honetan. Kasu honetan zuek zarete nere zuzendariak. Grafikoak maite ditut eta bide hori jarraitzen saiatuko naiz hemen ere.

Gaira itzuliz: 2013ko txapelketa gehienak amaitu dira. Aro desberdinen bukaera suposatzen duen une bat da, eta ni blog bat idazten hasten naiz. Hurrengo post baten idatziko dizuet aroei buruz gehiago. Blogari titulua jartzerako orduan, „parc fermé“ izan zen bururatu zitzaidan lehenengotarikoa. Zergatik? Sari nagusi bateko zirkuituan edo rally baten, kotxeak „parc fermé“-an daudenean mekanikariek denbora librea izaten dutelako aisialdirako. Mekanikarientzat hau esan nahi du: Parc fermé = Kotxeak ezin dira ikutu = Denbora librea! Beraientzat ondo irabazitako atsedenaldia da. Ingenierien kasuan denbora librea izatearen kontua erlatiboa da, „parc fermé“-aren iraupenaren arabera. „Parc fermé“-ko lehenengo ordua ondo etortzen da datuak interpretatzeko, simulazio modeloak aktualizatzeko, konfigurazio aldaketak simulatzeko edota lehiakideen eboluzioak aztertzeko. Baina zer demontre da „parc fermé“? Batzuek badakizue ziur, beste batzuek agian ez. Beraz, motz azaltzen saiatuko naiz.

„Parc fermé“ kirol-automobilismoan erabiltzen den termino frantsez bat da, „parke itxia“ bezala itzuliko nuke literalki. Parke hau zonalde seguru bat bezala deskribatu daiteke, komisario bitartez zaindua. Lasterketa arautzen duen kirol-organuaren ardurapean biltzen dira partaide guztien kotxeak aldi berean bertan, sailkapen-sesio eta lasterketa baetn ondoren, batzuetan baita aurretik ere. Adibidez 1-Formulan FIA da parke itxiko arautegia definitzen duena eta berau betetzen dela kontrolatzearen arduraduna. Kotxe guztiek parke itxian egon behar dute beranduen sailkapen-sesioa amaitu eta 3.5h-ra, eta han utzi behar dira lasterketako formazio itzulia hasi baino 5.0h lehenagora arte. Kotxeak parke itxian dauden bitartean arautegia normalean oso erraza da: komisarioa ez den edozeinentzat autoak ikutzea debekatuta dago, FIA-ren berariazko baimenarekin ez bada. Parke itxiak behar bezain zabala izan behar du, lehiakide guztien kotxeak bertan pilatzeko eta aldi berean egiaztapen teknikoak burutu ahal izateko beste espazio eskeintzeko.

Egia esan 1-Formularen kasuan parke itxia konplexuagoa da beste lehiaketa batzuekin alderatuz. Izan ere, 1-Formulan „parc fermé egoera“ existitzen da. Kotxe guztiak egoera horretan aurkitzen dira sailkapenaren ondoren beraien garajea uzten duten momentutik, formazio itzuliaren hasierara arte. Egoera honetan honako aldaketak soilik onartzen dira: erregaiaren hornikuntza, balaztze-sistemaren purgaketa, gurpilen aldaketa (lehen 10en artean sailkatu ez dutenentzat edo segurtasuna kolokan jartzen duen arazo bat arrazoitzen duenarentzat), eta aurreko hegalean intzidentzia-angelu aldaketa txikiak. Ondorioz, 1-Formulan gaur egun taldeek ezin dute larunbatetik igandera kongifurazio-aldaketa nabarmenik burutu. Salbuespenak daude: larunbatetik igandera baldintza klimatikoen aldaketaren ondorioz, lasterketaren zuzendariak baimena eman diezaieke taldeei behar dituzten aldaketak burutzeko. Larunbatean istripu larri bat izan duen kotxe batentzat ere baimen berezia eskuratu daiteke. Motore bat edota abiadura-kaxa baten aldaketa beharrezkoa duen kotxe baten kasuan ere onartuta dago, baina 10 postu galtzen ditu igandeko lasterketarako. Arau hau hausten duen edozein boxetik irtetera behartuta dago igandean.

Kotxeak „parc fermé“-an dauden bitartean denbora izaten da familiarekin edota lagunekin kontaktuan jartzeko, kirol apur bat egiteko (korrika adibidez), emailak erantzuteko eta orain blog bat idazteko!