2013 denboraldia zenbakietan

2009ko arautegi aldaketa esanguratsuaz geroztik Red Bull izan da talde erreferentea. Dena den ez da etengabeko nagusitasun bat izan. Brawn (egungo Mercedes), Ferrari eta McLaren Red Bull taldea estutasunetan jartzeko gai izan dira azken 4 urteetako fase mugatu batzuetan. Horretaz gain, Newey-k diseinatutako kotxeen fidagarritasuna ez da inoiz bere ezaugarri aipagarrienetako bat izan.

2014ko arautegi berriaren sarrerarekin “Brawn efektua” errepikatzeko aukerak areagotzen dira. Posible da talderen bat ideia bikain batekin lehen lasterketara azaltzea eta hasieratik besteekiko sekulako abantaila irabaztea. Arautegi aldaketa potoloak dauden bakoitzean gerta daiteke. Efektu horrek gehienez denboraldi bat iraun dezake. Denboraldian zehar gainontzeko lehiakideak “ideia bikain” hori beraien diseinuetan apikatzen saiatzen dira. Ondoren ez da harritzekoa FIA-k “ideia bikain” hori debekatzea. Horrela gertatu zen 2009an difusore bikoitzekin. Ondorioz Brawn taldearen arrakastak urte bat baino ez zuen iraun.

Pirellik aurten ekarritako arazoek Red Bull gelditu ahalko zutela zirudien urte hasieran. Denboraldiaren erdialdera sartutako aldaketek Red Bull-en alde jokatu zuten. Hornitzaile italiarrak 2012ko pneumatikoaren oso parekoa zen gurpila berreskuratzea erabaki zuen, ordura arteko arazoak konpontzeko. 2012ko gurpila Red Bull-ek guztiz menperatuta daukan tresna da. Esan daiteke 2012ko gurpila izan dela Vettelen aurtengo txapelketaren giltza.

Red Bull-en azpiko taldeen artean aldaketak izan dira aurten 2012ko egoerarekin alderatuz. Urtean zehar taldeen abiadura ordena ez da gehiegi aldatu, beharbada taldeak gehien bat 2014rako diseinuetan kontzentratu direlako.

2013an zehar gordetako datu batzuk bildu ditut eta irudi batzuk sortu ditut. Barkatu kalitateagatik, hurrengo batean kalitate hobeagoan igotzen saiatuko naiz. Lehen grafikoak 2013ko auto bakoitzaren denbora azkarrenak errepresentatzen ditu zirkuitu bakoitzeko, zirkuitu horretako bira azkarrenarekin konparatuz.

2013 denboraldiko denbora diferentziak
2013 denboraldiko denbora diferentziak

2012an McLaren-a buelta batera batazbeste kotxe azkarrena izan arren, 2013ko kotxean aldaketa gehiegi sartzearen ondorioz abiadura gehiegi galdu dute. McLaren-en abiadura galerak %1a gainditzen du; galera handiena da Williams-enaz aparte.

2013ko denboraldiaren lehen erdialdean Mercedes-a da kotxerik azkarrena buelta batera. Budapesteko Sari Nagusira arte (non pneumatiko eraldatuak sartzen diren), hamar GP-tik zortzitan asteburuko buelta azkarrena Mercedes batek eskuratzen du. Budapestetik aurrera Red Bull nagusitzen da. Gainontzeko asteburuetan itzuli azkarrena beraientzat da eta gelditzen diren 9 probak Vettelentzat dira.

2013 denboraldiaren beste berezitasun bat: autoak ez dira 2012koak bezain parekatuta egon. Pasa den urtean batazbesteko itzuli-denboraren %1-aren barruan 8 talde sartzen ziren. Aurten 4 talde sartuko lirateke soilik zonalde horretan: Red Bull, Mercedes, Ferrari & Lotus.

Datorren urtean datozen arautegi aldaketan kontuan hartuta, ez litzateke harritzekoa taldeen arteko abiadura-desberdintasunek hazten jarraitzea.

2012 & 2013ko denboren tendentziak
2012 & 2013ko denboren tendentziak

Egoera honetan buelta batera auto azkar bat izateak ez du askorik balio, gurpilak txipitzen badira. Talde batzuek beraien abilezia erabili dute sari nagusi batzuetan zehar, lasterketa lehiakideek baino pitstop bat gutxiagorekin bukatzeko. Fenomeno hau denboraldiaren lehen erdialdean errepikatu da gehienbat, gurpilak bereziki delikatuak izan diren denboraldiaren fasean hain zuzen.

Bigarren taulan gidari bakoitzaren geldialdi-estrategia adierazten da, denboraldian zehar (zki negatiboa => x geldialdi gutxiago; zki positiboa => x geldialdi gehiago).

2013ko pitstop kopuruak
2013ko pitstop kopuruak

Datu interesgarri bat: Vettelek lasterketa guztietan bere arerioek bezain beste geldialdi burutu ditu. Lotus eta McLaren askotan beraien stintak luzatzeko gai izan dira, geldialdi kopurua murrizteko. Force Indiaren kasuan, Paul di Restak geldialdi bat gutxiagorekin emaitza hobeak lortu ditu bere taldekide Sutilek baino.

Arrazoi honegatik espero dut inposatutako derrigorrezko 2 geldialdiak ez iristea 1 Formulara, geldialdien estrategiaren efektua galduko bailitzateke.

Fidagarritasunari dagokionez: 2012an McLaren taldearen puntu ahulenetako bat izan zen. Aurten konpontzea lortu duten zerbait izan da. McLaren-ek 2 autoak lasterketa guztietan bukatzea lortu du, 1 Formularen historian inoiz gertatu ez zen zerbait. Bigarren grafikoak talde bakoitzaren fidagarritasun akatsak laburbiltzen ditu:

2013ko fidagarritasunak
2013ko fidagarritasunak

Datozen egunetan 2013ak erakutsi dizkigun gauza gehiago laburbiltzen saiatuko naiz, urte honek utzi digun onenarekin gelditzeko. Horietako batzuek datorren urtean gertatuko dena ulertzen lagunduko digute.

Bitartean urtearen amaiera on bat eta datorrenaren hasiera hobeago bat opa dizuet, eta urte berrirako dituzuen ametsak bete daitezela!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude