Arautegi berria

1-Formulako txapelketan arauen aldaketa urteroko gauza da. 2014an gertatuko dena ulertzeko, garrantzitsua da sartuko diren aldaketak azaltzea:

Arautegi teknikoa:

1) Motore berriak: 2.4L V8 atmosferikoen zikloa amaitzen da eta 1.6L V6 turboa sartzen da. V6 berriek 15000bira/min-ko abiadura maximoa dute orain arteko 18000bira/min-en ordez. V8-ek 750ZP inguru produzitzen zuten; V6 berriek 600ZP inguru emango dute. V8-a berdintzeko falta zaion potentzia ERS-tik hartuko du (jarraian azalduta). Turboa itzultzen da 80ko hamarkadan arrakasta izan ondoren. Konbustio motorearen momentu maximoa 360Nm ingurutik 600Nm-ra pasatzen da. Motoreak momentua emateko modua (kurba karakteristikoa) aldatzen da.

2) Abiadura kaxa berria:  Motore berriekin irabazitako momentua aprobetxatuz, 8 abiaduradun kaxa sekuentziala onartzen da, orain arteko 7koaren ordez. Talde bakoitzak redukzio-erlazio finkoak aukeratu beharko ditu denboraldi osorako. Monakon zein Monzan erlazio berdinak erabili beharko dira!

3) Energy Recovery System (ERS):  KERS sistemaren izena aldatzen da eta ERS izatera pasatzen da, energia zinetikoaz gain energia termikoa errekuperatzen duelako. Horretarako 2 motore-generadore elektriko erabiltzen dira: bata motorearen birabarkian energia zinetikoa errekuperatzeko eta gordetakoa itzultzeko; bestea turboaren ardatzean, ihes gasen enegia termikoa errekuperatzeko. Errekuperatutako energia bateria elektriko amankomun baten gordetzen da. Birabarkiaren ardatzean 2MJ errekuperatu ahal dira itzuliko, eta 4MJ aplikatu. Honek energia fluxua kudeatzera behartzen du. Turboaren ardatzean nahi bezain beste errekuperatu daiteke. Orain arteko KERS-arekin 80ZP elektriko lortzen ziren 6s-tan zehar. Sistema berriarekin 160ZP inguru aplikatu ahal dira 33s-tan zehar. Aldaketa honekin 1-Formula berriak benetako ibilgailu hibrido izatera pasatzen dira, teknologia adierazgarriarekin. KERS sistema botoi sinple bat izatetik sistema komplexu eta integratuago bat izatera pasatzen da.

4) Erregai limiteak: Sistema motor-prosultsore berriak efizienteagoak dira ERS berriarekin. Hori ziurtatzeko lasterketan kotxe bakoitzeko 100kg erregai erabiltzera mugatuta daude taldeak. Orain arte 1-Formulan ez zegoen erregai mugarik. Lasterketa bakoitzeko batazbeste 160kg erregai erabiltzen zen kotxe bakoitzeko. Horretaz gain, motoreek gehienez 100kg/h erregai kontsumitu ahalko dute.

5) Pisu minimoa: Sistema motor-propultsore berriekin irabazitako gehiegizko pisuaren ondorioz, kotxe+pilotuaren pisu minimoaren muga 642kg-tik 690kg-ra igo da.

6) Ihes-hodiak: Ihes-hodi bikoitzaren ordez bakarra erabiltzera behartzen da, gorakako angeludun posizioa izan behar du eta ez da elementu aerodinamikorik onartzen ihes-hodiaren atzean. Coanda efektuak difusoreetan zuen eragina desagertzen da.

7) Muturraren altuera: Segurtasun arrazoiak bitarteko, muturren altuera maximo onargarria 550mm-tik 185mm-ra murriztu da. Autoaren muturra sekzio bakar batez osatuta egon behar da (horregatik Lotusaren mutur asimetrikoa, araua betetzeko da). Emaitza bezala, mutur diseinu nahiko bereziak ikusten ari gara. Arau hau datorren urtean aldatu beharko dutela dirudi. Autoak benetan itxusiak izateaz gain, nik ez daukat guztiz garbi kolisio kasuan segurtasun abantaila bat den, ala agian desabantaila. Torpedo efektua eragin dezake, autoa aurreko autoaren azpian hondoratuz.

8) Aurrealdeko hegala: 2014tik aurrera estuagoak izango dira, 1800mm-tik 1650mm-ko zabalera izatera pasa dira. Aldaketa txikia dirudi baina autoaren kontzepu aerodinamiko guztia aldatzera behartzen du. Y250 bezala ezagutzen den zurrunbiloa galduko da hasieran eta ondorioz autoek hasieran karga aerodinakoa galduko dute. Xerezeko testak behatu badituzue, konturatuko zineten autoek Canada motako atzealdeko hegala daramatela. Aurrealdeko hegalarekin galdutako karga orekatzeko da. Urtean zehar burututako garapenarekin Y250 zurrunbiloa indartuko dute, galdutako karga berreskuratzeko.

9) Atzealdeko hegala: aldaketa txikiak dira. Habe-hegala desagertzen da, difusorearekin interakzioan lan egiten duen elementu bat. Hegal elementu nagusiaren profila aldatzen da. DRS sistema mantentzen da eta dagokion irekigunea zabalagoa bihurtzen da.

Kirol-arautegia:

10) Testak: denboraldian zehar, soilik FIA-k araututako testak onartzen dira. 4 test gehienez izango dira, asko jota 2 egunekoak jarraian, Sari Nagusi baten ondoren. Haize kanalean erabilitako orduen restrikzioak abian jartzen dira aurten, baina CFD simulazioari dagokizkionak ere. Helburua talde txikiei kosteak kontrolpean mantentzen laguntzea da.

11) Puntuak: Txapelketaren azken Sari Nagusiak (Abu Dhabi 2014) puntu kopuru bikoitza balio du. Helburua txapelketaren emozioa amaierara arte mantentzea da.

12) Pilotuen zenbakiak: pilotu bakoitzak 2-99 tarteko zenbaki bat aukeratu beharko du, bere 1-Formulako ibilaldi osoan zehar eramango duena. 1 zkia. momentuko txapeldunarentzat gordetzen da, erabili nahi izango balu. Pilotu bat baino gehiagok zenbaki bera aukeratzen badute, lehentasuna aurreko denboraldian postu hobean sailkatu den pilotuak izango du.

13) Ostiraleko entrenamenduak: 2014tik aurrera taldeek gehienez 4 pilotu erabili ahal dituzte ostiraleko entrenamenduetan, asko jota 2 kotxetan. Orain arte pilotu bakarra onartzen zen kotxe bakarrean. Aldaketa honen helburua pilotu gazteei aukera eta erregulartasuna ematea da.

14) Zigor berriak: 5s-ko zigorra ezarri ahal izango da arauren bat ez errespetatzeagatik. 12 hilabeteko epean 12 zigor-puntu edo gehiago jaso dituen pilotuari hurrengo lasterketan parte hartzea debekatu ahal izango zaio.

15) Pole position saria: Denboraldian zehar pole position gehien lortutako pilotuak sari berezi bat jasoko du. Berdinketaren kasuan, 2. postu gehien lortutako pilotuari emango zaio saria.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude