“To finish first, first you have to finish”

“To finish first, first you have to finish”. Kotxe azkar bat izateaz gain, lasterketak amaitzeko gai den kotxe bat ezinbestekoa da irabazteko.

Azken hamarkadan, V8 motore zaharrekin taldeek ia 100%-eko fidagarritasun maila lortu dute. Azkenengo 2 urteetako lasterketen sailkapenak begiratzen badituzue, ez dituzue akats tekniko gehiegi aurkituko. Dena den, motore berriekin argazkia guztiz aldatzen da eta fidagarritasuna guztiz berreraiki beharko duten dorrea bihurtu da. Argi dago, denboraldiaren hasieran batez ere, fidagarritasuna lehen baino lehen eskuratzen duten taldeek abantaila tekniko garbi bat izango dutela. Xerezen frogatu bezala.

Asteazkenetik larunbatera 1-Formulako aurredenboraldiaren 2. kapitulua idatziko dute taldeek Bahrainen. Motore berrien hozketa sistemarentzat Xerezekoa baino test gogorrago bat izango da. Denboraldian zehar aurkituko dituzten tenperaturekin konparagarriagoak diren baldintzatan erantzun beharko dute potentzia unitate berriek. Xerezen 10-13°C (airean) eta 25-30°C (pistan) inguruko tenperaturekin gidatu zuten. Bahrainen aste honetan baldintza errepresentatibiagoak espero dira: 20-23°C airean, 40-45°C pistan. Motoreen erantzunaz gain, gurpilen erreakzioa ere garrantzitsuagoa izango da aste honetan.

Mercedes eta Ferrari motoreak daramatzaten taldeek alde batetik potentzia unitate berrien fidagarritasuna konfirmatzeko erabiliko dute aste hau. Bestetik, batez ere errendimenduaren garapenean kontzentratzeko aukera izango dute; Xerezen gertatu ez zen bezala, pilotuei kotxearen muga bilatzea eskatuko zaie egun hauetan. Xerezeko testeko denborak ez dira aste honetakoak bezain errepresentatiboak. Izan ere, Xerezen taldeen helburua ez zen prestakuntza guztiak 100%-ean kotxeetan probatzea. Xerezen helburua sistema berriak probatzea zen; horretarako kilometroak biltzea da garrantzitsuena, abiadurak ez du hainbeste garrantzia. Ondorioz, pilotuei kilometroak egiteko eskatu zitzaien, kotxearen mugara gehiegi gerturatu gabe. Bahrainen pilotuek aukera gehiago izango dute kotxeen potentziala erakusteko. Gutxienez Mercedes eta Ferrari motoredun pilotuek.

Xerezeko testean garbi geratu zena honakoa da: Renaultek arazoak ditu motore berriarekin. Buruhauste hauek RedBull eta Toro Rossoren kotxeetan eragin handiena dutela dirudi. Bi kotxe hauen diseinuek normalean hozketa sistema konprometitzen dute, efizientzia aerodinamikoa maximizatzeko. Dena den, arazoak hozketa baino zerbait gehiago izan behar du. Arazoaren tamainaren arabera, errefrigerazio arazo bat pistan egun batetik bestera konpondu daitekeen zerbait da, aerodinamika konprometituz. Hozketa arazo batek ez du kotxea egun osoan zehar gelditzera behartzen. Arazoak hori baino sakonagoa dirudi. Testaren bigarren egunean Adrian Newey bulego teknikora itzuli izana nahiko esanguratsua da: edo RedBullen kotxeak diseinuko akats bat du (Bahraineko testerako konpondu nahi izan dutena) edo RedBullek kotxearen gune bat birdiseinatuko du Renaultek eragindako arazo bat lehen baino lehen konpontzeko. Kanpotik ikusita, esango nuke Renaultek gutxienez 2 eta gehienez 6 hilabeteko atzerapena daramala motorearen garapenean Mercedes eta Ferrarirekiko. Ondorioz, Xerezen gertatutakoa seguraski arazo desberdinen konbinazio bat izan zen. Litekeena da arazoaren zati bat hozketa edo isolamendu termikoa izatea, beste bat kontrol sistema elektronikoarekin erlazionatuta egotea, eta beste bat agian sentsore eta motore elektrikoen arteko interakzio elektromagnetikoan. Renaulten atzerapena 2 hilabetekoa bada, behar bada denboraldia hasi aurretik konpondu daitekeen zeozer da. Kasu horretan RedBull bezalako talde batek puntuak berreskuratzeko aukerak izango lituzke denboraldiaren 2. erdialdean, batez ere autoa denboraldian zehar aerodinamikoki garatzeko duten gaitasuna kontuan izanda. Atzerapena 6 hilabetekoa bada, 2014ko denboraldiaz ahaztu daitezke Renault motorea daramaten taldeak (RedBull, Lotus, Toro Rosso eta Caterham). RedBullen egoeran, Bahrainen aste honetan gertatzen denaren arabera, 2015rako motore-hornitzailea aldatzea kontsideratzea aukeretako bat izan liteke.

Xerezeko testean Mercedes eta Ferrari motorea daramaten taldeek abantaila garrantzitsu bat irabazi zieten Renault motoredunei. Aste honetako testak erakutsiko du diferentzia hori nola aldatu den azken 3 asteetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude