Mark Webberrek 1-Formula uzten du Porscherekin Le Mans-eko garaipenagatik borrokatzeko LMP1 kategorian. Le Mans aipatzean Epsilon-Euskadi etortzen zait automatikoki burura. Azkenaldian albiste negatiboak besterik ez dira izan Epsilon erakundeak eman dituenak. Irakurri nuen azkena, duela egun gutxi: Gasteizko auzitegi batek Joan Villadelprati (Epsilon enpresaren zuzendaria eta akziodun nagusia) ezarritako zigorra: €900,000-ko ordainketa eta 3 urteko debekua edozein enpresaren administratzaile edota pertsonen errepresentazio bezala jarduteko. Auziaren arrazoia Epsilon enpresaren aktiboen zati baten salmenta da, erakundea konkurtso egoeran sartuta zegoela. Nolabait ulertezina… edozein kasutan hau soilik iceberg handi baten tontorra omen da. Izan ere, Villadelpraten zuzendaritzapean Epsilon enpresa zoritxarrez itxi egin behar izan zuten, konkurtso egoeran sartu ondoren eta langile guztiak langabezian utziz. Itxi zuten unean Epsilonek €16 miloi inguruko zor bat zuen erakunde desberdinekin, modu eztabaidagarrian lortutako kredituen ondorioz.
Ez daukat ezer Joanen aurka. Espainiar estatuan 1-Formulan esperientzia gehien biltzen duen pertsona da, zalantza izpi gabe. Lauda, Prost eta Schumacherren mailako pilotuekin lan egin du, ez da askok esan dezaketen zerbait. Lider bat da, mekanikarien team-manager bezala ez dauka parekorik; baina enpresa bat gidatzeak zeozer gehiago eskatzen du. Errespetu osoz, Epsilonekin egin duena ez zait serioa iruditzen. Egundoko miresmena diet Euskal Herriko enpresari txiki eta ertainei, askotan enpresa familiarrak, krisialdiko kliman aurrera egiteko gai izan direlako, lanpostuak mantenduz eta hilero-hilero soldatak tokatzen denean ordainduz, beste batzuk jaso dutena baino laguntza gutxiago jasota. Epsilonen kasuan ez dira helburuak lortu eta itxi egin behar izan dute, Eusko Jaurlaritzatik eta gobernu zentraletik laguntzak ekonomiko garrantzitsuak jaso izan arren. Nola da posible? Nere helburua ez da orain errudunak zeintzuk diren gogoraraztea. Lehen galdera: nola iritsi zen Joan Epsilon erakundeko akziodun bakar eta nagusi izatera? Azalpena nahiko luzea da eta horretarako Epsilonen sorreraraino itzuli beharko ginateke. Epsilon-Euskadi 2003an sortu zen Epsilon by Graff talde frantsesaren jarraipen bezala. Helburua Ander Vilariño hondarribitarra 1-Formulara eramatea zen, eta aldi berean Euskadi marka automomibilismoaren bidez zabaltzea. Hasiera baten Joanek Epsilonen aholkulari bezala jardun zuen. Taldearen zuzendaria Michel Lecompte frantsesa zen. Joan eta orduko bere kide zen Carlos Moya valentziarra akziodun izatera pasa ziren Lecompterekin batera. 2004an (taldea sortu ta urte batera) Epsilonen zuzendaritzak Ander Vilariñorekin tirabirak izan zituen eta Anderrek taldetik kanpo amaitu zuen. Une hartan hondarribitarra 1-Formulako ateaurrean zegoela esatea ez da astakeria bat. 1-Formula bat gidatzeko aukera errealak izatetik oso gertu izan zen. Ez dukat oso garbi zer gertatu zen urte hartan, baina zerbait gertatu zen talde barruan. Hurrengo urtea (2005a) oso arrakastatsua izan zen kirol alderdian, Epsilonen historia motzeko arrakastatsuena. Epsilonek Kubica kontratatu zuen eta honek munduko txapelketa eskuratu zuen, Epsilon taldekako txapeldun geratu zen. Handik denbora ez askora, taldearean akziodunetako bat zen Moyak taldea utzi zuen. Ondoren Lecompte izan zen bide bera jarraitu zuena, Villadelprat jabetza osoarekin utziz. Zergatik utzi zuten zuzendaritzako 2 kide hauek erakundea? Beraien borondatez alde egin zuten edo postua uztera behartuta sentitu ziren? Galdera hauen erantzunak ez ditut oso garbi.
Villadelpratek erregaia darama odolean eta anbizio handiko proiektuak ditu gustoko. 2006-an Epsilon kotxe bat diseinatzen hasi zen 2008an Le Mans-eko LMP1 kategoria gorenean parte hartzeko helburuarekin. Burugogorra da eta bere helburua lortu arte ez zuen amore eman. Zoritxarrez Le Mans-eko proiektuaren abentura uste baino goizago amaitu behar izan zen. Proiektuak urte bat soilik iraun zuen, dirua amaitu zenera arte. Kotxeak ez zeraman inolako babeslerik. Horretaz gain, talde guztiz berri batekin eta zerotik diseinatutako kotxe batekin Le Mans-eko kategoria altuenean parte hartzea gehoegizko erronka da nere ustez. Ez da serioa Epsilon Audien aurka lehiatu nahi izatea Epsilon zegoen egoeran egonda. Villadelpratek bihotzarekin hartutako erabakiekin aurrera jarraitu zuen amaieraraino. Zergatik ez Le Mans-eko bigarren mailan hasi (LMP2 kategoria)? Lehiakorra izateko beharrezko aurrekontua apalagoa da eta podiumak lortzeko aukerak gehiago dira.
Baina Villadelpratek ez du amore ematen eta 2009an Epsilon-Euskadik Miñanoko instalazioak sortzen ditu, €30 miloi inguruko inbertsio batekin. Lorpen hau benetan mirestekoa da nere ustez alderdi teknikotik. Finantziazio aldetik egindakoa seguraski ez zen zuzena izan eta horrela bada ez zait serioa iruditzen. Nondik dator dirua? Galdetzen zuten 1-Formulako jende askok. Aurrekontuak zati handi baten diru publikotik zetozela argitaratzen zenean atzerritar askok ez zuten sinisten. „Diru publikotik? Euskaldunak hori baino argiagoak zirela uste nuen“, esan zidan behin lagun batek. Ez zaio arrazoirik falta. Munduan ez duzue adibide asko bilatuko, non konpetizioko talde bat baliabide publikoz finantziatzen den. Nola onartu zen orduan mota horretako inbertsio publiko bat? Norbaitek erantzun beharreko galdera da agian, baina ez da guk orain hemen argitu dezakegun zerbait. Gauza da Miñanon sortutako eraikuntza eta baliabideak 1-Formulako talde askorenak baino hobeak eta modernoagoak direla. Izan ere Villadelpraten plana goizago edo beranduago 1-Formulan sartzea zen, talde euskaldun batekin. Ideia benetan polita zen, batzuentzat utopia bat. Nere ustez teknologikoki posible da. Funtzionatu dezan ezinbesteko baldintza: aspektu ekonomikoa oso ondo lotuta egon behar da, gutxienez 3 urterako aurrekontua ziurtatuta egon behar da. Hau da, €140 miloi inguru. Gaur egungo egoera mundial ekonomikoan utopikoa da Epsilon 1-Formulan sartzearen ideia. Edozein kasutan, 1-Formulan ez sartzea ez da munduaren amaiera. Sartu ziren beste batzuek ez dute hobeto amaitu (Hispaniaren adibidea). Zuzenean 1-Formula ez diren gauza asko egin dautezke Miñanon. Instalazioak horretarako prestatuta daude.
Baina goazen harira: zer gertatuko da orain Epsilonen erainkuntzarekin? Zer egingo zu administrazioak eraikuntzarekin, haizearen kanalarekin, autoklabeekin eta superkonputagailuarekin? Konkurtso egoeran dagoenez, administratzailea aktiboak saltzen saiatuko da dituen zorrei aurre egiteko. 2009an instalazioengatik €30 miloi inguru ordaindu ziren. Egun ordea, krisiaren ondoren nere ustez oso zaila izango da horrenbeste ordainduko duen erosle bat bilatzea. Kotxe ekoizle gehienez badituzte beraien ikerkuntza zentruak Europan banatuta, eta mota horretako zentru bat behar duen ekoizle batek bere neurrira eraikiko du gehien interesatzen zaion tokian. Baina Epsilonena beste liga bat da. Instalazio horiek salmenta zaila dute nere ustez egungo merkatuan. Saltzekotan dirua galduko da.
Motorsport sektorea oso espezializatua da eta orohar balio erantsi altuko aktibitatea da. Zergatik ez Epsilonek utzitako baliabideekin enpresa publiko edo kooperatiba bat sortu? Une honetan gizarteak behar dituen lanpostuen sorrera sustatuko luke. Enpresa publiko izateak ez du esan nahi ditu publikoarekin finantziatu behar denik. Ni horren aurka nago guztiz. Laguntza publikoak ezin dira enpresa baten finantzaketaren oinarri bihurtu. Baldintza garrantzitsuena aktibitatearen errentagarritasuna izan beharko litzateke nere ustez. Kontuan izan behar da espainiar estatuan 2 haize kanal besterik ez daudela; bat Epsilonek utzitakoa da. Beste hitzetan esanda: egundoko altxor teknologikoa dugu etxetik 30 minutura. Momentu honetan administrazio publikoaren eskuetan, hautsa hartzen. Hemendik Eusko Jaurlaritzari dei bat egin nahi nioke, eraikuntza, haize kanala, autoklabeak eta simulaziorako superkonputagailua saldu ez ditzaten. Horretaz gain, Epsilon erakunde publiko bilakatzeko erreflexioa eskatu nahiko nuke.
Epsilonen instalazioak edozein unibertsitaterentzat baliagarriak izan daitezke ingenierien formakuntzarako. Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean sortutako masterrak frogatu zuen hori. Epsilon kooperatiba edo enpresa publiko bilakatzeak formakuntzaren adarra berrindartzeko aukera emango lioke.
%100-ean konbentzituta nago mota honetako enpresa batek Euskal Herrian modu errentagarrian funtzionatu dezakeela, laguntza publikoen behar barik. Ez dira 2000 lanpostu sortuko, baina enpresa txiki moduan funtzionatu dezake, langilego kualifikatu batekin, zerbitzuak eskaintzeko. Konpetizioko departamendua ez da errentagarria babeslerik ez dagoen bitartean; beraz momentuz alde batera utziko nuke. Negozioa martxan jartzeko bezeroak behar dira, balio erantsiko proiektuak ordaintzeko prest daudenak. Haizearen kanaleko proiektuek balio erantsi handia dute. Kontzeptu hau eskaintzen duten ingeniaritza gutxi batzuk badaude egun Europan banatuta eta modu errentagarrian funtzionatzen dute. Beraien negozioa konpetizio profesionalean ari diren taldeei zerbitzuak eskeintzean datza. Adibide bezala, aurten Alonsok gidatu duen Ferrariaren aerodinamika Alemanian alokatutako haize kanal baten garatua izan da osotasunean. Abantaila konpetitiboa lortu nahi duten taldeak dira bezero potentzialak. Hauek kanpo zerbitzuak kontratatzea erabakitzen dute, beraien baliabideak mugatuak direlako eta azkarrago garatu nahi dutelako esaterako. 1-Formula, GP2, F3, DTM, MotoGP, WEC eta WRC bezalako kategorietan aurkitzen dira sektoreko bezero potentzialak. Horretaz gain ingenieritza zerbitzuen eskaintza sektore industrial zabalago batera hedatu daiteke. Sektore aeronautikoko enpresentzat, abiadura handiko trenak, autobusak edota bizikleten diseinurako erabilgarria den tresna bat da haize kanala. Gasteizkoa laster berriro martxan hastea litzateke albiste onena. Penagarria da Epsilon egoera honetara iritsi behar izana eta Villadelprat auziperatu behar izana. Miñanoko zentrua eraikitzeko asko bultzatu du eta ez zait iruditzen zuzena bera errudun bakartzat auziperatzea. Bestalde gaizki egindakoak ordaintzea tokatzen da lehenago edo beranduago. Ditugun baliabideei etekina ateratzen hasteko ordua iritsi da; batez ere guztion diruarekin ordaindutakoei. Negozio plan bideragarria posible da Epsilonentzat.