Blog honetan idazten hastea erabaki dut, 3 arrazoi nagusigatik:
1.- Lehenik: automobilismoa euskaraz tratatzen duten idatzizko hedabideak esku bateko hatzekin kontatu daitezkeelako eta hori aldatzeko zerbait portaratu nahi dudalako.
2.- Bigarren: Goienak azken 10 urteetan eskualdeari eta euskarari egindako ekarpena eskertzeko, datozen 10 urteetan tontorrak igotzen jarrai dezaten.
3.- Hirugarren: debagoiendarra naizelako eta nere ideiak eta ikuspuntuak herrikideekin eta eskualdeko bizilagunekin banatu nahi ditudalako.
Horretaz gain, blog hau eztabaida gune bezala zabaldu nahiko nuke, zuen ideia eta ikuspuntu desberdinak jasotzeko. Poztuko nintzateke zuen erantzun eta komentarioak jasotzeaz. Beraz, ongi etorri nere blogera.
Espazio honetan 1-Formulako lasterketen eta berrien analisi bat eskeini nahiko nizueke, modu laburrean, gehiegi luzatu gabe baina esannahiz. Adibidez, ostiraleko entrenamendu libreetako emaitzak aztertuz larunbat eta igandean gerta litekeena aurreikusi genezake portzentaia baten. Edozein ingeniarirentzat nere ustez garrantzitsua da egindako lanaren txostena modu laburrean azaltzeko gaitasuna, ondorio esanguratsuekin. Automobilismoan faktore hau are garrantzitsuaga da, kotxearen garapenak azkar funtzionatu behar duelako eta norabide zuzenean. Normalean zuzendari tekniko batek ez du astirik 3 egunetik behin 50 orrialdeko 4 txosten irakurtzeko; egun osoa irakurtzen pasako luke. Zuzendari teknikoak erabakiak hartu behar ditu eta horretarako informazioa beharrezkoa du, modu motzean. Formatu grafikoan aurkeztutako datuek asko laguntzen dute egoera honetan. Kasu honetan zuek zarete nere zuzendariak. Grafikoak maite ditut eta bide hori jarraitzen saiatuko naiz hemen ere.
Gaira itzuliz: 2013ko txapelketa gehienak amaitu dira. Aro desberdinen bukaera suposatzen duen une bat da, eta ni blog bat idazten hasten naiz. Hurrengo post baten idatziko dizuet aroei buruz gehiago. Blogari titulua jartzerako orduan, „parc fermé“ izan zen bururatu zitzaidan lehenengotarikoa. Zergatik? Sari nagusi bateko zirkuituan edo rally baten, kotxeak „parc fermé“-an daudenean mekanikariek denbora librea izaten dutelako aisialdirako. Mekanikarientzat hau esan nahi du: Parc fermé = Kotxeak ezin dira ikutu = Denbora librea! Beraientzat ondo irabazitako atsedenaldia da. Ingenierien kasuan denbora librea izatearen kontua erlatiboa da, „parc fermé“-aren iraupenaren arabera. „Parc fermé“-ko lehenengo ordua ondo etortzen da datuak interpretatzeko, simulazio modeloak aktualizatzeko, konfigurazio aldaketak simulatzeko edota lehiakideen eboluzioak aztertzeko. Baina zer demontre da „parc fermé“? Batzuek badakizue ziur, beste batzuek agian ez. Beraz, motz azaltzen saiatuko naiz.
„Parc fermé“ kirol-automobilismoan erabiltzen den termino frantsez bat da, „parke itxia“ bezala itzuliko nuke literalki. Parke hau zonalde seguru bat bezala deskribatu daiteke, komisario bitartez zaindua. Lasterketa arautzen duen kirol-organuaren ardurapean biltzen dira partaide guztien kotxeak aldi berean bertan, sailkapen-sesio eta lasterketa baetn ondoren, batzuetan baita aurretik ere. Adibidez 1-Formulan FIA da parke itxiko arautegia definitzen duena eta berau betetzen dela kontrolatzearen arduraduna. Kotxe guztiek parke itxian egon behar dute beranduen sailkapen-sesioa amaitu eta 3.5h-ra, eta han utzi behar dira lasterketako formazio itzulia hasi baino 5.0h lehenagora arte. Kotxeak parke itxian dauden bitartean arautegia normalean oso erraza da: komisarioa ez den edozeinentzat autoak ikutzea debekatuta dago, FIA-ren berariazko baimenarekin ez bada. Parke itxiak behar bezain zabala izan behar du, lehiakide guztien kotxeak bertan pilatzeko eta aldi berean egiaztapen teknikoak burutu ahal izateko beste espazio eskeintzeko.
Egia esan 1-Formularen kasuan parke itxia konplexuagoa da beste lehiaketa batzuekin alderatuz. Izan ere, 1-Formulan „parc fermé egoera“ existitzen da. Kotxe guztiak egoera horretan aurkitzen dira sailkapenaren ondoren beraien garajea uzten duten momentutik, formazio itzuliaren hasierara arte. Egoera honetan honako aldaketak soilik onartzen dira: erregaiaren hornikuntza, balaztze-sistemaren purgaketa, gurpilen aldaketa (lehen 10en artean sailkatu ez dutenentzat edo segurtasuna kolokan jartzen duen arazo bat arrazoitzen duenarentzat), eta aurreko hegalean intzidentzia-angelu aldaketa txikiak. Ondorioz, 1-Formulan gaur egun taldeek ezin dute larunbatetik igandera kongifurazio-aldaketa nabarmenik burutu. Salbuespenak daude: larunbatetik igandera baldintza klimatikoen aldaketaren ondorioz, lasterketaren zuzendariak baimena eman diezaieke taldeei behar dituzten aldaketak burutzeko. Larunbatean istripu larri bat izan duen kotxe batentzat ere baimen berezia eskuratu daiteke. Motore bat edota abiadura-kaxa baten aldaketa beharrezkoa duen kotxe baten kasuan ere onartuta dago, baina 10 postu galtzen ditu igandeko lasterketarako. Arau hau hausten duen edozein boxetik irtetera behartuta dago igandean.
Kotxeak „parc fermé“-an dauden bitartean denbora izaten da familiarekin edota lagunekin kontaktuan jartzeko, kirol apur bat egiteko (korrika adibidez), emailak erantzuteko eta orain blog bat idazteko!
Mundu ezezaguna 1 Formularena niretzat. Pozten nau barru barrutik eta euskaraz mundu horren zirrikituetan murgiltzeko aukera izateak. Parc Ferméak irauten duen bitartean, aurretik eta ondoren gertatzen direnak ezagutuko ditugu hemen. Doala agur bero bat Alemaniara.