1-Formulako injineru talde batek kolorezko karbono-zuntza produzitzeko metodo berri bat patentatu du. Metodo hau orain arte ezinezkotzat ulertzen zen.
„Hypetex“ deitzen da eta egungo karbono-zuntzari funtzio estetiko bat gehitzen dio. Aplikazio arloak zabalak izan daitezke: bizikletak, serieko kotxeen barne dekorazioa, gama altuko altzariak, etab. McLaren etxea „Hypetex“ konposite-zuntza erabiltzeko negoziazioetan ari omen da bere kaleko P1 produktuaren barne-dekoraziorako.
Karbono-zuntzaren kolore naturala beltza da eta printzipioz ezinezkoa da koloreztatzea. 1-Formulan oso komuna den materiala da, eskaintzen dituen ezaugarri mekanikoengatik (zurruntasun eta erresistentzia espezifikoak). Egungo 1-Formulako txasisak karbono-zuntzezkoak dira bere osotasunean, baita esekiduraren elementu gehienak eta osagarri aerodinamikoak ere. Euskal Herrian bertan ditugu karbonozko txasisak zein bestelako piezak produzitzeko beharrezko instalazioak (3 autoklabe), Epsilon taldeak utzitako instalazioetan (egun erabilpen gabe, administrazio publikoaren esku).
Karbono-zuntzari kolorea eman nahi izanez gero, aukeretako bat karbono-zuntza koloredun beste zuntz baterik haritzea da. Emaitza zuntz-beltz eta koloredun-zuntz baten arteko nahasketa bat izango da, orain arte ezaguna den moduan prozesatu daiteke. Dena den emaitza kolore ilun, lausotsu bateko konpositea da. Beste aukera bat karbono-zuntza pintatzea da, edota pegatinak erabiltzea, egun 1-Formulan betidanik egin den bezala.
7 urteko ikerkuntza lanaren ondoren, „Hypetex“-aren atzean dagoen taldeak erantzun bat bilatu dio kolorearen arazoari. Karbono-zuntzaren industria etengabeko abiaduran garatzen ari den alorra da, urteko 40000 tona inguruko produkzio mundialarekin. Datozen urteetan karbono-zuntzaren produkzioa nabarmenki zabalduko dela espero da, bere ekoizpena errezteko aukerak azaldu direlako.