Danon artian

Edozer egiteko formula onena egin gura dogun danon artian egitia dala esango neban. Duda barik, Elgeta egiteko modurik onena danon artian egitia da.

Herritarren parte hartzia bultzatu eta aurrera eruatia da erakundietan
daukagun erronketako bat. Kudeaketa beste modu batera egitia gura
dogunok sakondu egin bihar dogu horretan. Proposamen zehatzak egin.
Erakutzi gauzak beste modu batera egiteko moduak badarela.

Inkestia
banatu dogu etxe guztietan: 68 galdera, 16 urtetik gorakuek betetzekua,
buzoia ipiñi dogu udaletxean honek jasotzeko eta webgunian atala sortu
inkesta gehixago lortu gura dittuanantzako.

Azkenenego hillabetietan legealdian aurrera eruan biharrekuen gaiñian
jardun dogu udaletxe barruan. Kanpora zabaltzeko garaixa dator, tekniko
eta politikuok landutako plana herrittarrei aurkeztekua. Inkestan
jasotako erantzunek eta horretarako sortuko dogun foruak lagunduko
doskue dittugun asmuetan herrittarentzako lehentasuna zeintzuk dauken
asmatzen.


Jatetxeak guardian

Mankomunitateko turismo zerbitzutik deituta jatetxe, hotel eta nekazalturismoetako ugazabekin batzarra izan genuen atzo. Sektorea eta erakundearen arteko harremana indartu nahi dugu eta euren arteko komunikazioa bultzatu.

Seinalizazio falta: Foru Aldundia.
Errepide nagusietan Debagoienetik igarotzen ari dela jakin behar du gidariak, eta modu batera edo bestera Debagoienean zer topatuko duen jakin. Errepide meharragoetan galdu egiten ei dira bezeroak eta euren etxeetarako bideak seinalizatzeko orduan eragozpenak besterik ez dituzte topatzen. Batzarra eskatuko diogu Foru Aldundiari eta eskutik joango gara Mankomunitatea eta sektorea.

Ekimen falta: Mankomunitatea.
Mundumira igartzen dute. Antzerako ekimenak bultzatu beharra azpimarratu dute, agian herriz herri: pintxo lehiaketak, ardo dastaketak… Sortu edo berreskuratu behar genukela markaren bat: guztiek menuan sartzeko jakiren bat, saltzeko produkturen bat… Informazioa zabaltzeko webgunea eta eskuorriak eguneratu beharra badugula ere gehituko nuke.

Aparkaleku falta: Udalak.
“Goizean bazkaltzeko lekua gordeta dutenak eguerdian deitu izan dute aparkalekurik topatu ez eta beste leku batera doazela” esan du Arrasateko jatetxe bateko ugazabak. Debagoieneko Udalak aparkalekuak kentzen ari gara eta kexu dira. Pentsatzen dut denda, taberna eta kafetegietako ugazabek berdin pentsatuko dutela.

Sortu dugu koordinazio lantaldea. Turismoko arduraduna eta teknikaria egongo gara elkarlanean jatetxe, hotel eta nekazalturismoetako zazpi ordezkarirekin. Lehenengo lana “guardiako jatetxea” martxan ipintzea. Bezero faltan astegunetan gutxi dira afaltzen ematen duten jatetxeak. Hotelak horren kexu dira, bezeroak afaltzeko leku bila ibiltzen dira eta. Adostu dugu astegunetan jatetxe bat guardian egongo dela. Gutuna bidaliko dugu jatetxeeta, izena ematen dutenekin egutegia osatu eta sektore guztiari horren berri eman. Egokiena litzake herriz herri egitea. Ezin bada Debagoien mailan emango ditugu lehen pausuak.

Ondo etorri polo soberanistara

Txalo zaparradarekin hartu dute ezker abertzaleko beste sensibilidadekoek Eusko Alkartasunak bakarrik joatea erabaki izana. Duela bi urteko erretratua ekarri dit gogora, mozolo mozolo maitaminduta zeudeneko itxura ematen zutenekoa. Orduko hauteskunde aurrean apurtu zen dena, udaberriko koloreak zetozela zin egin eta udan udazkena etorri zenean.

Ondo etorri EA polo soberanistara. Ezkerrekoak eta abertzaleak garenok ordea ezkerreko polo soberanista da indartu behar duguna. Egunero egunero politika atzerakoiak bultzatzen diharduten, EAJ eta EAren ezkerretara osatu behar dugun indar metaketa. Ezker abertzaleko sensibilidade politiko desberdinok, sindikatuek eta bestelako hainbat eragilek militarrei lekua kenduko dien mugimendu zibila osatu behar dugu, ezker abertzale politikoa indartu. Ezkerreko polo soberanista epe ertainerako estrategia da.

Epe motzerako estrategiekin nahastea, hauteskundeekin nahastea, akatsa litzateke: interes partidistak alde batera lagatzeko ohituta ez dutenek ez lukete bideragarri egingo eta arriskua legoke herritarren ilusioa, hamaikagarren aldiz, popatik botatzeko.

Ezker abertzale politikoa indartzeko estrategiari eutziz, hauteskundeetan bere proiektu politikoa defendatuko du Aralarrek. Ezker abertzale zibila, zabala, eraldatzailea eta eraginkorra. Hau izango da zapatuan izango dugun batzarrean zuzendaritzak proposatuko duena. Erabakia afiliatuekin batera hartuko dugu.

16. Korrika Elgetatik ez

Datorren urtian Korrika ez da Elgetatik pasauko. Tuteratik Gasteizera bidian euko dogu aukera korrikaldixa egiteko.

Goguak daukalada, oin artian, bi ordutik gora birritan eginda nekan korrika. Behin Gasteizen eta beste behin Aretxabaletatik Kanpazarrera, bietan Korrikaren aitzakian.

Aurreko domekan, Behobia eta Donostia artekua egin neban korreketan, eta oinez. Pasatu dira aurreko domekako korrikaldiko minak. Hurrin ikusi neban helmugia, kostata baina heldu nintzan. Eta hantxe non topatu neban gure herriko argazkilaria, klik-klik-klik…

Oso ondo antolatuta topatu neban dana. Horregatik bakarrik merezi dau datorren urtian bertan egotia. Aurtenguan ez moduan, ia tarterik topatzen doten gutxiago sufritu eta gehiago disfrutatzeko. Egingo dogu alkarrekin?

Pausua emon zapatak buzteko bildur barik

Esaten dozuna irtenpretatzeko abilidadia dauke kazetarixek. Benetan gustatzen jatana euren iritzixa irakurtzia da, zapatak buzteko pausua gutxik emoten dabela uste doten arren.

Argiako Mikel Asurmendirekin egon nintzan aurrekuan Donostian. Argitaratu dabe elkarrizketia. Aukeratutako titularra ez da nik aukeratuko nebana, zer egingo dotsagu.

Bideuan be jaso dabe elkarrizketian atal bat.

Herritarren bistan

Erabakiak hartzeko foro itxia, gobernu batzordea, kendu egin genuen Elgetako udaletxean ardurak hartu genituenean. Arrazoiak bi: alderdi politiko guztiek parte hartzeko aukera daukaten batzarretan hartzea erabakiak eta herritarrek izan dezatela parte hartzeko aukera.

Batzordeak irekiak dira gure herrian, gura duenak hartu dezake parte bai eztabaidan eta bai erabakian. Udal-aurrekontuetan diru partida zehatzak daude batzorde bakoitzarentzako eta bertan erabakitzen da diru horri zein bide eman.

Normalean adostasuna egoten da batzordeetan. Adostasuna ez dagoenerako bozketa nola egin ez dago adostuta, adostu beharra daukagu baina ez da erraza: teknikoek botoa daukaten edo ez, alderdietako ordezkarien botoak berdin balio duen edo herritarrek emandako ordezkaritzaren araberakoa izan behar duen, elkarteetako ordezkarien botoak berdin balio duen edo bakoitzak dituen bazkideen araberakoa izan behar duen, maiztasunez parte hartzen duen herritarraren eta behin gai konkretu baten gainean datorrenaren botoak berdin balio du, gai baten gainean hogei herritar badatoz hogeiek eman dezakete botoa…

Esandako moduan normalean adostasuna egoten da batzordeetan. Oinezkoentzako lehentasuna gura dugun kaleetarako arautegia lantzen dihardugu eta honetan ez dago adostasunik politikoen artean. Zenbait herritar ere etorri dira batzordera proposamena ez dutela gustoko esatera. Neurriak hartzea presazkoa dela uste dutenak ere badaude.

Danerako iritziak daudenez eta azken erabakia hartu aurretik Udalak adostu duen proposamena herritarrei aurkeztu gura diegunez, hemen orain arte eman ditugun pausuak:
1.- Batzordean proposamena aurkeztu zuen Aralarrek.
2.- Epea eman beste alderdiei gure proposamenari ekarpenak egiteko.
3.- Ekarpenak batzordean eztabaidatu ziren.
4.- Batzordera etorritako herritarren iritzia entzun genuen.
5.- ANVrekin arautegi proposamena adostu genuen eta udalbatzarrean aurkeztu.
6.- Udalbatzarrak herritarrei aurkeztuko dien proposamena onartu zuen.

Arautegia behin betiko onartu aurretik, herritarren iritzia jaso gura dugu. Arautegiaren proposamenaren berri herritarrei nola emango diegun eztabaidatuko dugu hurrengo batzordean. Hemen ideia batzuk:
– Udal-webgunean arautegi proposamena jeisteko aukera eman.
– Etxe guztietan arautegi proposamena banatu.
– Herritarrekin batzarrak egin proposamena aurkezteko. Zalantza! Batzar bat guztientzako, batzarrak kaleka…
– Epea zabaldu arautegi proposamenari ekarpenak egiteko.
– Inkesta bat banatu gaiaren gaineko hainbat galderarekin: aparkatzeko nahiko leku dagoen edo ez, autoa garajean sartzeko ohitura dugun edo ez, oinezkoek lehentasuna duten kaleetan aparkatzen utzi behar den edo bakarrik zamalanetarako aukera eman, isunak jarri behar diren edo ez…

Bukaeran herritarrek esandakoaren balorazio bat egin beharko da batzordean, agian arautegia egokitu beharko da, agian herritarrek ez dute gura hainbat kaletan oinezkoek lehentasuna izatea.

Ni oinezkoek lehentasuna izatearen alde. Eta zu?

Goitb-ra bisita

Aste bete da GOITBen egon nintzala. Kamara aurrian beti egoten da urduritasun puntu bat. Baitta oinguan be. Saiatu giñan galderak bihar dan moduan erantzuten. 8 minutu, 10 minutu… batzuk geratuko ziran erantzuteko.

Horretxek erantzuteko prest.