Pertsonal politikan: zuzentasuna, gardentasuna eta inplikazioa

Herrixa egiteko modu desberdina daukagu Aralarrek eta EAJ-EAk. Pertsonal arloari dagokionian be haundixa da gure arteko desberdintasuna, EAJ-EAk aurreko astian esandakuak ezin dira erantzunik barik geratu. Hemen erantzuna:

Aralarrek alkatetza dakanetik lanpostuak zuzenean pertsona bati emon biharrian frogak egiten dira, epe motzerako kontratatzen diranei (udako monitoreak edo liburutegiko ordezkoak adibidez). Diru beltzakin ordaindu biharrian bihar dan moduko kontratua egiten jakue lanerako hartzen dittugun danei.

EAJ-EAk gizurra esaten dau “kaleratze indiskriminatuak” egon dirala esaten dabanian. Elgetako Udalak ez du urte eta erdi honetan langilerik bota.

Kontratua bukatzen danian bi aukera dare, barriztu edo harremana bukatutzat emon. Elgeta 21eko gerenteari kontratua bukatu jako eta ez jako berritu. Aurreko legealdian nabarmen gelditu zan Elgeta 21eko gerentearen lana Patxi Basauri eta Joseba Muxikak aurpegia eman nahi ez zaben gaixak partxeatzera mugatzen zala eta ez hausnarketa eta gestiora. Iaz, pertsonal gastuetan 45.744,22 euroko aurrekontua izan zeban Elgeta 21 garapen agentziak.

Kirol teknikarixak eszedentzia eskatu zeban bi urterako.  Tokatzen dan moduan, Aralar-ek errespetatu egin dau langiliak horretarako daukan eskubidia.

Kultura eta euskara teknikarixak itzultzaile plaza atara dau Eskoriatzako udaletxian. Aralar-ek errespetatu egin dau beste leku batera lanera joateko hartu daban erabakixa.

Elgetako Udalak benetako biharren arabera kontratatzen dau orain, hori da jarraittu biharreko bidia. 2009ko aurrekontuan hainbat batzorderen dinamika bultzatzeko egun erdiko lan jardunarekin pertsona bat kontratatuko dogu. Biharrak erakutsiko dau pertsona horren lan jarduna haundittu bihar dan edo ez. EAJ-EAk alderantziz egin dau aurreko urtietan, lehenengo pertsona kontratatu eta gero biharra ikusi.

Aparejadoria dala eta urte betian gizurretan ari da EAJ-EA. Elgetako Udalak ez dau izan inoiz ez Patxi Basauri alkate zala eta ezta Oxel Erostarbe alkate dala aparejadore plazia. Arkitektua eta aparejadorei ez ziren eta ez dira Elgetako Udaletxeko langiliak, ez dare udaletxeko plantillan eta ez dabe udaletxiarekin lan kontraturik.

Beste hainbat arlotan egin dogun moduan hirigintza arluan egoeraren errebisioa egin giñuan udaletxera sartu giñanian: lehenengo sei hilabeteko epia emon giñuan lan egitteko moduak ezagutzeko, bigarren arkitekto eta aparejadore zerbitzua emoten daben hiru enpresei aurrekontua eskatu gontzan, hirugarren baloraziñua egin giñuan eta Elgetarako zerbitzu onena emango zabena aukeratu. Zerbitzu ona zer dan guretzako: euskalduna, teknologia barrixetan jantzixa, hirigintza estudio baten babesa dakana… Epaiketako bigarren zatixan hankaik ez deixan sartu, gogoratu nahi dotsegu EAJ-EAko zinegotzixei: hirigintza arloko zerbitzua ematen doskuenak ez dakela lan kontraturik Udalarekin, zerbitzu kontratua dauke.

Askotan zalantzak ditut batzuk zertarako ematen daben izena hauteskundietako zerrendetan. Ez badare lanerako prest, batzordetara etortzeko edo udalbatzarretara etortzeko hobeto da ez aurkeztia. Elgeta moduko herri batek bere mailan kontratatu behar dittu teknikarixak. Zinegotzi eta alkatia ez gare ildoak zehazteko bakarrik, herrittarrek, lanerako be aukeratu gaittue.

Langille politikaz gain EAJ-EAk bukatzen dau “udal-zerbitzuak zer” galdezka. Erantzuna argixa da, udal zerbitzuak kalitatian gora: kultur etxian igogaillua ipiñita (herrittar guztixek dauke liburutegi zerbitzua eta ordenagailluak erabiltzeko aukeria), kirol zerbitzuetan programa barrixak (spinning) eta ekintza berrixak, UEMAn sartuko gara eta horrela bultzada hartuko dau euskara zerbitzuak, erretiratuen egoitza urte batzuetarako lotuta, gaztelekua eta ludoteka zerbitzuak hobetu eta denbora gehiaxauan luzatu egingo dira ekipamendu barrixakin, haurtzaindegixan plaza gehiaxau… Gizarte zerbitzuak be aipatu nahi nittuzke: 2009an bikoiztu egingo dogu aurrekontua.

Krisi egoeran, alderdikerixak alde batera laga eta alkarrekin jardun biharko giñuke zinegotzi danok, eskertuko leukie elgetarrek.

Krisiari erantzuna zerbitzuak haundittuta eta hobetuta egittia proposatzen dau Aralarrek, proposamenik ez daukanez EAJ-EAk nahiago izan dau girua aldrebestu.

30 urtian lehenengo aldiz liburutegira igogailuan

Kultura zinegotzixak eta bixok ointxe estrenau dogu kultur etxeko igogailua. Sinistu ezinka ibili gara igogailua pisu bakoitzian zelan geratzen zan begira. Gogoratu dogu, ezagutu giñuala udaletxeko beheko pisuan zagon liburutegixa. Igogailu hori martxan ikusi dogunik ez. Programan hitza emon ginuan martxan ipiniko ginuala igogailua, 30 urtian ikusi bakua egin dogu urte eta erdixan. Pozik nago.

Pozik nago baitta, elgetako berbetia jasotzeko bidelagun izan dittugunei eskerrak emoteko ekitaldixa egingo dogulako iluntzian Espaloian. Elgetako euskaran aditzak asmatzen ibili gazenok (leikedogu…) eta hikan berba egitia zer dan ez dakigunok, badakagu nun ikasi.

Egunari akaberia emoteko, alkatetza hartu giñuanian martxan ipinitako afarixa daukagu. Mahaixan bueltan alkartuko gara Bolatokixan udaletxeko langile, langile ohi eta gura izan daben zinegotzixak. Gura izan dabenak diñot oposizinokuek ez dabelako izena emon. Aurten be ez, penia.

Aurtengo aurrekontuei be ezetza esango dotsela aurreratu doskue. Bi urtian ez.

Lapurrak udaletxian

Sartziakin batera konturatu gara gabian bisitarixak izan dittugula udaletxian. Sartu dira ateik forzatzeka, beheko pisuan harrerako atia ostikada batekin zabaldu dabe eta epaitegikua ostikada haundixauakin. Lehenengo pisuan be ostikada bat emonda zabaldu dabe ate bat. Ganbaran be ibili dira.

Kajoi bat edo beste zabaldu dabe, baina dirua topau dabenian ez dabe hartu. Kafe makina ez dabe ikutu, hango diruak be salbu. Eskerrak ez diran hasi mahai gainetako eta armarixotako paperak nahasten. Penia ganbaratik ez dittuela eruan han dittugun traste zaharrak.

Ertzainek esan doskuenez aspaldi da ez dirala lapurrak sartzen udaletxe batera.

Atzo, 20:45ak bueltan, kirol batzordia bukatuta bulegoko mahai gainian laga naban Mac-portatila. Eskerrak fundiakin kamuflauta eta karpeta baten aspixan gordeta laga nebanai.

Ertzainak gurian zerenian ikusi dogu, eskolara bidian, aspaldixan herriko neskatila eta emakumiei frakak bajatu eta txilibitua ataratzen dabillen mutila. Ertzainei abisua eginda genkan eta eskola aurrian zeren bere zain.

Lapurrak etortziak balio izan dau pendiente genkan gauza bati heltzeko.

Sufrimendu egoera guztiei heldu

Ustez, berdez jantzitako ezezagunek Intxortako Atea eskulturan egindako margolanak eta idatzitakoak “Viva españa”, “España una grande y libre” eta beste muturreko ezezagunen erantzunak “Gora ETA”, “Jo ta ke”, Guardia Civil jo ta bertan hil” aspaldi borratu zituen Udalak. Lehenengoek kendutako plaka falta da ipintzeko.

Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak diru laguntzak ematen dizkie udaletxeei terrorismoa goratzeagatik edo biktimentzako iraingarri diren pintadak ezabatzeko.

Gaitzezgarriak direla adierazi arren, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarentzako pintada horiek ez dira terrorismoaren goratzea. España haundi eta librearen aldeko aldarria, orain eta hemen terrorismoaren goratzea dela uste dut, Gora ETA modukoek bakerako nahi eza adierazten duten moduan.

Terrorismoaren biktima guztien errekonozimendua helburu izan behar duen zuzendaritzak kale egin die Elgetako biktimei. Eta kale egiten dihardu alde batean eta bestean sufritzen duten lagunak daudela onartzen ez duen bitartean. Ehunetik gora dira Jaurlaritzak legebiltzarrean aurkeztu duenez errekonozimendua ez duten biktimak. Frankismoaren elkarteek askotan eskatu dituzten aldarrikapenak ere ez dira entzun, ezta kontuan hartu ere.

Momentuan Udalak ordaindu du pintadak borratzea, erabaki behar dugu laguntzak lortzeko nora jo.

Egiten diharduenak eta tontolapikua

Ekintza mordo batekin egin dotsagu ongi etorrixa elgetarrok 2009ari. Haundixa izan da parte hartzia eta zorionak emon gura dotset antolaketa lanian jardun dabenei. Olentzeroren etorreria, Beteranuen pelota txapelketako finalak, umien pelota txapelketia, gabonetako parkia, guatekia, kantuak edo bolo txapelketia dira Elgeta herri bizixa danan seinale.

Batzuk herrixan alde lanian diharduen bittartian, ez da lehenengo aldixa tontolapikuak/ek Elgetan mutikokerixak egitten dittuana/ena gabaz.

Danon dirua kostatzen diran tiesto barri-barrixak lurrian botata agertu ziran urtiaren lehenengo egunian eta txaloka ezingo dittugu ba hartu umekerixok; Bestetik, herrittar baten jabetzako eskaparate bat txikittuta eta persiania doblauta agertu zan eta egun argiz egindakua izanda, burua eutsi zebanik be egon da.

Mutikokerixok legiaren babesik ez dake eta neurrixak hartzia bada dagokixona hartu egin biharko dira. Herrittarrok ezin doguna aguantau da inpunidade osuakin edozer egittia libria dala pentsatzia. Danondako onena: Kristaleruai eta persianak konpontzen dittuanai deittu eta ordaindu deixela egindakua.

 

Egin disidente

Abenduak 13an egitekoak ziren hasieran, baina atzo, abenduak 28, izan zen Mugarren, Demoek Txelis, Pikabea, Gisasola eta Urrosolo Sistiaga preso politikoen alde antolatutako ekitaldia.
Aralarretik ordezkaritza bidali genuen ekitaldira.

Atzoko egunkariek ez zuten ekarri ekitaldia zegoenaren berririk. Gaur Noticias de Gipuzkoan badator notizia, Diario Vascon ere bai, Berriako edizio digitalean gabonak dira eta Garan ez dute ezer esaten. Ez esatearren ekitaldian parte hartu zutenek datorren larunbateko manifestazioarekin bat egiten zutenik ere ez.

Ekitaldian aldarrikatu zen giza eskubide guztiak guztiontzako onartuko dituen ezkerrekoa eta abertzalea den mugimendu zabala. Hortik bakarrik hartuko dugu ezkerrekoak eta abertzaleak garenok iniziatiba politikoa. Disidenteak garenon artaldea handitu behar dugu horretarako.

Urtarrilak 3an Etxeratek deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin zen ekitaldian. Aralarretik ordezkaritza bat bidaliko dugu bertara, joateko naiz.

Zertarako EUDEL?

Udaletxeko danok alkarrekin jardutia aberasgarrixa dala pentsatzen dot. Danok batuko gaittuan eta egiten diharduguna koordinauko daban elkarte bat egotia derrigorrezkua.

Jokin Bildarraitz, EUDELeko presidentiak krisiari aurre egiteko hainbat proposamen egin zittuan aurrekuan. Haiziak eruaten dittuan proposamenak egitiakin ez nago ados.

Krisiari aurre egiteko EUDELek egin bihar leuke:
– Udaletxian eskumenak ez izan arren, udaletxiok emoten dittugun zerbitzuen kostuak udaletxiok ez asumitzeko elkarrizketa zabaldu erakunde haundixauekin.
– Diru asko dutenei zergak kendu eta denok ordaindu beharreko zergak handitu dituen Foru Aldundiarekin elkarrizketak zabaldu, unilateralaki erabakitako zerga kudeaketa eskas horrek eragingo duen diru bilketa murrizketaren ondorioz Udalok jasotzen dugun dirua mantentzeko.

Hortxe bi proposamen. Udalok baditugu ekimenak aurrera eramateko, dirua behar. Dirua badugu egingo ditugu inbertsioak eta lana sortu.

Preso politikuak

Atzo lehenengo eguna izan zan, Goitb-eko tertulian Aritz Arrieta, Arrasateko PSE-EEko zinegotzixa, izan giñuana lagun.

Rubalkabak preso batzuk gerturatu eta beste batzuk urrundu dittuala esan ostian, gaixa atara zaban Julenek. Gogora ekarri neban Patxi Zabaletak aspaldi esandakua oin dala gutxi Arnaldo Otegik esan izana: preso politikuak pertsonak dirala. Ez dakit Arnaldo zelan izendatuko daban kolektibuak… Esandakuei gehittuko notseke presuak eskubidiak dittuen pertsonak dirala.

Hitza hartuta Aritzek komentau zaban bere burua preso politikotzat zekala. Kartzelan eta urrin egon barik, bera be preso politiko.

Derrigor etorri bihar da preso politikorik bariko garaixa. Egun gogorrak datoz, baiña euki daigun esperantzia pasatuko dirana.

Militarrik ez!

Euskal Herritar bat erahil dabe militarrek, Azpeitiako seme bat. Apurtu daban familiari eta ingurukuei nere elkartasuna.

Atsekabia, samina eta tristura adieraztia ez da nahikua. Ezin gara mugatu gatazka behin betiko konpontzeko akordio zabal bat bihar dala esatera. Zehaztu egin bihar dogu: akordio zabalerako bide bakarra militarrik eza da.

Giza eskubide danak danondako aldarrikatu bihar dittugu ezkerreko abertzaliok. Ilegalizazio, tortura eta bestelakuen aurrian kontrakotasuna adieraztia eskatu ostian, ezin gara ixilik geratu horrelako gertaera larri baten aurrian.

Bergara, Arrasate eta Azpeitian ikusitakuen ostian pentsatzen hasita nago, militarrek ez dabela gura, herrietan politika aurrerakoiak aurrera eruango dittuan elkarlanik. Batzuk elkarlanan alde, zubiko gure aldian harrixak ipintzen dihardugun bittartian, errekako beste aldetik guri harrixak botatzen dihardue bestiek. Horrek zaildu egiten dau elkarlana eta herriko seme bat aurretik eruan dabenian, ausardia faltak elkarlana eten.

Zapaterok Elgetarako 186.015 euro

Krisi egoerari aurre egiteko euskal erakundiek herrixetan obrak egiteko dirua bideratzia aukera ona zala komentatzen egon ginan aurrekuan. Zapaterok aurre hartu dau eta esan 8.000 milioi euro bideratuko dittuala herrixetan egin biharreko proiektuak aurrera eruateko. Herrixa modu desberdinian ulertzen dogula pentsau arren, pozik hartu dot Estatuak Elgetarako 186.015 euro gordeta dittuala irakurri dotenian.

Jaurlaritza eta Foru Aldundiak hobe leukie AHT, errauzgailu eta kanpoko portuetan barik inbersinua herrietako infraestrukturetara bideratu. Infraestruktura haundixak aurrera eruatetik baino
hobeto helduko dotsagu krisisari herrixetako infraestrukturak aurrera eruanda. Zer esanik ez horrek lanok herrixetarako gremixuekin aurrera eruaten badittugu.

Urtarilak 24rako eskaera egingo dotsagu Zapaterori, ikusiko dogu zein dan erantzuna.