Ibarretxe jokoz kanpo

Behin eta berriro dihardute EAJkoek PSE-EEk PPrekin frentea osatuta herritarrei iruzurra egin diela esanez. Egia da PSE-EEk egitera doanaren kontrakoa egingo zuela agindu zuela kanpainan. EAJkoek ere ez zuten esan PSEri akordio baterako proposamena egingo ziotenik.

Emaitzek legebiltzarren utzi duten matemaikaren aurrean, diskurtsoa aldatu beste aukerarik ez du izan EAJak, elkarlanerako proposamen horrekin PSE-EE jokoz kanpo lagatzen saiatu da. Berrian esan nuen moduan proposamenean erabakitzeko eskubideaz ahaztu da EAJ, lehenago txeke zuririk emateko asmorik ez bagenuen, erabakitzeko eskubideaz ahaztuta ezin dugu babestu.

Diskurtsoa aldatzea etor daiteke PSE-EE presionatzeko helburuarekin, ez dute lortu. Diskurtsoa aldatzea EAJren estrategia politiko berriaren oinarria ere izan daiteke, horrela balitz Ibarretxe legoke jokoz kanpo; EAJren emaitz ikusgarrien arduradun nagusia. Aukera hau ere herritarrei iruzurra litzake.

Lortzen ari gara Juan Martin

Zenbat batzar egin ete giñuzen Juan Martin Elexpururen elkartian… Elgetara be etorri ziran bera eta Mikel Basabe ezker abertzalia beste modu batera egituratu bihar giñuala azaltzera.

Juan Martinen moduan bide luze honetan hasieratik sinistu zebenek badake, badaukagu, zer ospatu Aralarren emaitzakin. Lorpen haundi bat egin dogu: ezkerrekuak eta abertzaliak gazenon artian etorkizuneko oinarrixak barneratuta dauka gehiengo batek, denbora kontua da ezker abertzaliak bere osotasunian horrekin bat egitia: ezkerra, abertzalia, eskubide zilegiak lortzeko bakarrik bide zilegiak erabiltzin aldekua.

Hauteskundien balorazinuen artian nabarmendu neuke Juan Martin Elexpuruk Argian egindakua. Hemen osorik:

EAJk
irabazi ditu hauteskundeak. Ibarretxek, hobeto esanda, beragatik izan
ez balitz askok aspaldi bilduta izango baitzituen bere bulegotako
trasteak. Azken hauteskunde lokaletan jipoia jaso zuen alderdiak, eta
harrezkero ere kontsultaren txapuzak eta ustelkeria kasuek ez dute asko
hobetu bere irudia. Baina “kanpotarrak agindu bihar joskuek ala etxian?
Ez, mekauen dio!” erreakzioak eta lider sendo batek salbatu du beste
behin ere.

Lider sendoa, PSE-EEri falta izan zaiona
irabazteko. “Oraingoan bai” izan zitekeen beren lema, eta eurak uste
baino motelago ibili arren, oso litekeena da Raxoiren zapoak eta Diezen
sugeak gustura irenstea, aita botereak eta ama aberriak sakrifizio hori
merezi duelakoan.

Alderdi txikiak amildegiaren ertzean egon ohi dira hauteskunde
bakoitzean. EAk garesti ordaindu ditu bere barne kaosa eta bakarrik
joateko ausardia. Subiranotasunaren bandera astindu du urduri, ezker
zein eskuin abertzaleko boto batzuk erakarriko zituelakoan, baina
bereak uxatzea besterik ez du lortu, gehienak beren ama alderdira eta
zenbait Aralarrera joango zirenak.

Ezker Batuarentzat ere dramatikoak izan dira hauteskunde hauek.
Madrazo oso saiatua da baina lartxo gustatzen zaio boterea, eta
poliki-poliki barrutik desegin zaio alderdia, eta “ezkerra soilik” nahi
duen boto askok nahiago izan du PSEra edo Aralarrera emigratu.

Batasunaren ordezko D3Mrekin injustizia itzela egin da: legez kanpo,
jazarriak, liderrak espetxean…, halako egoera batean ez dira txarrak
ia ehun mila boto. Baina gogoratu beharra dago Herri Batasuna 14
parlamentari ateratzera heltzen zela eta atzoko botoekin 7 lortuko
zituela. Politika gupidagabea da, eta bizkarrean daraman motxila astuna
azkar lagatzen ez badu, ez da zaila etorkizuna igartzea.

Ez eskatu niri Aralar epaitzerakoan hotza izateko. Itziar Aizpuruari
entzuten nion PNVren laguntzari esker egin duela gora. Alderdia
jaiotzen ikusi dugunok badakigu zer den ez egoitza, ez diru, ez
militante, ez ezer, basamortua zeharkatzea, ordura arteko irizkideen
begirakuneak jasanez, eta mehatxuak ere bai inoiz. Hanka-sartze
dezenteak ere izan dituen arren bere ibilbidean, begi-bistakoa da ezker
abertzale zibil eta zabalaren egitasmoa sustraitzen ari dela Mendebal
alde honetan, lehenago Iparraldean eta Nafarroan bezala.

Gerri Adams traidore

Irlandan gertatu den moduan, berandu baino lehenago hobeto, indarkeria guztiak txarretzi eta gaitzetsi egingo ditugu ezkerrekoak eta abertzaleak garen guztiok. Gatazka konpontzea bere eskuetan dagoela dioenak badauka nora begiratu.

Pentsatu dezagun zer egin dezakegun bakoitzak… Militarren hurrengo ekintzaren zain egon barik esan dezagun okerrak direla atentatuak, kaltegarriak direla… Gurean gura ez ditugun militarren kontrako erasoak ez dutela justifikaziorik…

Urtzi Urrutikoetxeari irakurri nion atzo “Iparra galdu barik”. Ezker abertzalekook egin dezagun zubilana, eta eman pausuak: armak ehorztea, militanteak etxeratzea, zubiak eraikitzea eta batasuna,
pertsonena (Aintzane, Unai, Arnaldo, Patxi, Pernando…) eta
herrialdeena. Gero, 2012, Eskozia, Faroe. Iparrera begira.

Tamalez, Gerri Adams ere traidoretzat hartuko dute.

Zer egin geinke jaixetan?

Laster hasiko gara aurtengo Ferixa Nagusikuak antolatzen. Iaz parte hartzia bultzatzia zan erronka eta ein batian lortu ginuan: kalian izan ziran eta jaixak (paella janian 500 lagun, erretiratu elkartiak herri bazkariko kafia banatu zeban, Ozkarbi eta Intxorta elkartiek salda jaixetako bi eguarditan, guraso elkartia hainbat ekintzatan lagun izan ginuan, gaztetxekuak eta espaloikuek be lagundu zeben).

Zer aldatuko zinuke jaixetan? Zer ekarriko zinuke barrixa?

Egin zure proposamenak.

Helburu zilegiek bide zilegiak

Abertzaleok gehiengo izaten jarraitzen dugu, ilegalizazioarekin hori eskutatu gura duten arren. Ibarretxek irabazi ditu hauteskundeak, zorionak!

Luzea izan da Aralar sortu genuenetik egindako bidea. Aukeratutakoa ez zen bide samurra, bagenekien. Asko gara atzoko gauean barruan genituenak tantaka atera genituenak. Hamaika lagun egin ditugu bidean, emaitzak banatu eta bakoitzak hartu zuen tartea.

Herritarrek indartu egin dute helburu zilegiak bide zilegiak erabilita lortzea defendatzen duen ezker abertzalea. Ezker abertzalean, gehiengoak, barneratuta dauka bide zibilaren hautua. Oker dihardute hauteskunde gauean Aralarren kontra egin zutenak: bakoitzaren botoa norberarena da, besteei errua bota gabe ordua da norberak egin dezakenaren gainean hausnartzeko…

Abertzaletasunetik herri honek behar duen alternatiba ezkerzale, abertzale, euskalzale eta bakezaleak bultzada jaso zuen atzo. Elkarlanerako prest egon gara beti eta horrela jarraituko dugu.

Eskerrik asko Aralarren alde botoa eman zenutenoi, ez da erronka makala esku artean daukaguna, duguna emango dugula egon ziur.

Norberana da botua, zuk erabaki

ETAk gaur periodikuan esaten dabanan kontra, pentsatzen dot botuak ez dirala ezker abertzalianak, edo EAJnak, edo PPnak… botua norberana da. Botuak ez dira batenak edo bestianak, arrantzan jardun ete zaban EHek sekulako emaitzak izan zituanian.

Ados nago ETAk esaten dabanian hauteskundiak ez dirala demokratikuak. Demokrazia falta horretan militarrek hobe leukie, bestien demokrazia urraketena jardun baino, eurek egoera gainditzeko egin leikenaz hausnartzia, eta egitia. Emon bide ezker abertzale politikuari.

Domekan juan bozkatzera. Botua zuria da eta zeuk pentsau zeini emon.

Biktima guztien errekonozimendua

Intxortako Atean egon gara gaur, aldarrikatu dugu Euskal Herrian belaunaldietan, gehiegi luzatzen ari den sufrimenduari  amaiera eman behar diogula. Izan ere, sufrimenduak Euskal Herrian begirada zabala eskatzen du, mina anitza eta alde askotarikoa delako gure herrian.

Ezin dugu jarraitu egun bat gehiago gure sufrimenduaren aurrean elkartasuna eskatzen eta bestearenaren aurrean beste alde batera begiratzen. Bateraezinak diren jarrera horiek gehiegitan ikusten ditugu.

Orainari eta etorkizunera begira, indarkeria eta sufrimenduaren zurrunbiloa eten egin behar dugu. Betiko dinamikekin jarraitzeak betiko erantzunak dakartza: indarkeria, atentatuak batetik, ilegalizazioak, gartzeleratzeak bestetik. Indarkeriaren deslegitimazioan lan egin behar dugu guztiok, eta bereziki ezkerrekoak eta abertzaleok garenok.

Aurrera begiratzeko, ezinbestekoa da, iraganeko zauriak ondo edo ahal den ondoen konpontzea. Inork ez dezala sentitu gizarteak eta erakundeek bazterrean utzi dutela, ahaztuak daudela.

Aurreko legegintzaldian zehar asko aurreratu da indarkeriaren biktimen kontuan. Terrorismoaren biktimekiko Elkartasun Legea onartu da, bere baitan talde armatu guztien biktimak biltzen dituena. Halare, gai honetan arreta handiz aritu behar da guztiak barne hartzen ez dituen lege bat egin izanak konparaziozko bidegabekeriak eragin ditzakelako. Beraz, beharrezkoa zen eta talde armatu desberdinetako biktimek merezitako errekonozimendu instituzionala izatea, erakundeetatik eskaini ahal zaien babes osoa ematea, baina merezimendu berdina duten beste batzuk ere badira eta orain horiei ere zor zaiena ematea egokitzen zaigu:
 
– Aurreko legegintzaldian zehar Eusko Jaurlaritzak ez ditu entzun, ez ditu kontuan hartu frankismoaren biktimen elkarteen eskariak. Nahikoa ez den memoria hsitorikoaren legearen aurrean, eta nahikoak ez diren laguntzen aurrean – batzuk laguntzak jaso dituzte Gizarte Gaietarako Departamentutik (beste askok ezin izan dituzte bete ezinezkoak ziren betebeharrak)- gizarte laguntzak jasotzea baino duinagoa den aitorpen bat eskatzen dute.

– Legetik kanpo geratu dena, motibazio politikoak eragindako indarkeriaren biktimak izanik, talde terroristaren biktimak ez direnak dira. Biktimen legea onartzen zen aldi berean Aralarrek eskatuta Giza Eskubideen zuzendaritzak txostena igorri zion legebiltzarrari beste biktima hauei buruzko errealitatea jasoz. Bertan esaten da gutxienez 109 hildako daudela eta 500 zauritutik gora instituzioetatik inolako arreta eta errekonozimendurik jaso ez dutenak. Erakundeoi dagokigu, gutxienez besteen maila bereko errekonozimendua ematea.

Biktima guztiek dute EGIA, JUSTIZIA ETA ERREKONOZIMENDUA jasotzeko eskubidea.

Mikel Basabe ezker abertzaleko oinarrixen gidari

Gure artian badakaguz Herri Batasunan jardun dabenak. Horren adibide da, Mikel Basabe. Berak parte hartu daban bi mitinetan egon naiz azkenengo egunetan. Bajutik hasten da berbetan eta tono egokixan amaittu, Berriako elkarrizketa digitala irakurtzia plazer bat izan da. Azpimarratuko neban Batasuna eta Aralarren artian daren desberdintasunei emondako erantzuna:

“Aralarrek bide huts-hutsean politikoetatik jardungo duen ezker
abertzalea eraikitzeko lan egiten du, eta horretan jarraituko dugu
lanean. Ezberdintasunak zein diren? Nik gurago nuke antzekotasunak
azpimarratu, azken finean, izenen edo buruzagien gainetik, herri honek
behar, merezi eta eskatzen duena ezkerreko eskaintza abertzale sendoa
delako. Dagoeneko, bat egiten dugu autonomia eskatzeko unean,
erabakitze-eskubidedun autonomia. Bat egten dugu erabakitzeko esparruak
(EAE eta Nafarroa) errespetatzean, bat egiten dugu Ipar Euskal Herriak
bere bidea egin behar duela, duen erritmoa errespetatuz. Eta ziur nago
etorkizunean bat egingo dugula, dagozkigun eskubideak beste inorenak
ukatu barik exijitzean.”

Euskal Herrixak bihar dau horrelako legebiltzarkidia. Ezker abertzalian oinarrixak labur eta zuzen azaldu doskuz Mikel Basabek. Eskertzen da argibidia.

Gobernuan egon dirala ahaztu

Gobernuan parte hartzia erabakitzen dabanak egin bihar leuke, gutxienez, gobernuan egindakuen defentsa. Kanpaina aurretik eta kanpainan bertan EB eta EAren jarrera ikusita, nabari da ez dabela larregi eragin. Euren burua ezkerrekotzat hartzen dihardue, gobernu tripartituak ez dabanian ausart jokatu langillien eskubidien alde.

Zelan leike irabazixak izan dittuen enpresei edo langiliekin adostu ez diran EREak onartzia? EBk kanpaina hasi aurreko egunian, zin egin zeban eta kutxa seguru batian gorde bere konpromezua martxoak 1etik aurretik ERErik ez onartzeko (hitza emotia nahikua da gure herrixan), EAk diño independentzia izango dala danan soluziñua. Danana diñuenian, danana da: etxebizitza, lana, hizkuntza… hobe leukie esku artian dittuen arazuak adarretatik heldu, Gipuzkoako herrixok ezin dogu independentziaren zain egon, EAk gobernatutako haziendak udaletxiok itxotxen diharduan bittartian. Elgetako kasuan 81.000 euro gutxiago jasoko dogu EAkuen zerga politika txarragatik.

Gipuzkoako Noticiasek egindako elkarrizketan esan neban gurian animuak zelan daren: goraka. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako inkesta be horren islada da.

1, 2, 3 … Kanpainako lehen eguna

CISen inkestak erakusten dau badagola ezkerrekua eta abertzalia dan alternatibaren biharra. Politikari heldu bihar dotsagu, hortxe dago ezker abertzalian daukagun indarra.

Nafarroan 5 parlamentari dittugu eta CISek emoten dosku 1 Bizkaixan, 1 Araban 1 eta 1 Gipuzkuan. Txikixen artian gora egiten dogun bakarra da Aralar. Ez dira datu txarrak kanpaina indartsu hasteko. “Eragin eta aldatu” hortxe legebiltzarrian giltza izango dan Aralarren lemia. Lehen egunian Debagoienera etorriko gara, Arrasatera 17:00etan.

Batasunak ordezkatzen daban ezker abertzaleko beste sensibilidadia ez da egongo Gasteizko legebiltzarrian. Ez nago ados erabaki horrekin, Batasunak eta PSE-EEk herri batzutan argi berde eta beste batzutan gorrixa adostiakin ados ez neguan moduan. Aldrebeskerixa bat da alderdixen legia lehen eta oinguan. Bakar bakarrik alderdi españolei mesede egiten dotse.