Preso politikuen erretratuak: Aretxabaleta & Arrasate

Ulertu neike preso politikuen erretratuek kalietan dauken presentziak batzuri min emotiak. Neri adibidez, Guardia Zibilaren kuartelek edo Españako armadiaren basiek ez doste graziarik egiten. Arrazoi moralek sortu leikien iritzien aurretik egon biharko leuke legiak, eta ez dakit ba Ares sailburuak legia betetzen daben erretratuak kentzeko aginduak emoten dittuanian. Ezetz uste dogu Aralarren, eta eskatu dogu Aresen agerraldixa legebiltzarrian.

Bizi dogun krisi ekonomikuaren aurrian iniziatiba eta proposamenik ez, eta agerixan ez geratzeko presuen erretratuekin gora eta behera ibili dira uda osuan Jaurlaritzakuak. Udazkenerako be topau dabe gora eta behera ibiltzeko gaixa, gripia. Irailak 11an Aresek azalpenak emon bihar dittu presuen erretratuen gaiñian, egun horretan bertan osasun sailburuak agerraldixa egingo dau gripiaren gaiñian. Ikusiko dogu zeinek daukan leku gehixau hurrengo eguneko hedabidietan.

Debagoienera be heldu da erretratuak kentzeko, Aresek emondako, agindua. Eta, gustokua ez izan arren, agindua bete egin dabe ezker abertzaleko alkatetza dauken Arrasatek eta Aretxabaletak. Zer bestela.

Ezker abertzale politikoaren beharra abertzaleon berregituratzean

Nafarren gehiengoak gura zuen aldaketari sozialistek traizioa egin ondoren; Arabar, gipuzkoar eta bizkaitarren gehiengoak hauteskundeetan esandakoari muzin eginez, eta gehiengoa lortzeko zilegiak diren ideiak legebiltzarretik kanpo lagata, konstituzionalistek Ajuria Eneako agintea hartu duten honetan inoiz baino ageriago dago euskal abertzaletasunak berregituratzeko daukan premia. Jakinda, gure artean kontserbadore eta aurrerakoiak gaudela, argazkian baten edo bestearen ondoan egoteko konplexu zaharkituak atzean laga eta asmatu behar dugu elkartzen gaituzten helburuetan bat egiten. Konstituzionalistak Maltzagan ditugu zain.

Berandu baino lehen adostu beharko dugun estrategian okerra litzake norberak bere alderdi interesei begiratu eta, subiranotasunaren aldeko aldarrian nortzuk egon daitezkeen eta nortzuk ez jokatzen aritzea, erabakia berea balitz moduan. Erabakitzeko eskubidearen alde gauden alderdi eta eragileok indarrak batuta defendatu behar ditugu herri moduan ditugun eskubideak. Batzen gaituenean jardun dezagun batera.

Ez dago, eta ez da egongo, euskal abertzaletasun osoa ordezka dezakeen alderdirik, ahalegin hori errepikatzea antzua litzake. Abertzalegoa berregituratuko badugu, ditugun bi esparru politikoak anitzak eta askotarikoak direla aitortzetik abiatu behar dugu.  Independentziaren aldarrikapena eta bidea abertzaleon artean topatu behar dugun oreka eta lehia horretatik eskuratu ahal ditugu. Eta independentzia bera lortu ondoren ere, Euskal Herriaren balizko independentziaren ondoren, alegia, bi irizpide politikoen ildo horiek, esparru horiek ez dira desagertuko. Hemen jarraituko dute elkarrekin lehian eta orekan. Eta independentziarik gabe ere, dialektika horrek jarraitu egingo du biziak jarraitu egiten duelako eta gizarte honek, euskal gizarteak, bizi egin nahi duelako.
 
Abertzaleok berregituratu beharra daukagun honetan, ezkerra, ezker abertzale politikoa, inoiz baino beharrezkoagoa da. Ezker abertzaleak bere osotasunean barneratuta dauka ETAren aroa bukatu dela. Ideologikoki eta estrategikoki agortu egin da eta agorpen hori atzeraezina da. ETAren ekimenen ondorio politikoak abertzaleon eta, bereziki, ezkerreko abertzaleon helburuen aurkakoak dira. Garai berri bati ekiteko ETAren bukaera duina izatea ona litzateke. Euskal Herriarentzako, eta gizartearentzako, bakearentzako, presoentzako, biktimentzako eta, batez ere, guretzako, ezker abertzalea osatzen dugun gizon eta emakumeontzako.

Aurrera begira, euskal gizartean bakea ondo errotzeak eta elkarbizitza ongi hornitzeak, indarraren erabileraren uztea duina izan dadin eskatzen du. Euskal Herriko abertzalegoak, ezker abertzale politikoak, presoek eta biktimek, eta Euskal Herriaren etorkizunak berak, duintasunezko bukaera hori behar dute. Duintasun hori hiru osagarritan dago: aldebakarreko etena, ordain politikorik gabeko etena eta behin betiko etena. Azken hiru erabakiok hartzea, erabaki ausartena hartzea, ezkerrekooi eta abertzaleoi zor digu ETAk. Zorra kitatzen ez duen artean esan egin behar dugu publikoan etxean, lanean eta lagunekin esaten duguna: Ez gaude ados! Ez gure izenean! Pauso hori gero eta beranduago eman, gero eta okerrago.

Ezker abertzale politikoa dagokion esparru politiko osoa ordezkatzeko antolatu, prestatu eta lehia politikorako adorez egokitzen denean, Euskal Herriko beste
edozein indar politiko adinakoa izango da. Gainditutako eztabaidak, oztopoak eta
trabak edo tabuak alde batera utzi behar ditugu. Ezker abertzalean dauden bi sentsibilitate nagusiak ARALAR-Abertzaleen Batasuna, alde batetik, eta Batasunaren mundua, bestetik, bidegurutzean gaude. Beharrak eraginda baino sinesten dugulako eta gura dugulako egin dezagun aurrera. ELKAR AITORTZAtik abiatuta bost dira bidegurutze horretan dugun korapiloa askatu dezaketen oinarriak.

1- Bide soilik politikoak, BIDE ZIBILA. Amaitu da estrategia militarra. Politikaren erabateko lehentasuna bide zibiletatik, beste inolako baldintzarik gabe. Hauteskundeetan, erakundeetan, gizartean, kalean, lantegietan eta ikastegietan egiten den lehia politikoari zilegitasuna eta lehentasun kritikoa aitortu. Ezker abertzale politikoa mugimendu zibila izango da. Bakarrik zibila. Ez zaio inori kondenaren edo damuaren aitorpen ospetsurik eskatzen ahal. Ez. Beharrezkoa dena da ETA erakundeari argi eta garbi borroka armatua behin betiko utz dezan esatea.
 
2.- Egitura demokratikoa lehenetsi, ZABALA. Abangoardiaren eta lidertzaren helburuen politika maximalistak baztertu. Ezker Abertzale politikoak barne egitura guztiz demokratikoa izan behar du. Demokratikoa bere barnean eta bere jokaeretan. Ez da onargarria gizarteko eragileen erabilera eta telegidaritza.

3.-  ABIAPUNTUA: dugun egoera. Gaur egun gauden eta dugun egoeratik abiatuta saiatuko gara lehia politikoa egiten. Ipar Euskal Herria, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa erabaki esparruak direla onartuta eta ibilbide, edo estadio autonomikoa, aintzat hartuta, nahiz eta abertzaleontzako ez izan osagarria.

4.- EZKERREKOA. Zalantza barik erakundeetan parte hartu behar du ezker abertzale politikoak. Egon egin behar gara erabakiak hartzen diren gune guztietan, herritarrei zabaldu egin behar dizkiegu erakundeetako ateak. Erakundeetan eztabaidatu behar dugu gizarte honetan bultzatu gura dugun eredu ekonomiko eta soziala.

5.- Euskal Herriak dituen eskubideak defendatu behar ditugu ABERTZALEAK garelako. Euskararen herria libre izango da, abertzaleok elkarlanean jarduteko gai bagara. Herri honek dituen eskubideak onartu gura ez dituztenei ezin diegu aitzakiarik eman. Hitza da abertzaleon arma bakarra, arma eraginkorrena. Elkarlana gure eskuetan dago, hondora bagoaz ez ditzagun errudunak kanpoan bilatu.

Abertzaleok derrigorrezkoa dugun berregituraketan ezinbestekoa da ezker abertzale politiko indartsua, erabaki propioak hartzeko gai dena, aurrera bidean zintzo sinesten duena. Gu ibiltzen ari gara. Bagoaz aurrera bidean. Bidelagunak izango ditugunaren esperantza badugu. Ez gara inoren zain egongo.

Mundumira

Debagoieneko Mankomunitatearekin elkarlanean hainbat urtean jardun eta gero, ez dut gustura hartu Mundumira markaren jabeek mahai gainean ipini duten ultimatumma eta erabili duten tonua. Munduko kulturen festak Debagoienean jarraitzeko egoera bideratzeko aukera bazegoela uste dut. Hartu eman askotan ematen da: proposamenari kontraproposamena.

Bizi dugun egoera ekonomikoak zaildu egiten du Mankomunidadeak Mundumirara diru gehiago bideratzea. Erakundeak, enpresak, herritarrak ulertzeko moduko argudioa dela iruditzen zait. Kontuan hartuta hurrengo urteetan Antzuola, Elgeta eta Gatzagari zegokiela Mundumira euren herrian egitea. Kontrapromosamenean jaso zitekeen hurrengo hiru urteetan aurrekontuari eutzi, berriro herri guztietatik Mundumirak bira egitea adostu, eta bigarren buelta horretan aurrekontuan gora egiteko aukera landu.

Jakin bagenekien ez zela erraza Mundumira markako jabeekin adostasunera heltzea, baina adostasuna topatzeko saiakera ez egitea ez dut ulertu. Mankomunidadeko juntak erabaki du negoziatzeko saiakera egin beharrean jaialdi berri bat antolatzeko pausuak ematea. Gehiengoak hala erabaki du eta onartu egin behar. Ez dakidana da Mankomunidadeak gaitasunik duen asmo berriari behar den moduan erantzuteko. Ikusi egin beharko da nork hartzen duen jaialdi berriak izango duen eredua eta helburuaren gaineko hausnarketa lideratzeko ardura. Turismo sailetik, turismoarekin lotutako ekarpenak egingo dizkiogu asmo berriari, baina hartu den erabakiak legealdirako genuen lan ildo nagusienetakoan etete nabarmena suposatzen du.

Mundumira erreferente bihurtzeko Mankomunitateak diru mordoa ipini duenean, Mundumirarekin Debagoiena eta bertako herriak ezagutzera ematen genituenean eta, oro har, debagoiendarrak jaialdiarekin gustura zeudenean, okerra iruditzen zait jaialdi berri baten alde egitea eta zerotik hastea.

Euskadi 2020

Hori hamaika urte barru izango da. Luze, beraz. Baina ailegatuko da.
Edo, honela jarraitzen badugu, ailegatuko zaigu. Beste hainbeste data
(1982ko Munduko Txapelketa, 1992ko Olinpiar Jokoak) heldu eta gainetik
pasa zitzaizkigun bezala.

Aurtengo eskaintza: egin dezagun polo subiranista, horrela
erakundeak ikusiko du «beste bide bat» badagoela, eta bere jarduna eten
egingo du. 2 x 1 hoberik ikusi al du inork inon? Nola esan ezetz
eskaintza horri? Alde batetik, behar-beharrezkoa dugun indar metaketari
bidea emango genioke, Monzonen Maltzagarako bideari ekingo genioke,
abertzaletasuna horren premia betean dagoenean. Bestetik, borroka
armatuaren ziklo agortu eta gainditua iraganeko kontu bilakatzeko
aukera ere ematen digu eskaintza horrek: abertzaleontzat kaltea baino
ez dakarren iraganeko eskema zokoratzeko aukera.

Izan ere, erakundeak, ikusirik euskal gizarteak bere gain
hartzen duela erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokaren zama, bidea
emango liguke guztioi. Horixe da bolo-bolo dabilen teoria.

Euskal Herria, beste askotan legez, Euskal Autonomia
Erkidegoarekin parekatzen dute proposamen hori egiten dutenek.
Mendebaldetik eta mendebaldera begirakoa. Ikuspegi murritza, beraz,
baita geografiari dagokionez ere.

Nafarroan, aspaldi batu dira nafarrek erabakitzeko eskubidea
dutela aldarrikatzen duten alderdi gehienak. Nafarroa Bai osatu zuten,
gobernu-alternatiba bilakatu -jeltzaleak ordezkatzea ameskeria liteke
mendebaldean, baina eztabaidagai ere ez da ekialdean- eta erabakitzeko
eskubidearen aldekoen indar-metaketa eta elkarlana eguneroko ogi
bihurtu. Erakunde armatuak berandu baino lehen hartu beharko lukeen
erabakiaren zain geratu gabe.

Ipar Euskal Herrian errazago izan zuten elkarlana abiatzeko
orduan: Ipar Euskal Herrian gatazka politikoa dago -Hego Euskal Herrian
dagoenaren berdina-, erabakitzeko eskubidea ukatzen zaigu -Hego Euskal
Herrian ukatzen zaigun bezala-, baina autonomiarik ere ez dute, Hego
Euskal Herrian ez bezala. Baina han ez dago borroka armaturik. Egon
zen, frogatu zen antzua zela, bazterrean utzi zen. Horregatik, Ipar
Euskal Herrian aiseago izan zen polo subiranista abian jartzea,
funtsezko bi baldintzak ematen direlako: borroka armaturik eza, eta
esklusiorik eza; inork ez zuen inor kanpoan utzi. Kanpoan jeltzaleak
geratu ziren, hala erabaki zutelako.

Ariketa xume hori da Enamek egin nahi ez duena: frogatu da
borroka armatua antzua dela, erabakitzeko eskubidearen alde gaudenoi
kalte egiten digula, bai Euskal Herrian -indar metaketa oztopatu egiten
duelako eta etsai politikoari ematen diolako zilegitasun demokratikoa,
abertzaletasunari ukatuaz- bai Euskal Herritik kanpora ere, nazioartean
«terrorismoaren» aitzakiarekin Espainiak nahi duen oro egiteko
askatasuna lortzen duelako.

Aralarrek aspaldi egin zuen hausnarketa hori. Eta hausnarketa
orori dagokion legez, ondoren erabakia hartu zuen: inoren zain ez
geratzekoa. Horregatik bultzatu genuen Nafarroa Bai koalizioa,
horregatik txalotu dugu Ipar Euskal Herriko Euskal Herria Bai
koalizioa. Ez dagoelako inoren zain geratzeko astirik.

Horregatik, Mendebaldean gure bideari ekin genion eta
horretan jarraitzen dugu, eskua luze elkarlana nahi duen guztiari eta
gure jardunaren minutu bat ere ez eskainiaz gu baino puruagoa dela uste
eta bazterrean utzi nahi gaituenari.

Bide horri ekingo diogu, indarrak batzeko bideari. Inor
bazterrean utzi gabe, baita inor bazterrean uztea normaltzat onartu
gabe. Ez da kasualitatea, geure burua ezkerreko eta abertzaletzat dugun
bi alderdi elkarrekin joatea Europako hauteskundeetara: Aralar eta
Eusko Alkartasuna. Horixe da indar metaketa eguneroko jardunarekin
egitea; hori, ezker abertzale zibil eta zabalaren aldeko apustua
teoriatik praktikara eroatea. Bide hori nahi duen edonori dago
irekirik. Ez erakundeak jantzi militarra uzteko aitzakia bat behar
duelako, baizik eta herri honek, aurrera egiteko, beste biderik ez
duela sinesten dugulako. Aurrera egitea, abangoardiarik gabe: nor gara
gu, nor da inor, subiranista zein den eta zein ez den erabakitzeko?
Maltzagarainoko bidean, elkarrekin joan gura dugun guztiok abiatu
beharko genuke, ez euren burua buruzagitzat hartu eta gidari lana
hartzea erabaki duten batzuek gustukotzat dituztenak bakarrik.

Denborak arrazoia eman digu duela ia hamarkada bat egin genuen
apustuan. Denborarekin, herritarren babesa ere etorri zitzaigun eta
etortzen ari zaigu. Herri honek beste oinarri batzuk behar zituela
adieraziz egin genuen sortze-agiria, eta sorrera-arrazoi haiei fidel
jarraitzen dugu lanean. Ez gara gu etorkizunaren beldur, ezker
abertzale zibil eta zabala denbora kontua delako: zenbat eta arinago
hartu batzuek, aspaldi hartuak behar zituzten erabakiak, orduan
arinago. Eta, hainbaten, zabalago ere bai. Ala ezkerretik ere jarraitu
nahi dugu aurre egiteko planteamendu guztiak 2020rako egiten?

Udazkenean udaberria

Ezker abertzaleko gizon emakumeok ezin dugu udako hausnarketa eta batzarrek emango duten estrategia politiko-militar ‘berriaren’ zain egon. Guri dagokigu, eta ez beste inori, epe motz, ertain eta luzera begira aurrera eramango dugun estrategia politikoa zehaztea.

Ezker abertzalearen gehiengoak ondo daki borroka armatuaren garaia atzean utzi behar dugula. Ez gaude prest armak isildu zain egoteko. Ez dugu estrategia politiko-militarretan sinesten, ekimena hartu behar dugu; ekimen politikoa. Udaberria zetorrela agindu zuten azkenengoan, udazkena etorri zen kolpera, kolpeka. Udazken berria badator, erakundeak argi eta garbi borroka armatua behin betiko uzten badu etorriko da. Euskal Herriko abertzalegoak, ezker abertzale politikoak, presoek eta biktimek, eta Euskal Herriaren etorkizunak berak, duintasunezko bukaera hori behar dute. Inori kondenaren edo damuaren aitorpen ospetsua eskatu gabe. Herriak behar duen eta eskatzen digun aldaketa etorriko da, estrategia politiko-militar ‘eraginkorra’ definitzeko hausnarketan dihardutenei itxaroten ez badiegu. Erabaki ausartek ausardia eskatzen dute. Herri ikuspegia izatea.

Aldaketak ekarriko du elkarlana. Elkarren aitortzatik hasita egingo dugu eraginkorra ezker abertzale politikoa. Bide soilik politikoen aldarria eta apustua eraman behar dugu hauteskundeetara, erakundeetara, gizartera, kalera, lantegietara eta ikastegietara.

Elkarlanak ematen digu indarra. Abangoardiaren eta lidertzaren helburuen politika maximalistak baztertuz, ezker abertzale politikoak barne egitura guztiz demokratikoa izan behar du. Demokratikoa bere barnean eta bere jokaeretan. Alde batera utzi behar dira gizarteko eragileak erabiltzea eta gidatzea.

Dugun egoeratik abiatu, elkar onartu, borroka armatuari agur esan eta abangoardiak alde batera laga. Oinarri horietatik abiatuta independentziara bidea gauzagarri egitea da ezkerreko abertzaleon erronka. Independentziara bidea esparru subiranistaren esparrua sendotuta bakarrik emango da eta bide horretan ezin dizkiogu ateak inori itxi. Maltzagara arte elkarrekin, etorri gura duen ororekin.

Ezker abertzale zibil, zabal eta euskaltzalean sinesten dugunok lanean jarraituko dugu, udazkenean udaberria etorri dadin. Eta, bitartean, ekainaren 7an, Europara eramango dugu ezkerreko independentiston ahotsa, ezker abertzale berriaren ahotsa. Euskaraz mintzatuko den ahotsa.

Ez ditut gustoko militarrak

Gure Domingo Iturbe gaixua ETAko kidetzat hartu eta ondio kontrakoik esan ez dabenen buruantzako, anormala ei da lehenago Polizia Nazionalak, Guardia Zibilak eta Militarrak ez etorri izana lehendakarixan kargu hartzera.

Alemaniak Gerra Zibilian egindako bonbardaketia zala eta 1.997an eskatu zotzen barkamena gernikarrei. Españak ondio ez dau barkamenik eskatu. Aukera paregabia galdu zeban trikorniodun lagunakin etorritako generalak aurreko eguenian.

Zergatik gonbidatu ekitaldi zibil batera militarrak? Izan deixela Burgosetik beherakuak gustora laga eta eguneroko kontuetan hona begirako bidiari heltzeko.

Konstituzionalistak Maltzagan

Abertzaliok esan eta esan dihardugu herri moduan dittugun eskubideen defentsan bidia alkarrekin egin bihar dogula. Egin gutxi ari gara egiten, berbak alde batera laga eta ekintzak egiteko ordua da. Maltzagararaino juan gaittezen alkarrekin.

Han, Maltzagan dittugu zain PSE-EE, PP eta UPyD. Jakin badakixe ez dala euren arteko desberdintasunez berba egiteko ordua.

Konstituzionalistei alkarrekin erantzun bihar dotsegu abertzaliok. Gehiengo izatiak emoten doskun eskubidia ez deixen aldarri bihurtu. Hitzak laga eta egin ditzagun ekintzak.

Krisiaren aurrean, neurri zehatzak

Krisiari aurre egiteak behar luke gobernu berriaren lehentasuna. PSE-EEk eta PPk egin duten itunean ez da krisiari aurre egiteko neurrien gainean zehaztapenik egiten. Ekonomia arloan ere PPren morroi izango da gobernu berria.

Momentuan dugun arazo larriena dela kontuan hartuta lehenbailehen aurkeztu behar luke alderdi bakoitzak egoera ekonomikoari erantzuteko duen proposamena. Hurrengo lerroetan Aralar-ek proposatzen dituen lau neurri:

1. Kalitatezko enplegu egonkorraren defentsa.
EREen
erabilera sistematikoari ez, batez ere langileekin adostu gabekoei.
Lan-harremanen marko autonomoa aldarrikatzen dugu lan-merkatuaren
erregulazio sozialagoa egingo duena; hau da, kontratazio erregimen
egonkorra eta baldintza duinekoa ezarriko duena, batez ere gazteei,
emakumeei eta etorkinei eragiten dien behin-behinekotasunari eta
prekaritateari atea itxiko diona eta lan banaketa sustatuko duena (35
orduko lan-astea lehenbailehen).

2. Babes soziala handitzea.


Lan galeraren ondorioak arintzeko helburuarekin, langabeziari aurre
egiteko poltsa %50 handitu behar da —horretarako, beharrezkoa da
gizarte segurantzaren eskumena lortzea—, eta pobreziaren kontra,
gizarteratze laguntzak SMIarekin —Diru-sarreren Bermerako Legea—
parekatu behar dira.

3. Inbertsio publikoa, enplegu soziala sortzeko eta sustatzeko.
Azpiegituretarako
obra handiak zentraltasunetik kendu behar dira, eta horri lekua hartu
behar diete enplegua sortzeko eta zerbitzu sozialak zabaltzeko
esku-hartze publikoko egitasmoek. Gastu soziala Europako Batasuneko
bataz bestekoarekin parekatu behar da lehenbailehen. Zenbait arlotako
enpleguak kalitatezkoak izatea lehenetsi behar da, hala nola,
hezkuntzakoak, osasunekoak, pertsona helduen arretarakoak, euskal
kultura laguntzeko zerbitzuetakoak, oinarrizko ikerkuntzakoak,
ingurumen zerbitzuetakoak, nekazaritza ekologikokoak, hurbileko
komertziokoak, elkartasuneko ekonomiakoak, etab. 2008ko Uztaileko
Erakunde-Arteko Plangintza kritikatu behar dugu, baliabide publikoen
gehiengoa eraikuntzara bideratzen duelako.

4. Politika fiskalen berrikuspen progresiboa, diru bilketa handitzeko.

Orain gutxiko erreforma fiskalen joera lehengoratzea


Iruzur fiskalaren kontrako borroka, inspekzio fiskaletarako baliabideak
bikoiztea eta zerga aitorpenak gardenak direla bermatzea, enpresen
kontuen datuak aitorpenekin erkatzea, iruzurragatiko zigorrak handitzea.


PFEZen eta Elkarteen Gaineko Zergaren erreforma, errenta handienak eta
kapitalaren gaineko errentek tasazio handiagoa izateako (AEBn egin dute
jada). Ondarearen Gaineko Zerga mantentzea.

Borroka da bide bakarra

Korrikan parte hartu duen bat baino gehiago minduta ikusi nuen atzo. Lagunak dira, alderdikideak… eta Korrikako testigua hartu orduko entzun dute atzetik “putreak”, “UPN torturatzaile NaBai laguntzaile” eta antzerakoak… Egun hauetan asko entzun den ohiua izan ei da “borroka da bide bakarra”.

Ez nago ados borroka bide bakarra dela esaten duenarekin. Uste dut gutxiengo bat dela herri honetan horrela pentsatzen duela. Ezkerreko abertzaleon artean ere gutxiengo bat dira. Hori horrela dela jakin dezaten, kontrakoa pentsatzen dugunok argi esan behar dugu bide soilik zibilen aldeko apustua dela gurea.

Aberri Eguna ere badator, urtero moduan hasita dago zurrumurrua miliek zerbait esango dutena.

Milien zain egon gabe ezker abertzaleak bere osotasunean konpromisoak hartu behar ditu, hitzetatik ekintzetara pasa. Hartuko ditugun konpromisoek argiak behar dute: ez dugu nahi herri hau arma eta meatxu bidez askatzerik eta ez dugu babestuko arma ekintzarik.

Hitzetatik ekintzetara pasata gure proiektua geldiezina da.

Bloke bat osatu norberak bakarrik?

Hauteskundeak igaro dira, batzuk esaten dituztenak ikusita ezetz ematen duen arren.

EAJ eta Aralarrek gora egin dute. Erabakitzeko eskubidearen alde indar metaketa ezinbestekoa da. Bloke independentistan abertzale guztiok gara beharrezkoak, ezinbestean gora egin dugunak. Hori ondoen botoetan behera egin dutenek jakin behar lukete.

Aspalditik herri honek herri izateko duen eskubidea aldarrikatzen dihardugunok, argi daukagu elkarlana bakarrik dela horretarako bide. Horregatik pozten naiz, lurraldetasunaren erritmoak eta autonomia errespetatzeko pausua eman dutenak ere orain horretaz jabetzeaz.

Orain eta hemen, bi oinarrik egiten dute posible elkarlana: elkar errespetuak eta militarren garaia atzean uzteak. Ezkerrekoak eta abertzaleak garenak elkar errespetutik abiatuta, militarren garaia atzean utzi gura dutenekin elkarlanerako prest gaude.

Indar metaketa: indar pilaketa, indar akumulazioa, indar metatzea, indar pilatzea… Ez dakit nola egin ahal den norberak bakarrik. Indar metaketak ekarri behar luke bloke bat, blokea norberak bakarrik egitearen aukera ere errespetagarria da, baina gauzatzen zaila. Elkarlanerako prestutasunak ekarri du diskurtso zaharkitua.

Bloke independentista norberak bakarrik osatu gura duenarentzat erantzuna hemen: bakarrik ezin da osatu blokerik.

Aralar elkarlanerako prest! Bloke independentistarako prest! Ezkerreko bloke independentistarako prest!

Prest eta zain!