Mankomunitateko turismo zerbitzutik deituta jatetxe, hotel eta nekazalturismoetako ugazabekin batzarra izan genuen atzo. Sektorea eta erakundearen arteko harremana indartu nahi dugu eta euren arteko komunikazioa bultzatu.
Seinalizazio falta: Foru Aldundia.
Errepide nagusietan Debagoienetik igarotzen ari dela jakin behar du gidariak, eta modu batera edo bestera Debagoienean zer topatuko duen jakin. Errepide meharragoetan galdu egiten ei dira bezeroak eta euren etxeetarako bideak seinalizatzeko orduan eragozpenak besterik ez dituzte topatzen. Batzarra eskatuko diogu Foru Aldundiari eta eskutik joango gara Mankomunitatea eta sektorea.
Ekimen falta: Mankomunitatea.
Mundumira igartzen dute. Antzerako ekimenak bultzatu beharra azpimarratu dute, agian herriz herri: pintxo lehiaketak, ardo dastaketak… Sortu edo berreskuratu behar genukela markaren bat: guztiek menuan sartzeko jakiren bat, saltzeko produkturen bat… Informazioa zabaltzeko webgunea eta eskuorriak eguneratu beharra badugula ere gehituko nuke.
Aparkaleku falta: Udalak.
“Goizean bazkaltzeko lekua gordeta dutenak eguerdian deitu izan dute aparkalekurik topatu ez eta beste leku batera doazela” esan du Arrasateko jatetxe bateko ugazabak. Debagoieneko Udalak aparkalekuak kentzen ari gara eta kexu dira. Pentsatzen dut denda, taberna eta kafetegietako ugazabek berdin pentsatuko dutela.
Sortu dugu koordinazio lantaldea. Turismoko arduraduna eta teknikaria egongo gara elkarlanean jatetxe, hotel eta nekazalturismoetako zazpi ordezkarirekin. Lehenengo lana “guardiako jatetxea” martxan ipintzea. Bezero faltan astegunetan gutxi dira afaltzen ematen duten jatetxeak. Hotelak horren kexu dira, bezeroak afaltzeko leku bila ibiltzen dira eta. Adostu dugu astegunetan jatetxe bat guardian egongo dela. Gutuna bidaliko dugu jatetxeeta, izena ematen dutenekin egutegia osatu eta sektore guztiari horren berri eman. Egokiena litzake herriz herri egitea. Ezin bada Debagoien mailan emango ditugu lehen pausuak.