Biktima guztien errekonozimendua

Intxortako Atean egon gara gaur, aldarrikatu dugu Euskal Herrian belaunaldietan, gehiegi luzatzen ari den sufrimenduari  amaiera eman behar diogula. Izan ere, sufrimenduak Euskal Herrian begirada zabala eskatzen du, mina anitza eta alde askotarikoa delako gure herrian.

Ezin dugu jarraitu egun bat gehiago gure sufrimenduaren aurrean elkartasuna eskatzen eta bestearenaren aurrean beste alde batera begiratzen. Bateraezinak diren jarrera horiek gehiegitan ikusten ditugu.

Orainari eta etorkizunera begira, indarkeria eta sufrimenduaren zurrunbiloa eten egin behar dugu. Betiko dinamikekin jarraitzeak betiko erantzunak dakartza: indarkeria, atentatuak batetik, ilegalizazioak, gartzeleratzeak bestetik. Indarkeriaren deslegitimazioan lan egin behar dugu guztiok, eta bereziki ezkerrekoak eta abertzaleok garenok.

Aurrera begiratzeko, ezinbestekoa da, iraganeko zauriak ondo edo ahal den ondoen konpontzea. Inork ez dezala sentitu gizarteak eta erakundeek bazterrean utzi dutela, ahaztuak daudela.

Aurreko legegintzaldian zehar asko aurreratu da indarkeriaren biktimen kontuan. Terrorismoaren biktimekiko Elkartasun Legea onartu da, bere baitan talde armatu guztien biktimak biltzen dituena. Halare, gai honetan arreta handiz aritu behar da guztiak barne hartzen ez dituen lege bat egin izanak konparaziozko bidegabekeriak eragin ditzakelako. Beraz, beharrezkoa zen eta talde armatu desberdinetako biktimek merezitako errekonozimendu instituzionala izatea, erakundeetatik eskaini ahal zaien babes osoa ematea, baina merezimendu berdina duten beste batzuk ere badira eta orain horiei ere zor zaiena ematea egokitzen zaigu:
 
– Aurreko legegintzaldian zehar Eusko Jaurlaritzak ez ditu entzun, ez ditu kontuan hartu frankismoaren biktimen elkarteen eskariak. Nahikoa ez den memoria hsitorikoaren legearen aurrean, eta nahikoak ez diren laguntzen aurrean – batzuk laguntzak jaso dituzte Gizarte Gaietarako Departamentutik (beste askok ezin izan dituzte bete ezinezkoak ziren betebeharrak)- gizarte laguntzak jasotzea baino duinagoa den aitorpen bat eskatzen dute.

– Legetik kanpo geratu dena, motibazio politikoak eragindako indarkeriaren biktimak izanik, talde terroristaren biktimak ez direnak dira. Biktimen legea onartzen zen aldi berean Aralarrek eskatuta Giza Eskubideen zuzendaritzak txostena igorri zion legebiltzarrari beste biktima hauei buruzko errealitatea jasoz. Bertan esaten da gutxienez 109 hildako daudela eta 500 zauritutik gora instituzioetatik inolako arreta eta errekonozimendurik jaso ez dutenak. Erakundeoi dagokigu, gutxienez besteen maila bereko errekonozimendua ematea.

Biktima guztiek dute EGIA, JUSTIZIA ETA ERREKONOZIMENDUA jasotzeko eskubidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude