Mundumira

Debagoieneko Mankomunitatearekin elkarlanean hainbat urtean jardun eta gero, ez dut gustura hartu Mundumira markaren jabeek mahai gainean ipini duten ultimatumma eta erabili duten tonua. Munduko kulturen festak Debagoienean jarraitzeko egoera bideratzeko aukera bazegoela uste dut. Hartu eman askotan ematen da: proposamenari kontraproposamena.

Bizi dugun egoera ekonomikoak zaildu egiten du Mankomunidadeak Mundumirara diru gehiago bideratzea. Erakundeak, enpresak, herritarrak ulertzeko moduko argudioa dela iruditzen zait. Kontuan hartuta hurrengo urteetan Antzuola, Elgeta eta Gatzagari zegokiela Mundumira euren herrian egitea. Kontrapromosamenean jaso zitekeen hurrengo hiru urteetan aurrekontuari eutzi, berriro herri guztietatik Mundumirak bira egitea adostu, eta bigarren buelta horretan aurrekontuan gora egiteko aukera landu.

Jakin bagenekien ez zela erraza Mundumira markako jabeekin adostasunera heltzea, baina adostasuna topatzeko saiakera ez egitea ez dut ulertu. Mankomunidadeko juntak erabaki du negoziatzeko saiakera egin beharrean jaialdi berri bat antolatzeko pausuak ematea. Gehiengoak hala erabaki du eta onartu egin behar. Ez dakidana da Mankomunidadeak gaitasunik duen asmo berriari behar den moduan erantzuteko. Ikusi egin beharko da nork hartzen duen jaialdi berriak izango duen eredua eta helburuaren gaineko hausnarketa lideratzeko ardura. Turismo sailetik, turismoarekin lotutako ekarpenak egingo dizkiogu asmo berriari, baina hartu den erabakiak legealdirako genuen lan ildo nagusienetakoan etete nabarmena suposatzen du.

Mundumira erreferente bihurtzeko Mankomunitateak diru mordoa ipini duenean, Mundumirarekin Debagoiena eta bertako herriak ezagutzera ematen genituenean eta, oro har, debagoiendarrak jaialdiarekin gustura zeudenean, okerra iruditzen zait jaialdi berri baten alde egitea eta zerotik hastea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude