Ezker abertzale politikoaren beharra abertzaleon berregituratzean

Nafarren gehiengoak gura zuen aldaketari sozialistek traizioa egin ondoren; Arabar, gipuzkoar eta bizkaitarren gehiengoak hauteskundeetan esandakoari muzin eginez, eta gehiengoa lortzeko zilegiak diren ideiak legebiltzarretik kanpo lagata, konstituzionalistek Ajuria Eneako agintea hartu duten honetan inoiz baino ageriago dago euskal abertzaletasunak berregituratzeko daukan premia. Jakinda, gure artean kontserbadore eta aurrerakoiak gaudela, argazkian baten edo bestearen ondoan egoteko konplexu zaharkituak atzean laga eta asmatu behar dugu elkartzen gaituzten helburuetan bat egiten. Konstituzionalistak Maltzagan ditugu zain.

Berandu baino lehen adostu beharko dugun estrategian okerra litzake norberak bere alderdi interesei begiratu eta, subiranotasunaren aldeko aldarrian nortzuk egon daitezkeen eta nortzuk ez jokatzen aritzea, erabakia berea balitz moduan. Erabakitzeko eskubidearen alde gauden alderdi eta eragileok indarrak batuta defendatu behar ditugu herri moduan ditugun eskubideak. Batzen gaituenean jardun dezagun batera.

Ez dago, eta ez da egongo, euskal abertzaletasun osoa ordezka dezakeen alderdirik, ahalegin hori errepikatzea antzua litzake. Abertzalegoa berregituratuko badugu, ditugun bi esparru politikoak anitzak eta askotarikoak direla aitortzetik abiatu behar dugu.  Independentziaren aldarrikapena eta bidea abertzaleon artean topatu behar dugun oreka eta lehia horretatik eskuratu ahal ditugu. Eta independentzia bera lortu ondoren ere, Euskal Herriaren balizko independentziaren ondoren, alegia, bi irizpide politikoen ildo horiek, esparru horiek ez dira desagertuko. Hemen jarraituko dute elkarrekin lehian eta orekan. Eta independentziarik gabe ere, dialektika horrek jarraitu egingo du biziak jarraitu egiten duelako eta gizarte honek, euskal gizarteak, bizi egin nahi duelako.
 
Abertzaleok berregituratu beharra daukagun honetan, ezkerra, ezker abertzale politikoa, inoiz baino beharrezkoagoa da. Ezker abertzaleak bere osotasunean barneratuta dauka ETAren aroa bukatu dela. Ideologikoki eta estrategikoki agortu egin da eta agorpen hori atzeraezina da. ETAren ekimenen ondorio politikoak abertzaleon eta, bereziki, ezkerreko abertzaleon helburuen aurkakoak dira. Garai berri bati ekiteko ETAren bukaera duina izatea ona litzateke. Euskal Herriarentzako, eta gizartearentzako, bakearentzako, presoentzako, biktimentzako eta, batez ere, guretzako, ezker abertzalea osatzen dugun gizon eta emakumeontzako.

Aurrera begira, euskal gizartean bakea ondo errotzeak eta elkarbizitza ongi hornitzeak, indarraren erabileraren uztea duina izan dadin eskatzen du. Euskal Herriko abertzalegoak, ezker abertzale politikoak, presoek eta biktimek, eta Euskal Herriaren etorkizunak berak, duintasunezko bukaera hori behar dute. Duintasun hori hiru osagarritan dago: aldebakarreko etena, ordain politikorik gabeko etena eta behin betiko etena. Azken hiru erabakiok hartzea, erabaki ausartena hartzea, ezkerrekooi eta abertzaleoi zor digu ETAk. Zorra kitatzen ez duen artean esan egin behar dugu publikoan etxean, lanean eta lagunekin esaten duguna: Ez gaude ados! Ez gure izenean! Pauso hori gero eta beranduago eman, gero eta okerrago.

Ezker abertzale politikoa dagokion esparru politiko osoa ordezkatzeko antolatu, prestatu eta lehia politikorako adorez egokitzen denean, Euskal Herriko beste
edozein indar politiko adinakoa izango da. Gainditutako eztabaidak, oztopoak eta
trabak edo tabuak alde batera utzi behar ditugu. Ezker abertzalean dauden bi sentsibilitate nagusiak ARALAR-Abertzaleen Batasuna, alde batetik, eta Batasunaren mundua, bestetik, bidegurutzean gaude. Beharrak eraginda baino sinesten dugulako eta gura dugulako egin dezagun aurrera. ELKAR AITORTZAtik abiatuta bost dira bidegurutze horretan dugun korapiloa askatu dezaketen oinarriak.

1- Bide soilik politikoak, BIDE ZIBILA. Amaitu da estrategia militarra. Politikaren erabateko lehentasuna bide zibiletatik, beste inolako baldintzarik gabe. Hauteskundeetan, erakundeetan, gizartean, kalean, lantegietan eta ikastegietan egiten den lehia politikoari zilegitasuna eta lehentasun kritikoa aitortu. Ezker abertzale politikoa mugimendu zibila izango da. Bakarrik zibila. Ez zaio inori kondenaren edo damuaren aitorpen ospetsurik eskatzen ahal. Ez. Beharrezkoa dena da ETA erakundeari argi eta garbi borroka armatua behin betiko utz dezan esatea.
 
2.- Egitura demokratikoa lehenetsi, ZABALA. Abangoardiaren eta lidertzaren helburuen politika maximalistak baztertu. Ezker Abertzale politikoak barne egitura guztiz demokratikoa izan behar du. Demokratikoa bere barnean eta bere jokaeretan. Ez da onargarria gizarteko eragileen erabilera eta telegidaritza.

3.-  ABIAPUNTUA: dugun egoera. Gaur egun gauden eta dugun egoeratik abiatuta saiatuko gara lehia politikoa egiten. Ipar Euskal Herria, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa erabaki esparruak direla onartuta eta ibilbide, edo estadio autonomikoa, aintzat hartuta, nahiz eta abertzaleontzako ez izan osagarria.

4.- EZKERREKOA. Zalantza barik erakundeetan parte hartu behar du ezker abertzale politikoak. Egon egin behar gara erabakiak hartzen diren gune guztietan, herritarrei zabaldu egin behar dizkiegu erakundeetako ateak. Erakundeetan eztabaidatu behar dugu gizarte honetan bultzatu gura dugun eredu ekonomiko eta soziala.

5.- Euskal Herriak dituen eskubideak defendatu behar ditugu ABERTZALEAK garelako. Euskararen herria libre izango da, abertzaleok elkarlanean jarduteko gai bagara. Herri honek dituen eskubideak onartu gura ez dituztenei ezin diegu aitzakiarik eman. Hitza da abertzaleon arma bakarra, arma eraginkorrena. Elkarlana gure eskuetan dago, hondora bagoaz ez ditzagun errudunak kanpoan bilatu.

Abertzaleok derrigorrezkoa dugun berregituraketan ezinbestekoa da ezker abertzale politiko indartsua, erabaki propioak hartzeko gai dena, aurrera bidean zintzo sinesten duena. Gu ibiltzen ari gara. Bagoaz aurrera bidean. Bidelagunak izango ditugunaren esperantza badugu. Ez gara inoren zain egongo.

2 erantzun “Ezker abertzale politikoaren beharra abertzaleon berregituratzean” bidalketan

  1. Abangoardiaren eta lidertzaren helburuen politika maximalistak baztertu” vs. “Gu ibiltzen ari gara. Bagoaz aurrera bidean. Bidelagunak izango ditugunaren esperantza badugu. Ez gara inoren zain egongo

  2. Nahi dugu eraiki zabala eta zibila izango den ezker abertzalea. Egotea gura duenak egoteko aukera izango duena. Sensibilitate eta eragile desberdinak elkar aitortuko garen ezker abertzalea. Egingo duguna denon artean eztabaidatuko den gunea, agintaritza militarrik onartuko ez duena. Hortxe abangoardia baztertzearen arrazoia.

    Bitartean: ez gara geldi egongo, gure bidea jorratuko dugu. Denbora badoa, beti da berandu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude