Atez ate: eman hitza herriari.

Aralar Debagoieneko herri guztietan atez ateko sistema
ipintzearen alde dago. Horrek eskatzen du plangintza estrategikoa
egitea, ekintza plana eta bideragarritasun txostena. Hiru urtean egin
ez dena hiru hilabetean egin gura da eta ez zaigu aukera ona iruditzen.
Herritarren ohiturak egun batetik bestera ezin dira aldatu, gainera
atez atekoarendako kalterako izan daiteke. Usurbilen adibidez, behar
zen denbora hartu zuten gaia behar den moduan landu eta atez atekoa
ganoraz martxan ipintzeko eta pentsatzen dugu Debagoienean gaiari
arduraz heldu nahi badiogu behar den denbora hartu beharra daukagula.
Teknikarien artean ere denerako iritziak daude eta erabakiak ondo
hartzeko guztiak entzun beharra dago.

Aralarren sinesten dugu herritarren parte hartzean eta uste dugu
debagoiendarrekin zabor kudeaketan dauden aukerak aztertu ostean
galdetu egin behar diegula euren iritzia. Informatu eta galdetu. Atez
atekoa defendatzen dut, baina jakin nahi dut zein den elgetarren
iritzia, hitza eman elgetarrei eta berdin gainontzeko herrietan.
Usurbilen ere egin zuten galdeketa eta uste dut Elgetan eta
Debagoienean ere egin beharra dagoela, eta horren arabera eranbakiak
hartu. Hori da herriari hitza ematea.

Presa ez da lagun ona erabakiak ondo hartzeko. Atez atekoa bultzatu
nahi dugu herritarrekin batera eta horrek denbora eskatzen du. Gauzak
ondo egin gura ditugu eta herriari hitza eman, horrek denbora eskatzen
du eta ezinezkoa ikusten dut legealdia bukatu aurretik Elgetan atez
atekoa ipintzea. Hala ere, hurrengo asteetan landuko da gaia gure
udaletxean talde bakoitzak bere iritzia eman dezan. Ondoren etorriko
dira erabakiak herriz herri.

4 erantzun “Atez ate: eman hitza herriari.” bidalketan

  1. Kaixo, Oxel. Mingotsa da zuen ahotik hainbat gauza entzutea, jakinda zenbat lan egiten ari garen eta zein baldintza zailetan hondakinen atez ateko bilketa selektiboa bultzatu eta Donostiako erraustegia gelditzeko. Ikusi ditugu Goienkariaren maniobrak ere gauzak aldrebesteko, eta horrek ere kezka piztu du nigan. Ni atez ateko ezarpenetan lanean aritu naizen langilea naiz, informazio bulegoan herritarrak hartzen. Herritarrekin lan egitea delizia izan da, eta emaitzak ikaragarriak, baina goitik erori zaiguna oso gogorra. Zuengandik ere matraka gaizto bera etortzea ere gogorra da. Ezin dut ulertu.

    Eman hitza herriari, diozu. Zergatik ez diezue hitza eman irundarrei 5. edukiontzia ezartzeko? Edo 5. edukiontzia ezarri den beste edozein herritako herritarrei? Zergatik atez atekoan bai eta 5. edukiontzian ez? Izan ere, eman hitza herriari ez dagokio soilik atez atekoari. Izatekotan, hondakinen kudeaketari dagokio bere osoan. Eusko Legebiltzarrean erraustegiaren aurka aurkeztu ziren 35.000 sinadurak begiratu ere ez dituzte egin. Hau da gure testuingurua, eta ezin duzue ignoratu.

    Irun aipatu dudala, jakin nahiko nuke zergatik ibili diren hango Aralarko zinegotziak atez atekoari buruz gaizki esaka behin eta berriz, jende gutxik egin duen gogortasunarekin gainera. Eta zergatik aritu zareten esaten atez atekoak eta 5. edukiontziak emaitza antzekoak ematen dituztela. Atez atekoak 300gr/biz/egun biltzen ditu; 5. edukiontziak, berriz, 30gr/biz/egun.

    Atez atekoaren ezarpenei dagokionez, hiru egin dira dagoeneko, eta orain ari gara ondorioak ateratzen. Ondorioetako bat, Italian konfirmatu ahal izan duguna, hauxe: nahikoak dira lau hilabete prozesua ondo bideratzeko. Usurbilen, lehena izanik, urratsen arteko epeak luzatu ziren segurtasun-tarte bat izateko. Baina bai Hernanin, segituan konturatu ginen luzeegiak zirela. Oiartzundik ere gauza bera esan dute. Bestalde, hainbat komunikabideen eraso bortitzei erantzun beharrak ere indarrak ukitu dizkigu, eta alderdi batzuetan beste batzuetan baino ahulago ibili gara. Eskatu nahi nizuke hau ulertzen saiatzea, eta ez erabiltzea zure alde.

    Oxel: galdeketak Diputazioaren trikimailua dira. Komunikabide nagusiek iritzi publikoaren gainean daukaten indarra baliatu nahi dute. Usurbilen galdu egin dute, bai, baina guk gorriak pasa ditugu garaipen hori lortzeko, eta lana erruz egin. Zergatik galdeketa? Atez atekoa zerbitzu aldaketa bat besterik ez da. Ez dauka ingurumen afekziorik; ez dauka aurrekontu handirik; ez du inoren jabego pribaturik edo publikorik kaltetzen… Ez dago inolako motiborik.

    Esaten duzu Debagoienan atez atekoa ezartzearen alde zaudela, baina ezin dela dena orain egin korrika eta presaka. Nor ari da etengabe epeak luzatzen Debagoienan? Zuek! eta zu bereziki, ikusten ari naizenaren arabera. Eta Debagoienan ez, eta Hernanin ere ez, nonbait. Hernanin ere horixe bera esan baituzue, gauzak azkarregi egin direla, eta ez da egia. Hau ez da puritanismo metodologikorako unea. Aitzakia merkeegia da hori egoeraren argitara.

    Oxel, gai honetan epeak garrantzitsuak dira. NIMBY efektuaren eragina pasa zenetik, gainbeheran joan den mugimendua gora etorri da berriz, eta presa daukagu tonak kentzeko erraustegiari. Hauxe da unea olatua handiagoa egiteko, bultzatzeko. Zuek bultzatzen laguntzen baduzue, moratoriaren aukera politikoa gero eta argiagoa izango da.

    Herriz herri galdetzea nahi duzu. Zer galdetuko duzu? Kontaminatzeko eskubidea ba ote dugun? “El que contamina paga” horretatik alde egin beharra dago. BPri kontaminatzeko eskubidea eman zaio Mexikon, eta hori ez da bidea. Ezin dugu desastrea kudeatu. Desastrea saihestu egin behar dugu. Etxeko bilketa selektiboak derrigorrezkoa izan behar du, umeak eskolatzea edo lantokian kaskoa erabiltzea derrigorrezkoak diren bezala.

    Adorez,
    Xabat.

  2. oxelek ezker abertzaletik datorrenari bizkar ematen dio beti. Eztabaida guztietan ezker abertzalea izan du etsai. Eta oraingoan ere berdina ari da egiten. Eta goienkaria ere errezeloz hartzen ari da guzti hau. Ikustea besterik ez dago goienkarian ateratako artikulua.

    Baina neri behintzat iada ezerk ez nau harritzen.

  3. Ikusi ditugu Berria egunkariaren maniobrak, egiak ez diren informazioak
    egiatzat ematen. ikusi ditugu filtrazio interesatuak, komunikabideen,
    alderdien eta herritarren iritzia baldintzatzeko. ikusi ditugu sareko
    hedabide lokalak Berria-ren informazioa kontrastatu barik zabaltzen…
    Benga, mutilak, maniobrak zuenak. Utzi besteak bakean! Ni ere ez naiz
    ezertaz harritzen!

  4. Xabat jaunari erantzunez,

    Irun aipatzen duzu, eta horren harira atez atekoaren kontra gogor egin dugula esan. Argi geratu zait norbaitek norbaiti kontatu zionaren berri eman dizula hirugarren batek.

    Irunen soilik ez, Oarso-Bidasoako Aralarrek urteak daramatza zaborren gaia lantzen. 2003an Oiartzungo udalean ordezkaritza eskuratu genuenean iadanik errauskailuaren aferarekin topo egin genuen.

    Jakizu ere, Aralarren barne hausnarketan prexixamente gu, Oarso-Bidasoako aralarkideok izan ginela gehien landu, eta gehien borrokatu ginenak gainerako aralarkideei gai korapilotsu honen gainean jarrera egokiena hartu zezaten.

    Bitartean Xabat, zu, seguruenik Oarso-Bidasoan oso gai sensiblea zenarekin ez zenuela ordu erdi bakarra ere galdu, hausnartzen, ikasten, borrokatzen.

    Ez Xabat, gu ez gaude atez atekoaren kontra, EZ, guk gure herrietan egokien ikusten dugun sistema defendatzen dugu. Baina ez gaur, eta ez atzo, ez. Duela dexente denbora motel.

    Gu, Oarso-Bidasoako aralarkideok, Hondarribian nahiz Oiartzunen, edo Oreretako Landarbason eraiki nahi omen ziren errauskailuak borrokatu genituen. Zu auskalo zertan zenbiltzanean, zaborren gaia arrotz eta iluna zelako beste eskualde batzuetan agian.

    Gu, Xabat, San Marko zabortegia ixtearen alde jarri ginen hasieratik eta zintzo. Herritar mugimenduari erakundeetako ateak ireki eta PSOE-tik hasi eta Batasunara arte gezurretan ibili zirenen gezurrak agerian utzi genituen. Bai, Xabat, Zabortegiaren itxiera errauskailua eraikitzeko helburua babestu zutelako PSOE, PNV, PP eta EA-k. Guk horri buelta eman genion, eta ez erraustegi eta ez zabortegi defendatu genuen… eta aspalditik lantzen gabiltzan gasifikazioaren planteamendua azaldu eta defendatu dugu. Eta Xabat, EB eta ANV-k transferentzia estazioaren kameloa tragatu zuten. Guk hasieratik ezan genuen, transferentzia estazioa=zabortegia…

    Xabat, EB eta ANV-k San Markoko Mankomunitatea eskuratu zutenean Berunera etorri zitzaizkigun. 2007ko ahuteskunde osteaz ari naiz. Bertan Auzo Elkartea, San Marko Plataforma eta Aralar geunden. Beraien proposamena izan zen: atez atekoa jartzen lagundu behar diguzue, eta zabortegia itxi dadin eskatzen jarraitzeak funtsean errauskailuaren alde egitea da.

    2007tik aurrera Xabat, PSOE-tik hasi, ANVra arte, eskualdeko alkate eta alderdiok Zabortegiaren itxiera irudikatu zuten. Gaur egun irekita jarraitzen du. Denei interesatzen zitzaien maskarada hura…

    Antzarrak ferratzera bidali genituen Ortega eta Azpiroz, eta arrazoiarekin. Usrubilen hainbatetan egon naiz, eta beti gelditu zait argi Orereta, Irun, Pasaia, Donostia eta holakoetan atez atekoa INBIABLEA DELA. Ez soilik konzientzia faltagatik, a ber non demontre jartzen dituzun kuboak 10 solairuko eraikinetan, solairu bakoitzak 4 edo 5 ate ditunean…

    Eta guk esan duguna, Xabat, kontsulta baten beharra dagoela herri ezberdinetan. Eta Irunen esan duguna da 2006an bostgarren edukiontzia proposatu genuela (orduan atez atekoa zer zen ere ez zenekien zuk Xabat seguru nago), eta erantzunik izan gabe orain 2011rako iragartzen zela.

    Eta guk esan duguna, Xabat, ez dugula onartuko bostgarren edukiontzia eta atez atekoa kontrajartzea, konpatibleak direlako.

    Eta guk esan duguna, Xabat, atez ate, nahiz kontenedoreak bilketa sistema direla…eta bi sistema horien defentsan dabiltzanak tratamendu bezela zabortegia edota erraustegia kontenplatzen dutela.

    Eta guk esan duguna, Xabat, bilketa eta tratamendua ez direla nahastu behar. Zabortegi edota erraustegirik nahi ez dugunez. Gasifikazioa defendatzen dugu, eta transferentzia estazioak pabilioi industrialetan jartzea…

    Beraz Xabat, batek beste bati esan diona kontatu dizun hirugarren horri esaiozu hemerotekan begiratu eta Oarso-Bidasoako Aralarren posizionamenduak tentuz irakurri ditzala.

    Eta bukatzeko, Aralarrek Irunen, 25 zinegotzitik bakarra du. Eta, beraz, zaila da Irunen 5.edukiontzia ezarri izana gu geuk. Hori ere, hemerotekan begiratu…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude