Hori hamaika urte barru izango da. Luze, beraz. Baina ailegatuko da.
Edo, honela jarraitzen badugu, ailegatuko zaigu. Beste hainbeste data
(1982ko Munduko Txapelketa, 1992ko Olinpiar Jokoak) heldu eta gainetik
pasa zitzaizkigun bezala.
Aurtengo eskaintza: egin dezagun polo subiranista, horrela
erakundeak ikusiko du «beste bide bat» badagoela, eta bere jarduna eten
egingo du. 2 x 1 hoberik ikusi al du inork inon? Nola esan ezetz
eskaintza horri? Alde batetik, behar-beharrezkoa dugun indar metaketari
bidea emango genioke, Monzonen Maltzagarako bideari ekingo genioke,
abertzaletasuna horren premia betean dagoenean. Bestetik, borroka
armatuaren ziklo agortu eta gainditua iraganeko kontu bilakatzeko
aukera ere ematen digu eskaintza horrek: abertzaleontzat kaltea baino
ez dakarren iraganeko eskema zokoratzeko aukera.
Izan ere, erakundeak, ikusirik euskal gizarteak bere gain
hartzen duela erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokaren zama, bidea
emango liguke guztioi. Horixe da bolo-bolo dabilen teoria.
Euskal Herria, beste askotan legez, Euskal Autonomia
Erkidegoarekin parekatzen dute proposamen hori egiten dutenek.
Mendebaldetik eta mendebaldera begirakoa. Ikuspegi murritza, beraz,
baita geografiari dagokionez ere.
Nafarroan, aspaldi batu dira nafarrek erabakitzeko eskubidea
dutela aldarrikatzen duten alderdi gehienak. Nafarroa Bai osatu zuten,
gobernu-alternatiba bilakatu -jeltzaleak ordezkatzea ameskeria liteke
mendebaldean, baina eztabaidagai ere ez da ekialdean- eta erabakitzeko
eskubidearen aldekoen indar-metaketa eta elkarlana eguneroko ogi
bihurtu. Erakunde armatuak berandu baino lehen hartu beharko lukeen
erabakiaren zain geratu gabe.
Ipar Euskal Herrian errazago izan zuten elkarlana abiatzeko
orduan: Ipar Euskal Herrian gatazka politikoa dago -Hego Euskal Herrian
dagoenaren berdina-, erabakitzeko eskubidea ukatzen zaigu -Hego Euskal
Herrian ukatzen zaigun bezala-, baina autonomiarik ere ez dute, Hego
Euskal Herrian ez bezala. Baina han ez dago borroka armaturik. Egon
zen, frogatu zen antzua zela, bazterrean utzi zen. Horregatik, Ipar
Euskal Herrian aiseago izan zen polo subiranista abian jartzea,
funtsezko bi baldintzak ematen direlako: borroka armaturik eza, eta
esklusiorik eza; inork ez zuen inor kanpoan utzi. Kanpoan jeltzaleak
geratu ziren, hala erabaki zutelako.
Ariketa xume hori da Enamek egin nahi ez duena: frogatu da
borroka armatua antzua dela, erabakitzeko eskubidearen alde gaudenoi
kalte egiten digula, bai Euskal Herrian -indar metaketa oztopatu egiten
duelako eta etsai politikoari ematen diolako zilegitasun demokratikoa,
abertzaletasunari ukatuaz- bai Euskal Herritik kanpora ere, nazioartean
«terrorismoaren» aitzakiarekin Espainiak nahi duen oro egiteko
askatasuna lortzen duelako.
Aralarrek aspaldi egin zuen hausnarketa hori. Eta hausnarketa
orori dagokion legez, ondoren erabakia hartu zuen: inoren zain ez
geratzekoa. Horregatik bultzatu genuen Nafarroa Bai koalizioa,
horregatik txalotu dugu Ipar Euskal Herriko Euskal Herria Bai
koalizioa. Ez dagoelako inoren zain geratzeko astirik.
Horregatik, Mendebaldean gure bideari ekin genion eta
horretan jarraitzen dugu, eskua luze elkarlana nahi duen guztiari eta
gure jardunaren minutu bat ere ez eskainiaz gu baino puruagoa dela uste
eta bazterrean utzi nahi gaituenari.
Bide horri ekingo diogu, indarrak batzeko bideari. Inor
bazterrean utzi gabe, baita inor bazterrean uztea normaltzat onartu
gabe. Ez da kasualitatea, geure burua ezkerreko eta abertzaletzat dugun
bi alderdi elkarrekin joatea Europako hauteskundeetara: Aralar eta
Eusko Alkartasuna. Horixe da indar metaketa eguneroko jardunarekin
egitea; hori, ezker abertzale zibil eta zabalaren aldeko apustua
teoriatik praktikara eroatea. Bide hori nahi duen edonori dago
irekirik. Ez erakundeak jantzi militarra uzteko aitzakia bat behar
duelako, baizik eta herri honek, aurrera egiteko, beste biderik ez
duela sinesten dugulako. Aurrera egitea, abangoardiarik gabe: nor gara
gu, nor da inor, subiranista zein den eta zein ez den erabakitzeko?
Maltzagarainoko bidean, elkarrekin joan gura dugun guztiok abiatu
beharko genuke, ez euren burua buruzagitzat hartu eta gidari lana
hartzea erabaki duten batzuek gustukotzat dituztenak bakarrik.
Denborak arrazoia eman digu duela ia hamarkada bat egin genuen
apustuan. Denborarekin, herritarren babesa ere etorri zitzaigun eta
etortzen ari zaigu. Herri honek beste oinarri batzuk behar zituela
adieraziz egin genuen sortze-agiria, eta sorrera-arrazoi haiei fidel
jarraitzen dugu lanean. Ez gara gu etorkizunaren beldur, ezker
abertzale zibil eta zabala denbora kontua delako: zenbat eta arinago
hartu batzuek, aspaldi hartuak behar zituzten erabakiak, orduan
arinago. Eta, hainbaten, zabalago ere bai. Ala ezkerretik ere jarraitu
nahi dugu aurre egiteko planteamendu guztiak 2020rako egiten?
Autokonplazentzia da alderdi politiko guztien gaitzik nabarmenena.
Beharbada, Europako hauteskundeen ondotik idatzia izan balitz, beste tono batez eta errealismo handiagoz osatua legoke idatzia.
Ezker abertzalearen jokabide menpeko, sektario eta esklusibistaren bidean ez goaz inora, baina Aralarrek ere asko du zuzentzeko.
Nabaizaletasun itsua adibidez. Nafarroa bai eredu gisa EAEn saltzea badagoen bezala, Nafarroan nekez aipatuko luke inork halakorik, zatiketaren, alderdikerien eta inkoherentzia ideologikoaren eredu bilakatu baita, boterean egon gabe ere. Gero eta lotsagabeago, AHTren edota eredu ekonomiko neoliberalaren defendatzaile, Nafarroa bairen aldeko apustu egin zuen ezkerreko jende askok non sartu ere ez daki… bere bozka.
Beharbada erabakitzeko eskubidea defendatzeaz gain badaudelako beste eremu asko, hori bezain garrantzitsuak edo gehiago, eskuinak (EAJ-EA) eta ezkerrak (Aralar?, Batzarre) partekatu ezinak direnak. Dela garapen jasangarriaz eskuinak eta ezkerrak ulertu behar luketena (Nafarroan bat omen datozen arren), dela gizarte ereduaz edo diru publikoen kudeaketaz, eta abar, eta abar.
EAEn Aralarrek aurrera eraman dituen zenbait ekimen, irudika ezinak dira Nafarroan. EAJ eta EA ez lirateke sekula hortik pasako. Nafarroako Aralarren agintzen dutenek ere, ez dakit interes handirik izango ote luketen zenbait jokabide ustel edo dudazko salatzen.
Asko dago egiteko, hobeto egiteko gehien-gehiena. Apaltasunarena da alderdi politikoek, baita Aralarrek ere, gainditu beharreko lehen erronka.